#GaiNagusiak

Berotegietarako panel fotovoltaiko berezi batekin laborantza-probak egiten dihardute ULMAk eta Tecnaliak

Noiz argitaratua: 12/01/11 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Ingurumena #Teknologia
 Berotegia

ULMA Agrícolak, ULMA Taldearen berrikuntza-alorraren laguntzarekin eta Tecnaliaren Energia Unitatearekin sinatutako hitzarmenari esker, zenbait modulu fotovoltaiko ezarri ditu 400 m2 inguruko kristalezko berotegi batean.

ULMA Agrícolak, ULMA Taldeko berrikuntza-arloak eta Tecnaliak elkarlanean garatutako modulu fotovoltaiko berri horrek elektrizitatea sortzeko aukera ematen du, laborantza gehiegizko itzalarekin kaltetu gabe. Lenteetan oinarritutako sistema optiko baten bidez Eguzkiaren ibilbidean altuerari dagokion urteko oszilazioa aprobetxatuz, eguzki-erradiazioa urte-garaiaren arabera desbideratzea lortu dute. Inolako jarraipen mekanikorik egin gabe, teknologia gai da laborantzak ezartzen dituen beharrak asetzeko. Horrenbestez, neguan (urritik otsailera bitartean), argia ez da ia gutxitzen berotegi barruan, parametro hori ezinbestekoa da landareak egoki hazteko. Udan, ordea, sistema optiko horrek modulua osatzen duten zelula fotovoltaikoetara desbideratzen du eguzki-erradiazioa, bi helburu hauekin: batetik, berotegia hozten du tenperatura altuko garai kritikoetan, eta, bestetik, elektrizitate-ekoizpena areagotzen du sistema fotovoltaikoaren bidez.

Gaur egun, zenbait saiakuntza egiten ari dira, Neiker-Tecnalia zentro teknologikoak Derion duen ULMA Agrícolaren berotegi batean. Lehenengo saiakuntzak tomatearekin eta piperrekin egiten ari dira. Bi labore horiek aukeratu dituzte, munduan hedatuenetarikoak direlako, argi asko behar dutelako eta balio erantsi handiko produktuak direlako berotegietako nekazaritzan.

Udan egindako testetan, laborantzaren parametrorik kritikoenak neurtu dituzte, hala nola PAR erradiazioa eta erradiazio totala, hezetasuna eta tenperatura. Halaber, modulu fotovoltaikoaren menpean hazitako laboreen kalitatea eta ekoizpena kontrolatu dituzte, beirazko ohiko estalki baten pean hazitako laboreekin lortutako datuekin alderatzeko. Emaitza positiboak lortu dituzte. Horrenbestez, azaroaren erdialdetik 2012ko martxoaren erdialdera arte, alegia, neguan, aldagai berak kontrolatuko dituzte, antzeko emaitzak lortzen dituzten edo ez ikusteko. Elektrizitatearen ekoizpenari dagokionez, lehenengo neurketen arabera, % 15 hobetzen da urteko ekoizpena, ohiko sistema fotovoltaiko batekin alderatua.

Beraz, modulu berriak aukera ematen du gailu fotovoltaikoak eta laboreak aldi berean izateko. Berotegi barruko tenperatura eta erradiazioa urtaroaren arabera kontrolatzeko balio du. Gainera, nekazariaren jarduera ekonomikoari lagundu diezaioke, lortutako energia salduta edota norberak kontsumituta.

Garatutako teknologia horrek modu erraz, sendo eta eraginkor batean eragozten ditu neguko gehiegizko itzalarekin eta udako erradiazioarekin loturiko arazoak. ULMA Agrícolaren berotegietan balioetsi ostean, 2012ko bigarren seihilekoan merkaturatzea aurreikusten dute.

Informazio osagarria

  • Berotegia, Neiker-Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, Neiker-Tecnalia
  • Berotegietako panelak, Neiker-Tecnalia
Iranzu Telletxea

Egilea: Iranzu Telletxea (NEIKER-Tecnalia)

Laguntzailea: