#GaiNagusiak

Lurrean estaldura global eta uniformeko komunikaziorako bidea ematen duen sateliterako antena-multzo bat diseinatu dute

Noiz argitaratua: 12/04/17 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia
 Alberto Reyna Maldonado

Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin duen doktore-tesian, Alberto Reyna Maldonadok sateliterako antena-multzo bat diseinatu du, erradiazio-prestazioak galdu gabe antena-sistemaren bolumena, pisua eta berotze-maila murrizten dituena. Hala, sateliteak ikus ditzakeen Lurraren gune guztietan, energia modu uniformean jasotzen da. Alberto Reyna Maldonado Ingeniaritza Elektronikoan Zientzietan Maisua da Tamaulipas Unibertsitate Autonomoan (Mexiko).

Telekomunikazio-sistemetan erabiltzen diren antena motetako bat antena-multzo edo antena-elkarte izenekoak dira, eta hainbat antena elkarrengandik hurbil jarrita egiten dira. "Abantailetako bat da seinalea leku batetik bestera bideratu ahal izatea, antena etengabe berrorientatzen ibili beharrik gabe, edo erradiazioak modu espezifikoren batean sortu ahal izatea, —azaldu du Alberto Reynak—, zeren erradiazioaren ezaugarriak elektronikoki manipula baitaitezke. Ikerketaren garapenean, hainbat antena-multzo motarekin egin genuen hori: lauki-formakoak, eraztun-formakoak, linealak, etab."

Nagusiki satelite bidezko komunikazioetan aurkitzen den arazo bati aurre egin zioten: "satelitean antena multzo bat jartzen denean, oso bolumen eta pisu handia hartzen du, eta konplexuagoa da erradiazioa sortzea. Esaterako, antenak anplifikazio-irabazi desberdineko anplifikadoreetara konektatzearen ondorioz, anplifikadore batzuk beste batzuk baino gehiago berotzen dira, eta bero hori xahutzeko moduren bat bilatu behar da espazioan, non ez baitago airerik".

Hori konpontzeko, eta antena-multzoaren erradiazio-prestaziorik ez galtzeko, Darwinen eboluzioaren teoriaren ideietan oinarritutako metodoak erabili ziren, "non antena-multzoa denboran zehar eboluzionatuz doan izakia baita, gero eta gaitasun hobea lortzeko"; bai eta espezieen talde-portaeran oinarritutakoak ere, "adibidez, puntu zehatz batera iristeko taldeko buruari jarraikiz hegan egiten duten hegazti-saldoak; puntu hori litzateke arazoaren konponbidea".

Ikertzaileak azaldu duenez, "antena-multzoak metodo ebolutiboak erabiliz diseinatzea erabaki genuen; hala, antena bakoitza anplifikazio-irabazi desberdineko anplifikadore batera konektatu beharrean, anplifikadore bera erabiltzea anplifikazio-irabazi berdineko zenbait antenatarako; esaterako, hirurogei antena izan ditzaket soilik hiru anplifikadorerekin, eta, hala, tamaina, bolumena eta pisua murriztu, eta satelitean sortzen den beroa barreiatzea erraztu, eta hori guztia erradiazio-prestazioak galdu gabe".

Azkenik, antena-multzoak isoflux motako erradiazioa lortzeko diseinatu ziren; hala, Lurrean jasotzen den energia-kantitatea berdina da edozein puntutan. "Lurra ez denez erabat biribila eta forma eliptikoa duenez, satelitetik datorren seinalea atzeratuta iristen da edo energia gal dezake; horregatik, antena-elkartea diseinatu genuen seinaleak kono baten antzeko forma eduki dezan eta Lurraren azal guztira berdin irits dadin", azaldu du Alberto Reynak. "Laburbilduz, esan daiteke erradiazioa Lurraren leku guztietara uniformeki iristea lortzen duten sateliterako antena-elkarte mota bat diseinatu dugula, eta horrela, leku batzuetara beste batzuetara baino energia gehiago iristea saihesten dela".

Mexikoko Tamaulipasko Unibertsitate Autonomoko Marco Antonio Panduro doktoreak eta NUPeko Carlos del Río Bocio doktoreak zuzendu dute “Evolutionary Antenna Arrays Synthesis for Isoflux Radiation in Satellite Applications” izenburuko doktore-tesia, eta bikain cum laude kalifikazioa eman diote. Ikerketa horren harira sei artikulu zientifiko argitaratu dira aldizkari espezializatuetan, eta lau aurkezpen egin dira nazioarteko biltzarretan. Alberto Reynak Unidad Académica Multidisciplinar Reinosa Rodhe ikastegian ikasi zuen, eta bertan egin zituen master-ikasketak ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoan doktore-ikasketak egin aurretik. Gaur egun, aipatutako Tamaulipasko Unibertsitate Autonomoan lan egiten du ikerketa-laguntzaile.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gazteleraz, www.unavarra.es
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, www.unavarra.es
  • Alberto Reyna Maldonado, www.unavarra.es
Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: