#GaiNagusiak

Medikuntzan erabiltzeko polimero gehiagoren bila

Noiz argitaratua: 12/04/10 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Osasuna #Teknologia
 Tesiaren egilea, Ainhoa Lejardi.

Material polimeriko berriak garatzeko urratsak egin ditu Ainhoa Lejardi UPV/EHUko materialetako ingeniariak. Medikuntzan gero eta gehiago erabiltzen dira biomaterialak, eta beharrezkoa da material horiek askotariko propietateak izatea, askotariko aplikazio terapeutikoetarako baliagarriak izango badira. Horretan jardun du ikertzaile honek: PVA izeneko polimeroa oinarri hartu, eta haren propietateak aldatuta material berriak sortzeko bidea urratu du, biomedikuntzarako aplikazio gehiago sortzea jomugan. Polimero biodegradakor berrien lorpena eta ezaugarritzea du izenburu tesiak. Gainera, ikerketa horri buruzko zenbait artikulu plazaratu ditu, Polymer eta Macromolecules aldizkarietan, kasurako.

PVA edo poli(binil alkohola) material biobateragarria, biodegradagarria eta uretan disolbagarria da, eta, ondorioz, oso aproposa biomedikuntzarako. Esaterako, produktu hori erabiltzen da larruazala ukitu eta berehala lehortzen diren gel-motetan eta larruazalean zeharreko txaplatetan (larruazalari atxikitzen zaie, eta hura zeharkatzen duen botika jakin bat askatzen dute modu kontrolatuan). Hain zuzen ere, uretan disolbatzeko duen ahalmenari esker, arruntak dira PVAz egindako hidrogelak. Erabilera ohikoenak zerrendatu ditu Lejardik: “Botikak dosifikatzen dituzten kapsulatze-sistemetarako, kirurgia konpontzailerako eta zauriak sendatzeko hesgailuak egiteko”. Material polimeriko berriak osatzeko askotariko bideak daude, baina, kasu honetan, PVA kimikoki eraldatu du ikertzaileak, eta, ondoren, beste polimero batzuekin nahastu, polimero biodegradagarriekin betiere: polilaktidak eta polikaprolaktonak, kasurako. Hala, jatorrizko materialari beste propietate batzuk ematea izan du xede.

Esterifikazioa

Maila molekularrean, PVAk ez ditu berehalakoan izaten interakzioak beste polimero batzuekin. Horregatik, hura bere horretan mantentzen duten nahasketa gehienak oso heterogeneoak dira, eta propietate mekaniko kaskarrak dituzte, ondorioz. PVA beste polimero horietara hurbiltzen saiatu da Lejardi1: “PVAk hidroxilo taldeak ditu kate nagusian. Kontua da hidroxilo horiek beren artean baino ez direla elkartzen. Orduan, hidroxiazidoak txertatu ditugu, hidroxiloak kate nagusitik aldentzeko”. Esterifikazioa deritzo horri: alkohol bat (hidroxiloa) eta azido bat (hidroxiazidoa) elkartuta egiten den erreakzio kimikoa. Hala, hidrogeno-zubiak sortzen dira PVAren eta harekin nahastu nahi den beste polimero biodegradagarrien artean.

Hain zuzen ere, askotariko polimero biobateragarriekin egin ditu saiakerak Lejardik; esterifikazioaren bitartez PVA eraldatu ondoren, polimeroak nahasteko askotariko sistemak prestatu eta aztertu ditu. Adibidez, poli(epsilon-kaprolaktona) edo PCLrekin nahastuta, bateragarritasuna hobetzea lortu du. Eta poli(binil-pirrolidona) edo PVPrekin, emaitzak onak direla azaldu du ikertzaileak: “Bagenekien PVP nahaskorra zela PVArekin, baina nahasketa gure esterifikatuekin egitean, ikusi dugu lortzen diren hidrogeno-zubiak sendoagoak direla”.

Tesia bukatuta, Madrilgo Polimeroen Zientzia eta Teknologia Institutuan (ICTP-CSIC) lau hilabeteko egonaldia egitekoa da orain Lejardi, ikerketari segida emateko, han lan egiten duen Carmen Mijangos irakasle doktorearekin elkarlanean. Egindako esterifikazioetako batean sakondu nahi du, polimero zehatz horrekin hidrogela lortzen dela ikusi baitu: “Materialak autoantolatzeko dituen propietateak aztertuko ditugu. Horretarako nanoesferak prestatu ditugu, 2nanohauspeaketa bidez”.

Egileari buruz

Ainhoa Lejardi Meavebasterretxea (Markina-Xemein, 1981) materialen alorreko ingeniaria da. Jose Ramon Sarasua Oiz eta Emilio Meaurio Arrateren zuzendaritzapean idatzi du tesia; Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan Meatze eta Metalurgia Ingeniaritza eta Materialen Zientzia Saileko irakasle doktore titularrak dira Sarasua eta Meaurio. Lejardik Biomaterialak eta Material Termoplastikoak ikerketa-taldean egin du nagusiki tesia, eskola horretako laborategietan. Gainera, hiru hilabeteko egonaldia egin du Vienako BOKU unibertsitateko Nanobioteknologia Sailean, eta elkarlanean aritu da CIC biomaGUNE ikerketa-zentroarekin. Gaur egun, lan-kontratuko bitarteko irakaslea da, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan bertan.

  • Oharrak:

    (1) Ikus irudia: goiko multzoa PVAren kate nagusia da. Bola beltzak karbonoak dira, eta inguruan dauden bola berdeek (oxigenoak) eta zuriek (hidrogenoak) hidroxilo taldeak osatzen dituzte. Lerro etenek PVAren eta beste zenbait polimeroren arteko hidrogeno-zubiak irudikatzen dituzte. (2) Hauspeatu: disoluzio bateko solutua produktu solido moduan agertu, prozesu fisiko zein erreakzio kimiko baten ondorioz.

  • Interneteko helbidea:

    www.ehu.es

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, Ainhoa Lejardi., Marisol Ramírez / Argazki Press
  • PVA. Irudia., Ainhoa Lejardi
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: