#GaiNagusiak

Dementzia duen pertsona bat erabakiak hartzeko gai den baloratzeko, neurologoen esku-hartzea behar da

Noiz argitaratua: 12/04/16 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Gizarte-zientziak #Osasuna
 Artikuluaren egilea, Luis Carlos Álvaro.

Luis Carlos Álvaro Basurtuko Ospitaleko neurologo kliniko eta UPV/EHUko irakasleak dementzia duten gaixoen erabakitze-ahalmenaren inguruko artikulu bat argitaratu du. Competencia: conceptos generales y aplicación en la demencia (Gaitasuna: kontzeptu orokorrak eta aplikazioa dementzian) du izenburu, eta Neurología aldizkarian plazaratu dute.

Ospitale horretako Laguntza Etikoko batzordekidea da Álvaro, eta horrek zerikusi handia izan du lan honetan. “Guretzat [neurologoak] oso arrunta den patologia kliniko baten eta erabakitze-ahalmenaren arteko interakzioaz ari gara, eta bioetika-batzordeetan sarri aztertzen da hori”, azaldu du. Baina ez hori bakarrik. Izan ere, dementziak gaixoaren gaitasunari zenbaterainoko kaltea egin dion zehazteko neurologoek garrantzi handia dutela aldarrikatzeko balio du artikulu honek: “Tradizioa dela eta, askotan psikiatrek aztertzen dute gaitasuna dementzia-kasuetan, baina neurologoak ez gaude horrekin ados. Auzi horretan, neurologoek dugu zeresan handiena, guri dagokigun patologia baita. Gaixoak guk ezagutzen eta artatzen ditugu, eta guk dugu erabakiak hartzeko ahalmen handiena ”.

Arrisku-maila

Gaitasuna aipatzean zertaz ari den azaldu du Álvarok: “Eguneroko edozein jardueratan erabakitze-ahalmena ebaluatzeaz. Gaixoaren bizikidetzari lotutako erabakiak izaten dira gehienetan: egoitza batera joan ala ez, botika bat hartu ala ez… Haren ahalmen mentala halako erabakiei neurria hartzeko adinakoa ote den erabakitzea da kontua”. Egile honek dioenez, oso auzi konplexua da, eta oraindik ez da egin horretarako tresnei buruzko estandarizaziorik edo hitzarmen unibertsalik, nahiz eta egon, badauden: “Ez da erraza, erabakiak eta dementziaren estadioak askotarikoak baitira”.

Hain zuzen ere, estadioei dagokienez, besteak beste Drane taula aipatzen da artikuluan; hartu beharreko erabaki bakoitzak dakartzan arriskuen arabera, neurologoak gaixoari zer ahalmen-maila eskatu behar dion (ez dementzia-kasuetan bakarrik) zehazten du. Hau da, zenbat eta gehiago izan prozedura jakin bat onartzeak edo baztertzeak dauzkan arriskuak, orduan eta handiagoa behar du gaixoaren gaitasunak, eta alderantziz. Adibidez, meningitisa duen gaixo batek antibiotikoak hartzeari uko egin nahiko balio, goi-mailako ahalmena izan behar luke, halako erabaki batek ondorio hilgarriak ekar ditzakeelako. Aitzitik, dementzia duen gaixo batek ez du hainbesteko ahalmenik izan behar garunaren tomografia egiteari egiten badio uko, ezezko horrek dakartzan arriskuak minimoak direlako.

Dena dela, auzi horri dagokionez, adierazi du badaudela hobetzeko jardunbide batzuk, bioetikaren ikuspuntutik, bederen: oro har, gaixoek ez diete tratamenduei uko egiten, eta, hala egiten dutenetan ere, arriskuak ez dira handiak; horregatik, ahalmen falta dagoen kasuetan konturatu ere ez gara egiten askotan, eta ondorioz, ez dago sentikortasun handirik ezintasun horrekiko. “Oso arrunta da jarduera jakin baten aurrean erabakitze-ahalmenik ez izatea, baina gehienetan ez dakar inolako ondoriorik, kontu txikiak izaten direlako, eta ez da alarmarik pizten. Hori dela eta, ez dugu ebaluatzeko beharrik sumatzen. Gehiago aztertu beharko genuke, eta kasu bakoitzak eskatzen duen ahalmen-mailaren araberakoa izan behar duela kontuan izan”, esan du Álvarok.

Ebaluazio-gidak

Gaur egun, neurologoak beren esperientzian oinarritzen dira, ikusteko ea gaixoak ulertzen dituen transmititu zaion informazioa eta hartuko duen erabakiaren ondorioak. Aurrez aipatu bezala, ez da egin erabilgarri dauden tresnen estandarizaziorik, “baina, hala ere, beti dira baliagarriak”, esan du Álvarok. Askotariko galdera-sortak izaten dira, eta zera bermatzea dute helburu: gaixoak ulertzen dituela jasotako informazioa eta erabaki bat hartzeak edo ez hartzeak dakartzan ondorioak, badakiela beste aukera batzuk ba ote dauden eta horien abantailak eta desabantailak zein diren eta abar.

Artikuluan, gaitasunaren ebaluaziorako zenbait gida zerrendatu ditu ikertzaileak. hala nola Becky White-ren ahalmen-irizpideak (Georgetown Unibertsitatea, Washington), Torontoko Unibertsitateko ACE gida, Virginiako Unibertsitateko MC-CAT gida eta abar. Esaterako, Whiteren gida erdiegituratutako elkarrizketan oinarritzen da, eta hauek hartzen dira kontuan, zenbait azpieskalatan: informatua izateko ahalmena (adibidez, jasotako datuen garrantzia barneratzea), ahalmen kognitibo eta afektiboak (bestelako aukerak arrazoitzea eta hierarkizatzea), erabakiak hartzea (hartutako aukera onartzea eta horri eustea) eta prozesuaren berrikuspen kritikoa (hartutako aukera kontatzea eta arrazoitzea). Álvarok azaldu duenez, eguneroko esparru klinikoan, elkarrizketa aski izan daiteke ahalmena zehazteko, betiere gakoak ezagutzeko moduan egituratzen bada. Eta horretarako, halako gidak oso lagungarriak dira.

Informazio osagarria

  • Artikuluaren egilea, Luis Carlos Álvaro., Monika del Valle / Argazki Press
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: