#GaiNagusiak

Bizia sorrarazi zuten azukreen bila

Noiz argitaratua: 12/02/15 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak
 UPV/EHUko talde batek historian lehen aldiz lortu du azukre bat gas-fasean isolatzea eta bereiztea

Azukreek interes biokimiko itzela dute, askotariko eta funtsezko egitekoak baitituzte: energia biltzen dute, eta zenbait sistema biologikoren erregaia dira; DNAren eta azido erribonukleikoaren (RNA) parte dira, eta, gainera, funtzio erabakigarria dute zelulen prozesuetan. Berriki, azukreen interesa areagotu egin da kosmokimikaren arloan ere, hain zuzen, izarrarteko espazioan bizia sortzeko funtsezkoa izan zen materialaren bilaketan. Funtsezko material hori aurkitzea lagungarria izango litzateke, halaber, Lurrean biziaren jatorriaren mekanismoa zein izan zen ulertzeko. Azukre oinarrizkoenak, 2 eta 3 karbono unitate dituztenak, aurkitu dituzte dagoeneko hodeietan eta meteoritoetan. Hala ere, espazioan ezin izan dute aurkitu azukre konplexuagorik, egiturari buruzko informazio zehatzik ez baitago. Informazio hori, hain justu, ikerketa-laborategiek eman behar dute.

Munduan talde asko lehiatu dira azukrea gas-fasean hautematen lehenak izateko lasterketan, eta horretarako bereizmen handiko teknikak erabili dituzte. Arazoak, alabaina, lurruneztatzen saiatzean sortzen dira, ura galtzeak ezegonkortasun termikoak sorrarazten baititu. Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fisikoa Saileko ikertzaile Emilio José Cocinerok azaldu duenez, “soilik deshidratatzearen ondoriozko deskonposizio-prozesuak saihestuz eta azukrea isolatuz lor daiteke egitura zehaztea, alboko molekulek sorrarazitako aldaketak alboratu ondoren”. Egindako azken azterketari esker, azukre bat, erribosa, gas-fasean ikustea lortu duten munduko lehenak izan dira, eta zenbait egitura zehaztu dituzte. AngewandteChemie International Edition aldizkariak “RiboseFoundinthe Gas Phaseartikulua argitaratuko du apirileko alean, azalean; argitalpenaren Interneteko bertsioan dagoeneko nabarmendu dute. Aldizkariaren eragin-indizea 12.730 da, eta, hortaz, kimikaren arloan garrantzitsuena da.

Cocinerok zuzendu duen ikerketan Patricia Écijak, Francisco José Basterretxeak, José Andrés Fernándezek eta Fernando Castañok ere hartu dute parte (denak UPV/EHUkoak); horrez gain, Valladolideko Unibertsitateko Alberto Lesarriren eta Hannoverko Unibertsitateko (Alemania) Jens-UweGrabow-en lankidetza ere izan dute. Ikerketan erabilitako ekipo osoa Euskal Herriko Unibertsitatean eraiki dute. Hain zuzen ere, erribosa gas-fasean ikusteko mikrouhinen espektroskopia erabili dute, argi ultramoredun laser ultraazkarreko lurrunketarekin konbinatuta. Azukrea isolatu eta behatzeaz gain, erribosaren sei egitura desberdin antzeman eta zehaztu dituzte. “Azukreak oso molekula malguak dira; askotariko forma ugari izan ditzakete. Guk erribosa librearen sei egitura egonkorrenak detektatzea lortu dugu”, azaldu du ikertzaileak. Hala ere, detektatutako egitura guztiek sei kideko zikloak dituzte, hau da, erribosak edo horren ARNko edo DNAko eratorriek dituzten egiturak ez bezalakoak dira, azken horietan bost kide agertu ohi direlako. “Material genetiko gisa konfigurazio desberdina du; ziur asko lehenengo izaki bizidunek ez zuten erribosarik izan. Dirudienez, baztertu egin behar da azukre horrek lehenengo material genetikoak osatu zituelako ustea, ezegonkortasun termikoagatik eta 6 kideko eraztunen aldeko lehentasunagatik”, ondorioztatu du Emilio José Cocinerok. Azukreak gas-fasean ikertu ahal izateko bidea ireki ondoren, “errazagoa” izango da hasierako izaki bizidunengan azukreek izan zuten funtzioari buruzko informazioa lortzea.

AngewandteChemie International Edition argitalpeneko artikuluaren erreferentzia:

Emilio J. Cocinero dr., Alberto Lesarri, Patricia Écija, Francisco J. Basterretxea, Jens-UweGrabow, José A. Fernández, Fernando Castaño “RiboseFoundinthe Gas Phase”, AngewandteChemie International Edition. DOI: 10.1002/anie.201107973.

http://onlinelibrary.wiley.com/doi/10.1002/anie.201107973/abstract

http://onlinelibrary.wiley.com/doi/10.1002/anie.201109101/abstract

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gazteleraz, Euskampus
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, Euskampus
  • UPV/EHUko talde batek historian lehen aldiz lortu du azukre bat gas-fasean isolatzea eta bereiztea, Euskampus
  • UPV/EHUko Kimika Fisikoa Saileko ikertzaile Emilio José Cocinero, Euskampus
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: