#GaiNagusiak

Garuna izerditu gure burua lirainago ikusteko

Noiz argitaratua: 12/05/22 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Gizarte-zientziak
 Inge Axpe Saez, tesiaren egilea.

Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologia Saileko zenbait ikertzailek Pozik zure itxurarekin? izeneko programa diseinatu dute. Nork bere gorputza eta aurpegia maitatzen ikasteko tresna bat da, autokontzeptu fisikoa hobetzeko egitasmoa. Horrelakoak aplikatzea nahiko arrunta da ikastetxe eta institutuetan, baina hau desberdina da. Programa honetan parte hartzen duen ikasleari ez zaio halako edo bestelako jarduera fisikoa egiteko agintzen. Alor kognitiboa izerditu behar da hemen: pertzepzioak berregituratu, gure itxuraz dugun kontzientzia errealistagoa izan dadin. Inge Axpe da programa horren diseinuan jardun duen ikertzaileetako bat, eta programa horren eta harekin izan duten esperientzia pilotuaren berri eman du UPV/EHUn defendatu duen tesian: Diseño y evaluación de un programa para la mejora del autoconcepto físico (Autokontzeptu fisikoa hobetzeko programa baten diseinua eta ebaluazioa). Zenbait artikulu plazaratu ditu, besteak beste Revista de Psicodidáctica aldizkarian.

Lehenik, 21 epailek, hamaika epaile legok eta hamar adituk, programa ebaluatu eta onetsi dute, eta 813 ikasleri aplikatu zaio gero. 495ek aktiboki jardun dute esperientzia honetan, eta besteek kontrol-lanak egin dituzte. Halakoetan, Lehen edo Bigarren Hezkuntzako ikasleekin egin ohi da lan, baina horretan ere desberdina da egitasmo hau. Leioako Irakasleen Unibertsitate Eskolako ikasleak izan dira aztergai. Azken finean, haiek izango dira etorkizuneko haur eta nerabeen irakasleak, eta haien autokontzeptu fisikoa hobetzen laguntzeko, Axpek uste du komeni zaiela aurrena eskola praktikoak jasotzea, “kontu honetan zerikusia duten aldagai guztiak ezagutu ditzaten, eta ohartu daitezen gazteentzat zer garrantzitsuak diren eta nola lagundu beharko lieketen haiek lantzen”.

Prozedura

Programa zenbait etapatan bereizita dago: jarduera fisikoa, ohitura osasuntsuak, kanpo-eraginak… Haietako bakoitza jorratzeko prozedura bertsua da. Lehenik, ikaslearen interesa erakartzen da testu batzuen irakurketaren bitartez, eta galdera batzuk egiten zaizkio hausnarketa sustatzeko. Jarraian, adibidez jarduera fisikoaren etapaz ari bagara, kirola egiten duten aitortu behar dute, hots, etapa horretan beren burua kokatu. Gero, gaztearen kontzientzia piztearren, pentsamendu desegoki batzuk zerrendatzen ditu programak, adibide errazen bitartez. Axpek azaldu bezala, akatsak orokortzeko joera da pentsamendu desegoki horietako bat: “Esaterako, pertsona batek bere sudurra handiegia dela uste duenean, eta hortik gehiegizko orokortzea egin eta itsusia dela dioenean. Alternatibak jartzen dizkiogu: gazteari esaten diogu hori aldatzen saiatu beharko genukeela, eta agian ez dagoela oso pozik sudurrarekin, baina oso begi politak dituela”. Laburbilduz, programa honek berregituraketa kognitiboa eragitea du xede, eta autokontzeptuan aldaketak ahalbidetzea.

Esperientzia pilotu honen arabera, programan parte hartu duten ikasleek hobekuntza-zantzuak dituzte autokontzeptu fisikoan. Lehen emaitza horiek ez dira aski estatistikoki desberdintasun esanguratsua dagoela esateko, baina Axpek dioenez, programak erakutsi du baduela potentziala autokontzeptu fisiko desegokien gainean kontzientziatzeko, bai eta horretan eragiten duten aldagaiak identifikatzeko eta hura aldatzen laguntzeko ere. Gakotzat jo du irakasle izango diren unibertsitateko ikasle horien trebakuntzan horrelako tresnak txertatzea. Eta programa haur eta nerabeei ere aplikatzeko modukoa dela uste du, moldatzen bada: “Adin guztietarako egokitzapena egin beharko litzateke, hori litzateke asmoa. Moldaketa egitea, materialak egokitzea, eta egiten diren heinean, ebaluatzea”.

Egileari buruz

Inge Axpe Saez (Bilbo, 1979) Psikologian lizentziaduna da, eta bi master ditu, Psikodidaktikan eta Talde Psikoterapia Analitikoan. UPV/EHUko Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologia Saileko bi katedradunen zuzendaritzapean idatzi du tesia: Alfredo Goñi Grandmontagneren (Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea) eta Ana Arribillaga Iriarteren (Leioako Irakasleen Unibertsitate Eskola) gidaritzapean, hain zuzen. Axpe bera sail horretan da irakasle gaur egun, Leioako Irakasleen Unibertsitate Eskolan. Ikerketa-lan hau ‘Autokontzeptua eta doitze psikosoziala’ izeneko EDU2009-10102 proiektuaren esparruan egin du.

Informazio osagarria

  • Inge Axpe Saez, tesiaren egilea., Luis Jauregialtzo / Argazki Press
  • Inge Axpe Saez, tesiaren egilea., Luis Jauregialtzo / Argazki Press
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: