#GaiNagusiak

Autoen aztarnak, asfaltoaz gaindi

Noiz argitaratua: 12/02/24 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Fisika, Kimika eta Matematika #Ingurumena
 Tesiaren egilea, José Antonio Carrero.

Ibilgailuen trafikoak sortutako kutsadurak ez dio soilik aireari eragiten; asfaltoaren azpitik ere iragaten da, eta inguruko lurzoruak eta landareak kaltetzen ditu. José Antonio Carrero UPV/EHUko kimikariak sakon aztertu du gaia, autoek isurtzen dituzten metalek zenbateko inpaktua duten ikertuta. Gainera, epe motzeko, ertaineko eta luzeko ondorioei erreparatu die. Horretarako, askotariko antzinatasuna duten Bizkaiko errepide-ertzetatik hartu ditu laginak. Esaterako, Bilbo eta Mungia arteko errepide zaharretik, Artebakarran (60 urte baino gehiago); horrekiko paralelo doan autobiatik (20 urte baino gehiago); Berangoko biribilgune batetik (4-5 urte) eta Sopelako batetik (1-2 urte). Tesiaren titulua hau da: Evaluación del impacto del tráfico rodado en suelos y plantas de margen de carretera (Ibilgailuen trafikoak errepide-ertzeko lurzoruetan eta landareetan duen inpaktuaren azterketa).

Ibilgailuen trafikoak isuritako metalen artean, beruna da ezagunena; gasolina berundunaren erabilera duela hamarkada pasatxo debekatu bazuten ere, kutsatzaile horrek errepide-ertzei itsatsita jarraitzen du. Dena dela, Carrerok egiaztatu duenez, nahiz eta metal hori oso toxikoa izan, badira ingurumenarentzat kaltegarriagoak izan daitezkeen beste batzuk, lurzoruko geruza sakonagoetara errazago pasatzen direlako. Beruna ez ezik, zink oxidoa (pneumatikoen narriadurak ekarria) eta barioa, kobrea eta antimonioa (balazta-pastillen narriaduraren ondorioz) aztertu ditu, besteak beste.

Zenbat eta zaharrago, gehiago

Jasotako laginetan aurkitu dituen metalak erauzi ditu Carrerok, eta gehienen kontzentrazio-maila zehazteko gai izan da. Ikusi duenez, antzinatasun handiena duten errepideetatik gertu dauden lurzoruen kasuan, trafikoari lotutako metalen metatzea bereziki handia da goiko geruzetan. “Errepideak zenbat eta denbora gehiago eraman martxan… hor dago koska. Bide zaharrenetan metatzen dira metalak. Sakoneraren araberako kontzentrazio-gradientea dago horietan; beste gune batzuetan, aldiz, ez da metatze hori gertatzeko adina denborarik igaro”, azaldu du ikertzaileak.

Bestalde, zinkaren presentzia oso nabarmena da. Izan ere, bazter-babesa estaltzen duen zink-geruza hondatu ahala, kutsatzaile horren kontzentrazioak gora egiten du lurzoruaren gainazaleko geruzetan.

Toxikotasuna ez da gako bakarra

Aurreneko azterketen ondoren, Raman espektroskopia-analisiari ekin zaio, lurzoruko konposatuek zer forma molekular duten identifikatzeko balio baitute. Forma horiek ezagutzea lagungarria da metal bakoitzak ingurumenari zer arrisku ekartzen dion zehazteko. Izan ere, Carrerok azaldu bezala, metal bakoitzaren berezko toxikotasunaz gain, badira kontuan hartu beharreko beste faktore batzuk: “Metalak karbonato-forma, nitrato-forma edo bestelako forma bat izan, ez da gauza bera. Gatz desberdinak dira, eta disolbagarritasun desberdina dute. Metalok lurzoruari atxikita egon daitezke; orduan, toxikotasunak ez luke hainbesteko garrantzirik izango. Okerragoa litzateke substratu-forma disolbagarriagoa balute, euri-urak disolbatu egingo lituzkeelako eta beste konpartimentuetara igaroko liratekeelako. Hala, toxikotasuna lurpeko uretara igaroko litzateke agian, edo landareek xurgatuko lukete”.

Horri lotuta, ingurumeneko kondizio errealen simulazioa egin du Carrerok, metalek egoera horietan nola jokatzen duten ikusteko, bai eta disolbagarriagoak, eta, beraz, arriskutsuagoak, bihurtzen diren zehazteko ere. Ondorioztatu duenez, barioa eta zinka bereziki kontuan hartu beharrekoak dira: “Pneumatikoen edo balazten narriadura dela-eta isurtzen dira errepidera, eta goiko geruzetan metatzen dira, oxido moduan; forma horretan, mugikortasun txikia dute. Hala ere, ikusi dugu atmosferako CO2-arekin erreakzionatu egiten dutela, eta karbonatoak osatzen dituztela; horiek badira disolbagarriagoak, eta iragazkorrak ere bai. Hain zuzen, karbonato-kontzentrazio handia aurkitu dugu geruza sakonenetan. Goiko geruzetan, barioa eta zinka oxido-forman agertzen dira, eta behekoetan, karbonato gisa”.

Horrenbestez, barioa eta zinka beruna baino arriskutsuagoak al dira? “Metalik toxikoenetako bat da beruna, baina lurzoruari atxikitzen zaio, eta arriskua gutxitzen dio horrek”, erantzun du Carrerok.

Tesian, errepide-ertzetako landareen metal-kontzentrazioa ikertzeari ere ekin dio Carrerok, eta horri eutsiko dio orain: “Landare-familia horietan berunaren erlazio isotopikoa nolakoa den aztertuko dugu, ikusi baitugu aukera dagoela berunaren jatorria bereizteko (antropogenikoa edo naturala den)”.

Egileari buruz

José Antonio Carrero Hernández (Ermua, 1983) Kimika Zientzietan lizentziaduna da. Juan Manuel Madariaga Mota katedradunaren eta Gorka Arana Momoitio irakasle titularraren zuzendaritzapean idatzi du tesia; UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoa Saileko kideak dira biak. Sail horretako bertako IBeA (Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa) ikerketa-taldearen barruan egin du tesia, eta hiru hilabeteko egonaldia ere bai Leipzigen (Alemania), UFZko (ingurumen-ikerketarako zentroa) Kimika Analitikoa Sailean. Gaur egun, UPV/EHUko fakultate eta sail horretako bertako ikertzaile kontratatua da Carrero.

Norteko Ferrokarrila irratsaioan elkarrizketa

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, José Antonio Carrero., Luis Jauregialtzo / Argazki Press
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: