#GaiNagusiak

2020ko kontsumitzailearen zortzi joerak

Noiz argitaratua: 12/05/02 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Osasuna

Azti-Tecnaliak, itsas ikerketan eta elikagaien ikerketan aditua den zentro teknologikoak, elikagaigintzako joerak ikertu ditu. Joera horiek ezagutzea garrantzitsua da nekazaritzako elikagaien industrian, elikaduraren alorrean berrikuntza sustatzeko nahiz kontsumitzaileen beharrei aurrea hartzeko.

Datozen urteetan, elikagaigintzak bizitza-erritmo berrietara egokitu beharko du. Horrenbestez, elikagaiek edozein momentutan eta edozein lekutan eskuragarri egon beharko dute, eta, kalitatea eta osasungarritasuna galdu gabe, berehalako asebetetzerako gai izan beharko dute. Halaber, epe motzean erosketa azkar eta adimendunak egiteko zerbitzuak eskaini beharko dira, aukeratutako produktuen bereizketa aproposago bat eginez.

Osasunak markatuko du elikagaigintzaren etorkizuna. Pertsonak geroz eta gehiago arduratzen dira beren osasunarekin, eta horrenbestez, produktu osasungarriak eta norberaren beharretara egokitutakoak eskatzen dituzte. Kontsumitzaileek beren identitatearekin —identitate pertsonalarekin zein talde-identitatearekin— zerikusia duten produktuak erosiko dituzte. Azken finean, helburua da gizabanakoak edota talde sozial batek bere desioekin, balioekin edo asmoekin lotzen dituen elikagaiak eskaintzea.

Joera horiek guztiak sakondu eta on line argitaratuko dituzte maiatza aldean Azti-Tecnaliaren webgunean. Azti-Tecnaliako aditu-talde batek Food Trend Trotters proiektuan oinarrituta eta joeren, diseinuen eta berrikuntzaren arloko Bilbao Design Academy zentroarekin elkarlanean egin du ikerketa-lana. Arlo horretako berrikuntzen azken orduko albisteak www.foodtrendtrotters.com webgunean kontsultatu daitezke.

Etorkizuneko merkatuari aurrea hartuz

Joerak hautemateak eta aztertzeak egungo merkatura egokitzea eta etorkizuneko merkatuari aurrea hartzea dakar nekazaritzako elikagaien industriarentzat. Gainera, merkatutik eta merkatuarentzako berrikuntza sustatzeko tresna estrategiko bat da, eta ezinbestekoa da produktu-kontzeptu berriak diseinatzeko. Joerak gaur egun merkatuan ez dauden produktu eta zerbitzu berritzaile bilakatzeko aukera eskaintzen du jakintza horrek, baita negozio-aukerak hautemateko, eta, horrenbestez, kontsumitzaile-mota ezberdinei erantzuteko ere.

Honako joera hauek ezagutarazi dituzte:

Food Telling, elikagai mezudunak. Informazio-eskaera garden, erakargarri eta hurbileko bati erantzuten dio. Kontsumitzailea eta produktua bera konektatzen ditu, eta, aldi berean, identitate eta autentikotasun handiagoa ematen die elikagaiei.

“SuperSense”, esperientzia multisentsoriala. Zentzumenen probokazioa bilatzen du; esperientzia sentsorial originala, atsegina, bizia eta osoa sortu nahi du.

“Slowcal”. Elikagaien kontsumoaren inpaktuarekiko kontzientziazio eta ardura handiagoa eskatzen du arlo pertsonalean, sozialean, ekonomikoan zein ingurumenekoan. Alegia, kalitateko kontsumoa bilatzen du; gozamena, oreka, jasangarritasuna eta gertutasuna gailentzen dira.

“Here&Now”, hemen eta orain. Nomada hiritarren bizimodua errazten du. Malgutasuna, denboraren kudeaketaren optimizazioa, osasuna eta beharren berehalako asebetetzea edozein momentuan eta tokitan eskatzen duten horiena, hain zuzen ere.

“Eater_tainment”, elikagai-esperientzia. Pertsonen behar emozionalekin bat egiten duten esperientzia gogoangarrien bidez, bihozberatasuna eta autokonplazentzia lortzea da asmoa. Abenturak, dibertimenduak, sorpresak eta entretenimenduak balio erantsia eskaintzen diote produktuari.

“MadeSimple”, Erraztu bidea. Aukerarik onena denbora gutxian hautatzeko erosketa eta kontsumo adimenduna egiteko aukera eskaintzen duten konponbide malguak eskatzen ditu joera honek. Produktuari zein erosketa-prozesuari eta kontsumoari lotuta dagoen joera da, eta kontsumitzaileen bizimodua errazten duten zerbitzuak eta tresnak eskaintzen ditu.

“MyHealth”, osasun pertsonalizatua. Norbere ongizatea eta osasuna sustatzeko, kontserbatzeko eta gaixotasunei aurrea hartzeko jarrera proaktibo eta arduratsua azaltzen du. Norbere beharretara egokitutako elikadura jarraitzen du, oreka fisiko, mental eta emozionala lortzeko.

“EgoFood”, elikadura adierazpena. Norbere identitatearen (bakarkakoaren zein taldekoaren) adierazpenarekin lotzen da, eta kontsumo handiko produktuetan “pertsonifikatzen” ditu bakoitzaren desioak, balioak edo asmoak.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, Azti-Tecnalia
Irantzu Zubiaur

Egilea: Irantzu Zubiaur (AZTI-Tecnalia )

Laguntzailea: