#GaiNagusiak

Gaixoei laguntzeko gakoak, familia-medikuaren ordenagailuan

Noiz argitaratua: 12/01/11 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Informatika #Osasuna
 E. González, A. Iruetaguena, D. Buenestado, J.J. Korta, U. Segundo, C. Ocáriz, T.A. Pérez, J.M. Pikatza, J.R. Zubizarreta eta R. Barrena. Falta dira: J.J. García, L. Aldamiz-Echevarria, J.J. Elorz eta J.M. Rivadeneyra.

Demagun gaixo bat familia-medikuarenera joan dela. Sendagileak ez du garbi zer gaitz duen, eta ordenagailuan idazten ditu gaixoaren datu orokorrak, historia eta sintomak. Zenbait galderari erantzun eta gero, pantailan agertzen zaio halako gaitza izan dezakeela, halako tratamendua duela eta halako espezialistarengana joan behar dela. Hori utopia da orain, baina errealitate bihurtzeko lanean ari dira Erabaki ikerketa-taldean. UPV/EHUko Informatika Fakultateko bederatzi ikertzailek eta Gurutzetako, Donostiako eta Basurtuko ospitaleetako lau sendagilek osatzen dute taldea. Bi diziplinetako kideak behar baitira haien helburua lortzeko: gida klinikoen ezagutza transmititzea, demokratizatzea.

Gaitz jakin bat tratatzeko jarraibideak ematen dituen dokumentua da gida klinikoa. Horietan biltzen den ezagutza kalitate handikoa dela dio Juan Manuel Pikatza taldeburuak: “Arazoa zera da: paperean transmititzen da normalean, eta katearen bukaeran dauden eta espezialista ez diren profesionalek (familia-medikuak), nola irakurriko dituzte, bada, gida guztiak? Ez dute denborarik, ez eta dena asimilatzeko ahalmenik ere”. Hala, plataforma teknologiko bat sortu dute Erabakin, ezagutza eta informazioa sinplifikatzeko eta ez galtzeko: “Gida klinikoetako jardunbide onenak (egin beharrekoa, pausoz pauso) ordenagailu batean exekutatzea lortu behar dugu, eta prozesua azkar egitea”.

Elkar ulertzeko editorea

Lehen urratsetako bat zera da, plataforma edukiz hornitzeko lanetan parte hartzen duten mediku espezialistek eta informatikariek elkar ulertzea. Hau da, gida klinikoak programan txertatzean, informatikariek bere egitea espezialistek transmititu nahi duten guztia. Horretarako, editore bat du plataformak: “Espezialistak berak, grafikoekin lagunduta eta modu errazean, sar dezake nahi duena, inolako ikastaro berezirik egin beharrik gabe”. Hortik abiatuta, medikuntzako terminologia batua (UMLS) ere badu txertatuta erreminta honek; ia bi milioi kontzeptu, definizio estandar eta guzti. Erabakitze-taulak ere ezinbestekoak dira, faktoreak eta gaixotasunak elkarrekin lotzen baitituzte. “Informazio hori guztia sartu, eta goi-mailako diagnostiko-tratamendu bat sor dezakegu”, dio Pikatzak.

Askotariko gaitzei buruzko gida informatizatuak zerbitzari batean exekutatzeko moduan jarriz gero, gaixo bakoitzari dagozkion gomendio zehatzak jasoko lituzke erabiltzaileak, bai eta diagnostiko- eta tratamendu-prozesuen grafikoak ere. Datu ugari agertuko litzaizkioke pantaila aurrean: “Dagokion gidari buruzko informazioa, bibliografia, sendagaiei buruzko datuak, terminologia eta ebidentzia zientifikoa (zenbateraino dagoen egiaztatuta proposatutako tratamendua egokiena ote den)”.

Asmaren gidak, aztergai

Orain arte, hiperamonemiari buruzko gida bat eta asmari buruzko bi informatizatu ditu Erabaki taldeak; www.e-guidesmed.ehu.es webgunean daude, exekutatzeko moduan. Asmari lotutako aplikazioetan doaz aurreratuen: “Une honetan, azterketa kliniko batean erabiltzen ari dira. Gaixo asmatikoak dituzten launa sendagile hartu ditugu Gipuzkoan eta Bizkaian, eta guztira 80 bat gaixoren bilakaera ikertzen ari dira gida horiekin. Sendagileek, batez ere anbulatorioetakoek, zer dioten ikusi nahi dugu”.

Utopia errealitate bihurtzeko, iKude Telemed enpresa sortzea izan da UPV/EHUko talde horrek eman duen beste pauso bat. “Teknologia enpresa horri transferitzen ari gara orain. Jardunbide egokiak zabaltzeak aplikazio-arlo asko ditu. Kalitateko zerbitzuak bideratzeaz gainera, lehiarik gabeko merkatu bat da. Uste dut orain egin daitekeela urratsa. Hala ere, gaixotasun batzuen gidak informatizatu behar ditugu lehenik, eta emaitzak ikusi. Egin beharreko zerbait da hori dena, komunitate zientifikoan adostasun zabala dago horren inguruan”, adierazi du Pikatzak.

Jauzi kualitatibo handia

Orain egin daitekeela dio, Erabakik esku artean duen teknologia punta-puntakoa eta erabilerraza delako. Lehenago beste baliabide batzuekin saiatu ziren, baina ez zuten lortu osasunaren arloan ezartzea; hala gertatu da munduan egin diren horrelako beste saiakera batzuekin ere. Ekimen berriak, aldiz, harrera ona izan dezakeela uste du Pikatzak: “Jauzi kualitatibo handia da. Orain daukagun teknologia izugarri automatizatuta dago, eta uste dut aukera izan beharko lukeela. Sendagileek, behintzat, esan digute izugarrizko aurrerakuntza dela haientzat”. Familia-medikuentzat ez ezik, espezialitatea egiten ari diren ikasleentzat (MIR) ere izan daiteke baliagarria. Edo gaixo kronikoentzat; diabetikoentzat, kasurako, haiek berek une oro kontrolatzeko zer tratamendu behar duten.

Osasun-zentroetan, ospitaleetan edo anbulatorioetan horrelako plataforma bat ezartzeak denen ahalegina eskatzen du, UPV/EHUko irakasle horrek aitortu duen bezala: “Hau ez da informatikarien lana bakarrik, sendagileek parte hartu behar dute. Lanpetuta daude, baina antolatzea lortu behar da”. Lan-moldean aldaketak egitea kosta egiten bada ere, emaitzak merezi duelakoan baitago: “Ezagutza hori transmitituta, aukerak ugaritu egingo lirateke; baita kostuak gutxitzeari dagokionez ere”.

Informazio osagarria

  • E. González, A. Iruetaguena, D. Buenestado, J.J. Korta, U. Segundo, C. Ocáriz, T.A. Pérez, J.M. Pikatza, J.R. Zubizarreta eta R. Barrena. Falta dira: J.J. García, L. Aldamiz-Echevarria, J.J. Elorz eta J.M. Rivadeneyra., Juan Manuel Pikatza
  • Erabakik garatu duen sistemari buruzko kontzeptu-mapa, gaztelaniaz., Juan Manuel Pikatza
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: