#GaiNagusiak

Hamaika herrialdek Azti-Tecnaliak garatutako software bat erabiltzen dute itsas hondoa aztertzeko

Noiz argitaratua: 12/06/05 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Informatika #Ingurumena #Lurraren zientziak
 AMBI

Azti-Tecnaliak garatutako software bat da itsas hondoetako faunaren eta floraren egoera aztertzeko metodorik erabiliena Europako herrialdeetan. Tresna informatiko hori ofizialki erabiltzen dute Europako hamaika herrialdek, eta munduko edozein txokotako itsasoen eta estuarioen egoera ekologikoa aztertzeko aukera ematen du, hondoetako laginetatik abiatuta. Software horrek planetako itsas hondoetako 6.000 animalia- eta landare-espezie baino gehiagoren datuak biltzen ditu. Horrenbestez, nazioartean oihartzun handia izaten ari da.

Azti-Tecnaliak garatutako tresna hori mundu osoko itsas ingurunearen kalitatea zehazteko lagungarri izaten ari da. Halaber, itsasoko eta itsasertzeko poluzioari aurre egiteko tresna erabilgarria izango da. http://ambi.azti.es webgunean deskargatu daiteke doan. AMBI (Azti’s Marine Biotic Index — Aztiren Itsas Indize Biotikoa) du izena, eta M-AMBI izeneko aldaera bat du, Uraren Direktibaren Esparrura egokitua, hain zuzen ere. Azken hori Espainian, Frantzian, Alemanian, Italian, Bulgarian eta Errumanian erabiltzen dute ofizialki. Beste bertsioa Danimarkan, Britainia Handian, Irlandan, Portugalen eta Eslovenian erabiltzen dute. Bi metodo horiek Angel Borja Biologian doktoreak eta Azti-Tecnaliako itsas ingurunearen kudeaketaren alorreko kideak zuzentzen dituen ikerketa-talde batek garatu ditu.

AMBI Europa mailan erabiltzen dute, eta AEBn, Txilen eta Txinan hura ofizialki erabiltzea aztertzen ari dira. Bestalde, Naturaren babeserako WWF erakundeak proposatzen du AMBI sistema izokinen hazkuntzarako adierazle gisa erabil daitekeela. Izan ere, tresna eraginkorra da jarduera horren inpaktua neurtzeko itsas ingurunean, eta jarduera hori behar bezala zuzentzeko.

Halaber, zenbait herrialdek AMBI eta M-AMBI sistemak Europako Itsas Estrategiaren Direktiban erabiltzeko aukera aztertzen dihardute. Hain zuzen, bi metodo horiek itsas ingurunean gizakiok egiten ditugun makina bat jarduera —hala nola isuriak, dragatzeak, azpiegiturak, aridoen erauzketa edota akuikultura-instalazioak— kontuan hartuta garatu dituzte. Bi tresna horien inguruko hainbat argitalpen, txosten zientifiko eta doktore-tesi argitaratu dituzte han eta hemen.

Bentosaren azterketa ekologikorako balio erantsia

AMBIk eta M-AMBIk balio erantsia eskaintzen diote bentosaren azterketa ekologikoari (itsas hondoan bizi den fauna eta flora). Izan ere, haien egoera eta aldakuntzak neurtzeko gai dira. Horrenbestez, itsasoko eta itsasertzeko poluzioari aurre egiteko datuak lortzeko aukera ematen du.

Bentosaren egoera neurtzeko, AMBI metodoak bost talde ekologikoren arteko proportzioak kalkulatzen ditu; poluzioarekiko sentikorrak diren espezieak, poluzioarekiko epelak diren espezieak eta lehen eta bigarren mailako espezie oportunistak (asaldatutako tokietan gehiago hazten edota garatzen diren horiek). Ikertzaileek itsas hondoaren laginak hartzen dituzte, eta jasotako espezie bakoitza bost talde horietako batean sailkatzen du softwareak. AMBI softwarea bereziki zehatza da hautaketa horretan. Izan ere, mundu osoko itsasoetako 6.000 animalia- eta landare-espezie baino gehiago ditu erregistratuak, baita horietako bakoitza zein talde ekologikori dagokion ere.

Tresna deskargatzeko: http://ambi.azti.es/
 

Informazio osagarria

  • AMBI, Azti-Tecnalia
Irantzu Zubiaur

Egilea: Irantzu Zubiaur (AZTI-Tecnalia )

Laguntzailea: