#GaiNagusiak

Neiker-Tecnaliak lurraren barruko beroa erabiltzen du bere ekoberotegia klimatizatzeko, geotermian eta beste energia berriztagarri batzuetan oinarrituta

Noiz argitaratua: 12/04/04 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak #Ingurumena
 Negutegia

Neiker-Tecnalia, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak tenperatura egokia lortzeko lurpeko berotasuna aprobetxatzen duen berotegi geotermiko bat inauguratu du, Derion dituen instalazioetan. Sistema berritzaile horrek instalazioa ingurumena errespetatuz klimatizatzea lortzen du, ez baitu kutsatzen eta beste erregaien beharra % 60 baino gehiago murrizten baitu.

Energia geotermikoa, zentzurik zabalenean, lurrazalaren barruko berotasuna da. Berotasun hori energia-iturri gisa aprobetxatzea aukerarik iraunkorrenetako bat da ingurumenaren ikuspegitik zein ekonomikotik. Neiker-Tecnaliako ikertzaileek garatu duten sisteman, funtsean, hodi-sare bat dago, 40 metro luze dena, metro eta erdiko sakoneran. Airea ponpatzen da kanpotik hodietara, ibilbide osoan zirkulatzeko. Lurraren tenperatura 15 ºC ingurukoa denez, airea berotu eta berotegiaren barrualdean tenperatura horretan zabaltzen da, tenperatura uniformeagoa mantentzen da eta energia-kontsumo handiena eragiten duten jauzi termikoak murrizten dira. Bero handiko garaietan egoera alderantzizkoa da, kanpoko tenperatura oso handia izan baitaiteke, eta airea lurpeko hodietatik igarotzean hoztea lortzen da, eta 15 ºC inguruan ateratzea.

Sistemak ez du kutsatzen eta merkea da, azpiegituraren inbertsioa baino ez baitu eskatzen. Egiten den energia-gastu bakarra lurpeko hodietan aireak zirkulatzeko dagoen ponpa elektrikoa elikatzeko behar dena da. Berotegiaren klimatizazioa osatzeko, azken belaunaldiko 80 m2 panel fotovoltaiko bat eta biomasa-galdara bat jarri dira. Instalazioaren barruan piperrak eta tomateak hazten dira.

Berotegi baten tenperaturarik egokiena, udan, 25 ºC-koa da, kanpoko airea 30 eta 35 ºC artean dagoenean, eta neguan, 21 ºC ingurukoa, kanpoko giroa 10 ºC-ren azpitik dagoenean.

Lurrak eguzki-izpien beroa gordetzen du, eta tenperatura ia konstantean mantentzen da urteko sasoi guztietan; ondorioz, neguan bero-sentsazioa ematen du, eta udan, freskurarena. Iberiar Penintsulan, bost metro baino gehiagoko sakoneran, lurraren tenperatura 15 gradu ingurukoa da, egoera klimatologikoak gorabehera. 15 eta 20 metro artean lurraren tenperatura handitu egiten da, gutxi gorabehera 17º C-ra.

Nekazaritzako ekoizpen intentsiboaren arazo nagusietako bat berotegiek funtzionatzeko behar duten berotasuna sortzea da. Erregai fosilen kostu handiaren ondorioz, azken urteetan, produkzioa ez da errentagarria, eta beste energia-sistema alternatibo batzuk bilatu dira, ingurumena errespetatuko dutenak. Hain zuzen, Neiker-Tecnalia zentro teknologikoaren ikerketa-ildoetako bat da berotegiak girotzeko modu berriak bilatzea, teknologia horiek nekazariei transferitzeko azken helburuarekin.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, Neiker-Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, Neiker-Tecnalia
  • Negutegia, Neiker-Tecnalia
  • Hodiak, Neiker-Tecnalia
  • Hodiak, Neiker-Tecnalia
Iranzu Telletxea

Egilea: Iranzu Telletxea (NEIKER-Tecnalia)

Laguntzailea: