#GaiNagusiak

Transkripzio fonetikodun turkiera-gaztelania / gaztelania-turkiera lehenengo hiztegia aurkeztu dute UPV/EHUn

Noiz argitaratua: 12/01/30 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Hizkuntzalaritza

Vitoria-Gasteizko UPV/EHUko Letren Fakultatea aukeratu dute bi hizkuntzetako hitzen transkripzio fonetikoa jasotzen duen turkiera-gaztelania / gaztelania-turkiera lehenengo hiztegia aurkezteko. Horrez gain, gaztelaniaren eta turkieraren gramatiketarako sarrera zabalak ditu. Carmen Uriarte, Sonsoles Taltavull Cañeque eta Bilge Cerah Sunal izan dira egileak. Hiztegiak 1.088 orrialde ditu, eta hamarkada batez taldean eginiko lanaren emaitza da. Horrez gain, hogei laguntzaileren parte-hartzea ere izan dute, zenbait arlotan: filologia, hizkuntzalaritza, interpretazioa, ingeniaritza, medikuntza eta arkitektura.

Lan horren xedea da tresna didaktikoa izatea beren interes pertsonalagatik edo lanagatik bi hizkuntza horietakoren bat ikasten hasi edo sakondu nahi duten pertsona guztientzat. Gaztelania 500 milioi pertsonak baino gehiagok hitz egiten dute, eta, turkiera, berriz, 150 milioi pertsonak baino gehiagok. Hiztegi hori, hitzen esanahia jakiteko erabiltzeaz gain, beste helburu hauetarako ere erabili ahal izango da: bi hizkuntzetako hitzen transkripzio fonetikoa jakiteko, aditz irregularren jokoen zerrenda zabala behar bezala idaztea bermatzeko, Espainiatik edo Latinoamerikatik datozen hitzen aldaerak bereizteko, eta beste ezaugarri batzuk ezagutzeko.

Hiztegi horri esker, gehiago hurbilduko dira Espainiako eta Turkiako hizkuntzak eta kulturak. Unibertsitatearen eremu espezifikoagoan, argitalpen horri esker, ikasleek errazago ikasi ahal izango dituzte bi hizkuntzak, eta mugikortasun-programak areagotu egin ahal izango dira. UPV/EHUk errealitate hau ezagutzen du, eta kolaborazio estua dauka Turkiako unibertsitateekin. Horren ondorioz, 17 hitzarmen sinatu ditu Turkiako 8 unibertsitaterekin, ikasleentzako mugikortasun-programen arloan.

Kolaborazio zabal hori ikerketarako eta irakasleentzako beste programa batzuetara ere heda daiteke. Ankarako Unibertsitatearekin sinatutako akordio horietako bati esker, hiztegi honen egileetako bat eta lehenengo sustatzailea den Carmen Uriarte turkiera-irakurlea izan zen 2005etik 2010era UPV/EHUko Letren Fakultatean.

Aldi horretan, Uriartek turkiera-eskolak eta Turkiako kulturari buruzko eskolak eman ahal izan dizkie Vitoria-Gasteizko Letren Fakultatean dauden filologia ezberdinetako ikasleei. Hiztegi horri esker, ikastaro horietan izena eman duten Fakultateko ikasleek errazago ikasi ahal izango dute. Horrez gain, Turkiako unibertsitateekin UPV/EHUk sinatuta dituen mugikortasun-programetan dauden ikasleentzat ere mesedegarria izango da. Arrazoi horiek guztiak direla-eta, aurkezpen-ekitaldi hau dela bide, Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektorea pozik agertu da hiztegi hori argitaratu delako. Izan ere, Goirizelaiak esan duenez, “Espainiako eta Turkiako hizkuntzen eta kulturen arteko hurbilketa handiagoa ahalbidetuko du, eta herrialde horietako unibertsitateen arteko lankidetza ere bultzatuko du, maila guztietan".

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: