#GaiNagusiak

Futbolariak geolokalizatzen

Noiz argitaratua: 12/05/15 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Informatika #Osasuna #Teknologia
 Tesiaren egilea, David Casamichana.

GPSak ez ditu noraezean dabiltzan gidariak bakarrik orientatzen, beren futbolarien errendimenduari dagokionez galdu samar dauden entrenatzaileak ere bai. Azelerazioa, batez besteko abiadura zein abiadura maximoa, ibilitako distantzia… “Jokalarien desplazamenduen berri izateko aukera onargarria, fidagarria eta eraginkorra da”, dio David Casamichanak. Izan ere, ikertzaile honek defendatu berri duen tesian, GPSa futbolera aplikatzeko modukoa dela eta emaitza onak ematen dituela frogatzen da; UPV/EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatean darabilten gailuaren modeloaz ari da, zehazki. Haren lanak izenburu hau du: La tecnología GPS aplicada a la evaluación del entrenamiento y la competición en fútbol (GPS teknologia futboleko entrenamendu eta lehiaren ebaluazioari aplikatua). Lanak aukera eman du zenbait artikulu argitaratzeko; haien artean, Journal of Sports Science aldizkarian plazaratutakoa da aipagarriena.

Ikerketa honetan balioztatutako GPS-modeloak MinimaxX v.4.0 du izena, eta 10 Hz-eko lagintze-frekuentzia igortzen du; segundoko hamar datu ematen ditu gailua daraman jokalariaren posizioari buruz. Horrexegatik aukeratu zuten, bere garaian horrek eskaintzen zuelako lagintze-frekuentzia handiena. “Merkaturatu zituzten lehen gailuek datu bat ematen zuten segundoko. Kasu horretan, mugitzen bazara eta berehala abiapuntura itzultzen bazara, sistemak ulertuko du ez zarela mugitu”, azaldu du Casamichanak. GPSaren balioak eta fidagarritasunak gora egiten dute lagintze-frekuentzia handitzen den heinean, jakina, baina egiaztatu beharra zegoen, orain arte inork ez baitzuen egin modelo zehatz horren baliagarritasun-azterketarik. Ikerketa honek frogatu du oso fidagarria dela, eta, 15 metroko lasterketa azkarretan ere, baliagarritasun nahikoko edo handiko emaitzak ematen dituela.

Azelerazioa, adierazle

Casamichanak Rayo Cantabria Santanderreko futbolariekin egin du lan azterketa honetan (Hirugarren Mailako talde semiprofesionala da); entrenamenduetan eta lagunarteko partidetan erabili dute GPSa. “FIFAk debekatu egiten du txapelketetan erabiltzea, talde pobreenei kalterik ez egitearren, eta, beraz, lagunarteko partidetan baino ezin dugu probatu sistema”, argitu du.

GPSaren beraren fidagarritasuna ez ezik, hori erabilita lortutako karga-adierazleena ere egiaztatu du. Ahaleginetan ari den jokalari baten egoera fisikoa irudikatu behar duten zifrak dira karga-adierazleak, eta oso baliagarriak dira prestatzaileentzat, jokalariak ebaluatu ahal izateko. Adibidez, entrenamendu batean ibilitako distantziatik abiatuta lor daiteke adierazle on bat, edo nekea zenbaterainokoa den islatzeko gai den edozein datutatik. GPS horren bitartez egindako adierazle-kuantifikazioak emaitza txukunak eman ditu. Baina, gainera, gailuak azelerometro bat duenez, horri esker beste adierazle bat lortu eta balioztatu dute, eta tribunalak oso begi onez ikusi du. “Tribunaleko kideetako batek esan zidan nire tesian garrantzitsuena zera zela: bide berri bat urratu dela ibilitako distantziak aztertzeari utzi eta kirolarien azelerazioei erreparatzeko”, dio Casamichanak.

Profila, kokapenaren arabera

Sistemaren eta metodologiaren baliagarritsuna egiaztatuta, azterketan bildutako informazio interesgarria ere badago ikerketa honetan. Esaterako, jokalarien zelaiko postuaren araberako profil fisikoa. Lortutako datuetan oinarrituta, Casamichanak azaldu du erdiko atzelariek eta aurrelariek egiten dutela distantzia txikiena, eta erdilariek handiena. Esprintean egindako distantziari dagokionez, berriz, erdilariak azken postuan daude. Hegaletan egiten dira esprint gehienak, eta erdi puntakoak nagusi dira azelerazio eta intentsitate handiko ekintzei dagokienez.

Entrenamenduen eta lagunarteko partiden arteko erkaketa ere badago azterketa honetan. Aldagai guztiek balio handiagoak ematen dituzte norgehiagoketan, intentsitate txikiz ibilitako distantzian izan ezik. Partidetan, adibidez, jokalariek distantzia total handiagoa egiten dute minutuko, eta azkarrago; gainera, maizago izaten dira esprintak, eta luzeagoak dira.

Egileari buruz

David Casamichana Gómez (Rasines, Kantabria, 1984) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan lizentziaduna da. Julen Castellanos Paulis UPV/EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko irakaslearen zuzendaritzapean idatzi du tesia. Bertan egin du ikerketa-lana ere; gainera, elkarlanean aritu da Rayo Cantabria Hirugarren Mailako futbol-taldearekin. Gaur egun, Casamichanak Gorputz Hezkuntzako irakasle dihardu Bigarren Hezkuntzan, bai eta prestatzaile fisiko gisa ere, Portugalete Hirugarren Mailako taldean.

 

Norteko Ferrokarrila irratsaioan elkarrizketa

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, David Casamichana., Luis Jauregialtzo / Argazki Press
  • Tesiaren egilea, David Casamichana., Luis Jauregialtzo / Argazki Press
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: