#GaiNagusiak

Untxi eroen gaitza

Noiz argitaratua: 12/03/15 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak
 Joaquín Castilla eta Natalia Fernández-Borges zientzialariak, Biogune ikerketa-zentroko Prioien Laborategian.

Biogune ikerketa-zentroak erakutsi du untxiek gaixotasun prionikoak gara ditzaketela, nahiz eta orain arte pentsatu izan den gaitz prionikoekiko immuneak zirela. Hala ere, ikertutakoaren arabera, 90. hamarkadan behi eroekin izan zena bezalako untxi eroen epidemia bat sortzeko probabilitatea oso txikia da.

Iturria:GUK Komunikazio Aholkularitza on Vimeo.

 

Lau hamarkada baino gehiagoan uste izan da untxiak erresistenteak zirela prioiek eragindako infekzioekiko. Izan ere, inokulazio esperimental ugari egin zitzaien untxiei hainbat jatorritako prioiekin, eta ez zen emaitzarik lortu. Gainera, naturan ez dago entzefalopatia espongiformearen arrastorik, eta inoiz ez dira diagnostikatu gaixotasun prionikoak zoologikoetako untxietan, nahiz eta untxi horiei ere eman zitzaizkien behi eroen gaitza eragin zuen osagaia zuten pentsuak, eta halako pentsuekin elikatu ziren espezie gatibu gehienak gaixotu ziren garai hartan.

Datu guztien arabera, beraz, untxiak salbuespen ziren ugaztun guztiak gaixotasun prioniko infekzioso eta kutsakorrak gara ditzaketelako arauari zegokionez. Alegia, untxiak salbu zeuden prioien infekzioaren aurrean.

Ebidentzia horiek guztiak ikusita, dozenaka ikerketa-talde aritu da ikertzen portaera ezohiko horren arrazoia, eta 60 artikulutik gora argitaratu dira gaiarekin lotuta.

Biogune ikerketa-zentroaren Prioien Laborategian aurkitu da, baina, untxiek bai gara ditzaketela infekzio prionikoak, nahiz eta, beste ugaztun batzuen aldean, oso erresistentzia ezohikoa duten. Joaquín Castilla doktore eta Ikerbasqueko ikertzaileak gidatu du ikerketa, eta Proceedings of the National Academy of Sciences —PNAS— aldizkari espezializatuan argitaratu dute martxoaren 12an.

Aurkikuntza berri horren ondotik, Castilla doktorearen laborategian buruan dute aztertzea prioiek eragina izan ote lezaketen, adibidez, hegaztietan edo arrainetan. Bide horretan, Biogune lantaldearen helburua da ulertzea zer mekanismo molekularren bidez azal daitezkeen espezieek hainbat prioiren aurrean dituzten portaera desberdinak. Hala, entzefalopatia espongiforme kutsakorren aurkako estrategia terapeutiko berriak garatu ahalko dira, natura imitatuta.

Ikerketa-lana

Bioguneko Prioien Laborategiko buru den Joaquín Castillaren esanetan, in vitro edo saio-hodian egindako ikerketetan oinarritzen da gure lana, alegia, prioiak animalietan nola erreplikatzen diren errepikatzen dugu, baina modu askoz azkar eta eraginkorragoan. Gure laborategian saiatu gara egiaztatzen ea untxien ustezko erresistentzia hori egiazkoa zen ala ez. Emaitza harrigarria izan da; izan ere, laborategian hainbat jatorritako prioiak erabili ditugu (ardi-, behi-, txerri-jatorrikoak eta beste) eta ia guztiek sortu dute in vitro untxi-prioi bat. Lehen aldia zen untxi-prioi bat ikusten zela”.

Laborategiko fasearen ondoren, Castilla doktorearen lantaldeak untxietan aztertu zuen in vitro lortutako produktuaren kutsagarritasuna, eta azken hamarkadetan egindako ikerketa-lanen emaitzekin bat etorriz, kutsatzearekiko erresistentzia handia hauteman dute untxietan. Erresistentzia hori, ordea, ez da erabatekoa. Inokulaziotik 800 egunera, animalia bat infektatu zen, nahiz eta lau urteren buruan beste animalia guztiek onik jarraitu zuten.

Prioi baten ezaugarri nagusia da haren kidekoen artean transmititzeko gai dela; hortaz, untxi-prioi bat aurkitu izanaren behin-betiko froga izan da bi animalia-eredutan inokulatzea: untxi eta sagu transgenikoetan; zehazki, erreplikatzeko gaitasuna duen sagu-proteina produzitu beharrean, untxi-proteina sortzen zuten untxi eta sagu transgenikoek. Sagu transgenikoen kasuan urte bat behar izan da, eta untxien kasuan urte eta erdi, erakusteko untxi-prioia eraginkorra dela espezie berean transmititzeko.

Lortutako datuen arabera, beraz, untxiak ezin dira prioiekiko erresistentetzat jo; hori bai, haien erreplikazioak behar dituen epe luzeak kontuan hartuta, iragar daiteke oso probabilitate txikia dagoela behi eroen kasuaren pareko izurrite bat gertatzeko untxiekin.

Eztabaida

Prioiekin kutsa litezkeen animalien proteinekin animaliak elikatzearen inguruko eztabaida berpiztu du ikerlan honen emaitzak, hamarkadetan erresistentetzat jotzen ziren espezieei dagokienez ere bai. Izan ere, “prioiek espezie batetik bestera transmititzeko duten egokitzapen-gaitasuna kontuan hartuta, pentsatzekoa da edozein ugaztun kutsa litekeela, eta hori ekiditeko bide bakarra da osagaien artean animalia-proteinarik ez duten elikagaiak erabiltzea” ondorioztatu du Castilla doktoreak.

Informazio osagarria

  • Joaquín Castilla eta Natalia Fernández-Borges zientzialariak, Biogune ikerketa-zentroko Prioien Laborategian., © GUK2011
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gazteleraz, GUK
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, inglesez, GUK
Javier Urtasun

Egilea: Javier Urtasun (Guk)

Laguntzailea: