#GaiNagusiak

Shigelosiaren aurkako txerto berri bat garatzen dihardute zenbait nanopartikulekin

Noiz argitaratua: 12/01/18 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna #Teknologia

Nafarroako Unibertsitateko Mikrobiologia eta Farmazia Teknologia Saileko ikertzaileek bakterio-disenteria edo shigelosia tratatzeko aho bidezko txerto berri bat garatzen dihardute. Patologia horrek 1,1 milioi hildako eragiten ditu urtero mundu osoan; % 61 5 urte azpiko haurretan.

Shigella bakterioak —bazilo-disenteria sortzen duten patogeno-taldea— eragindako gaixotasun horrek etengabeko beherakoa eragiten du. Uzkitik nahiz ahotik gertatzen da infekzioa, eta infekzio-dosi txiki bat nahikoa da gaitza sortzeko. Horrenbestez, shigelosiak 164,7 milioi pertsonari eragiten die munduan; garatze-bidean dauden herrialdeetako 163,2 milioi pertsonari, eta herrialde industrializatuetako 1,5 miliori, hain zuzen ere.

“Horregatik”, dio Carlos Gamazo irakasleak eta Nafarroako Unibertsitateko Mikrobiologia alorreko proiektuaren koordinatzaileak, “Munduko Osasun Erakundeak lehentasuna eman die gaixotasun horren aurkako txerto eraginkorrak garatzeko programei. Izan ere, batetik, higiene-osasuneko prebentzio-neurriak ezartzeak zailtasun ugari ditu, eta, bestetik, ikusi dute antibiotikoekiko multirresistenteak diren anduien prebalentzia oso altu dela”.

Halaber, adituak baieztatu du gaur egungo txertoek ez dutela arrakasta handirik izan egin diren probetan, eta horietako batzuek beherakoa eta sukarra eragiten dutela, eta, horrenbestez, gizakiotan erabiltzeko mugatuak daudela.

Tratamendu seguruagoa

Nafarroako Unibertsitateko zientzialariek garatzen diharduten tratamendu berrian, txertoa seguruagoa da. Izan ere, nanopartikuletan oinarritutako zatiki subzelularrak txertoa mukosa bidez emateko aukera eskaintzen dute. Ana Camachok, lan horren ikertzaile nagusiak, dio orain arte “txertoa eredu saguetan soilik aplikatu dutela, baina prebentzio-arrakasta % 100ekoa izan dela infekzio esperimental baten aurrean”.

Mikrobiologia eta Farmazia Teknologia sailetako elkarlanaren ikerketa-lana da. Carlos Gamazok koordinatzen duen Mikrobiologia Sailak txertorako antigeno aproposen hautaketa eta horiek induzitzen duten erantzun immunitarioaren jarraipena egiten du. Juan Manuel Irache buru den Farmazia Teknologia Sailak, berriz, txertoa administratzeko nanopartikulen formulazio aproposena garatzen du.

Bi ikertzaile horiez gainera, beste hauek ere parte hartu dute lan horretan: Ana Camacho, Juliana de Souza, Patricia Ojer, Susana Sánchez eta Adela López de Cerain. Proiektuak lehenengo saria jaso du Microbiotec´11, Portugalgo Braga hirian egindako bioteknologiaren gaineko jardunaldi batean, eta beste zenbait aipamen jaso ditu Pragan (Txekiar Errepublika) eta Baltimoren (AEB) ospatutako nazioarteko kongresuetan.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, Universidad de Navarra
Laura Juampérez

Egilea: Laura Juampérez (Universidad de Navarra)

Laguntzailea: