#GaiNagusiak

Indukziozko motor elektrikoen jarduna hobetzeko saioak egin dituzte Eibarko Ingeniaritza Eskolan

Noiz argitaratua: 12/01/12 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Teknologia
 Tesiaren egilea, Patxi Alkorta Egiguren.

Eibarko Ingeniaritza Eskolan (UPV/EHU) defendatu du motor-kontroladore aurreratuei buruzko bere tesia Patxi Alkorta bertako irakasleak. Akatsak zuzendu eta motorraren jarduna hobetzen duten unitateak dira kontroladoreak. Puntako eredu batzuk hartu ditu, eta indukziozko motor bati aplikatzeko moduan garatu, teoria praktikara eramanaz. Eibarko eskolan bertan daukaten esperimentazio-plataforma bat erabili du horretarako. “Kontroladore horiek aurrez erabiliak izan dira, baina nik indukziozko motorrerako egokitu ditut, eta baliatu daitezkeela eta onak direla frogatu dut”, dio Alkortak. Tesiak titulu hau du: Desarrollo e implementación de controladores avanzados para motores eléctricos (Motor elektrikoetarako kontroladore aurreratuen garapena eta ezarpena).

Industrian gehien erabiltzen den motor-mota da asinkrono (edo indukziozko) trifasikoa. “Munduan kontsumitzen den potentzia elektriko gehiena motor asinkronoek kontsumitzen dute”, azaldu du Alkortak. Beraz, garrantzitsua da horien jarduna optimizatzea; besteak beste, ahalik eta energia gutxiena xahutzeko eta potentzia-kostuak aurrezteko. Horretan laguntzen dute kontroladoreek.

Abiadura eta posizioa

Zehazki, abiadura eta posizioa doitzeko kontroladore aurreratuei erreparatu die Alkortak. Batetik, motor bakoitza abiadura jakin batean funtzionatzeko sortua izan denez gero, bermatu egin behar da abiadura horri ahalik eta ondoena eutsiko diola, denborak eragindako ajeak (herdoiltzea, marruskadura…) gorabehera. Bestetik, antzeko zerbait gertatzen da posizioarekin ere. Esaterako, motorrari 30 graduko bira egiteko agintzen bazaio, itxuraz ez dirudi zaila bira egin eta gero posizio berri horretan ahalik eta sendoena mantentzea; baina praktikan badaude konpondu beharreko oztopo batzuk, ardatz gaineko karga, adibidez. Alkortak esan bezala, “kontroladorearen zeregina da kargaren eragina kentzea. Zenbat eta hobea izan, orduan eta gutxiago igarriko da kargaren eragina”.

Abiadura- zein posizio-auziak zuzentzeko, kontroladore aurreratu jakin batzuk garatu eta balioztatu ditu ikertzaileak, zenbait autoreren proposamenak oinarri hartuta eta egokitzapenak eginda, indukziozko motorrei aplikatu ahal izateko. “Doitu egin ditut eta kasu bakoitzean hiru bertsio proposatu ditut, aldaketa txiki batzuekin. Pixka bat esperimentatu dut, eta erabil daitezkeela ikusi”, azaldu du.

Bi motatako kontroladore aurreratuen gainean egin du lan, zehazki. Batetik, Modu Irristakorreko Egitura Aldakorreko Kontroladoreak (Variable Structure Control - Sliding Mode); eta, bestetik, Kontroladore Iragarle Orokortuak (Generalized Predictive Control). Lehen motakoekin, denborarekin motorrak izaten dituen eta aurreikusi ezin diren zenbait aldaketa (inertzia, marruskadura…) gainditzen dira; eta bigarrenekoekin, motorrari etorkizunean eskatu beharko diogun portaera-aldaketa aldez aurretik zehazten da. Lehen motako kontroladoreari esker jakingo dugu, adibidez, motorrak biraketa gehiago beharko dituela etorkizunean behar bezala funtzionatzen jarraitzeko; eta bigarrenari esker, makina aldez aurretik prestatuko da egokitzapen hori egiteko.

Eredu horietatik abiatuta garatutako bertsioak maila esperimentalean balioztatu ditu, gainera, Alkortak; horixe izan da bere tesiaren ekarpen handiena. Eibarko Ingeniaritza Eskolan dagoen esperimentu-plataforma bat baliatu du horretarako. Ei-IM-1 du izena, eta 7,5 kilowatteko indukziozko motor komertzial batean oinarritzen da. Duela lauzpabost urte jarri zuten martxan Alkortak eta beste zenbait lankidek, halako probak egiteko. Horri esker, ikertzaileak egiaztatu duenez, abiadura eta posizioa zaintzeko garatu dituen kontroladore aurreratuak baliagarriak dira benetako industria-aplikazioetarako.

Egileari buruz

Patxi Alkorta Egiguren (Ondarroa, 1967) elektronika-ingeniaria da, eta unibertsitate-masterra dauka Kontrol Ingeniaritzan, Automatizazioan eta Robotikan. Oscar Barambones Caramazana UPV/EHUko Gasteizko Ingeniaritza Eskolako Sistemen Ingeniaritza eta Automatika Saileko irakasle titularraren zuzendaritzapean idatzi du tesia. Sail horretan bertan defendatu du, baina Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan (UPV/EHU). Gaur egun, sail eta fakultate horretan dihardu lanean Alkortak, irakasle titularra baita.

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, Patxi Alkorta Egiguren., Patxi Alkorta Egiguren
  • Egiaztapen esperimentaletan baliatutako plataforma., Patxi Alkorta Egiguren
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: