#GaiNagusiak

Costa Rican patataren sitsen izurriak kontrolatzeko biointsektiziden erabilera ikertu dute doktore-tesi batean

Noiz argitaratua: 12/01/13 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak
 Yanerry Gómez Bonilla

Yannery Gómez Bonilla Biologian lizentziaduna da Costa Ricako Unibertsitatean, eta granulobirusak patataren bi sits-espezieren aurka aplikatzeko aukera ikertu du bere doktore-tesian. Espezie horiek izurri ugari sortzen dituzte, bai landan bai eta biltegian ere. Bi kasuetan frogatu dute erabilitako formulen eraginkortasuna biointsektizida gisa.
Biointsektizida bat da birusaren infekzio-partikulak dituen (inklusio-gorputz deitzen zaie) prestakin bat. Larbek inklusio-gorputz horiek irensten dituzte, eta infektatu egiten dira. Birusa ugaldu egiten da orduan larba barruan. Irentsitako infekzio-partikulen kopurua handia bada, larba hil egiten da, eta milioika inklusio-gorputz askatzen ditu. Gorputz horiek larba berriak infektatuko dituzte.

Yannery Gómezek azaltzen duenez, “bada kontrol-agente gisa ezaugarri oso onak dituen granulobirus bat”, Phthorimaea operculella eta Tecia solanirova espezieetako sitsen aurkako intsektizida kimikoen ordez erabili daitekeena. Birusa P. operculella larbetatik isolatu zen berez. Hori dela eta, P. operculella (PhopGV) granulobirusa deitzen zaio, eta "T. solanivora ere infektatzeko gai da, nahiz eta kasu horretan biointsektizida gisa duen jarduera txikiagoa den".

Delia Muñoz Labiano Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nekazaritzako Ekoizpen Saileko irakasleak eta Miguel López-Ferber École des Mines d´Ales-eko irakasleak (Frantzia) zuzendu dute "Characterization of novel granulovirus strains from Costa Rica against Phthorimaea operculella and Tecia Solanivora” doktore-tesia.

Landako eta biltegiko emaitzak

Tesiaren lehen helburua izan zen Costa Ricako PhopGV granulobirusaren andui autoktonoak biltzea. Patataren bi sits-espezie horiek dira landako eta biltegiko izurri nagusiak aipatutako herrialdean. Gero, intsektizida gisa izan zezakeen eraginkortasuna balioetsi zen. Landan, birusak % 50etik % 80ra bitartean murriztu zuen kaltea, neguko eta udako saioetako tratamendurik gabeko laginekin alderatuz. "Gainera —azaldu zuen ikertzaileak—, murrizketa hori ez zen askoz ere handiagoa izan, intsektizida kimiko batek edo birusak eta intsektizida kimiko batek batera eragindako murrizketa baino". Biltegian, birusak % 70 baino gehiago murriztu zuen kaltea, tratamendurik gabeko laginarekin alderatuz, aplikazioek pataten azala erabat estali zutenean.


Bestalde, lur-azterketak egin eta gero, patata hazteko erabiltzen ez diren lurzoruetako hiru granulobirus-andui berri lortu ziren, eta "horrek erakusten du sakabanatzeak eta iraunkortasunak garrantzi handia dutela birus horien transmisioan". Andui horietako batek bi sits-espezieren aurkako patogeno-balio izugarria zuen, eta biointsektizida-gaitasun nabarmena. "Gainera, lurzoru-jatorria, iraunkortasuna eta ostalariari egokitzeko duen gaitasuna dela-eta, granulobirus hori etorkizun handiko aukera da landan kontrolatzeko".
Ikertzaileak ondorioetan aipatzen du Costa Ricako andui guztiak oso onak zirela patataren bi sits-espezieen aurka erabiltzeko. Anduien eraginkortasuna, bereziki haietako batena, landan eta biltegian frogatu da, eta beste andui batek biointsektizida gisa ezaugarri oso onak dituela frogatu da laborategiko saioetan.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, UPNA
  • Yanerry Gómez Bonilla, UPNA
Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: