#GaiNagusiak

Kimika, ingurumenaren lagun

Noiz argitaratua: 12/01/10 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Fisika, Kimika eta Matematika #Ingurumena
 Tesiaren egilea, Ainara Gredilla Altonaga.

Kimikariek metodo suntsitzaileak baliatu behar izaten dituzte maiz laginen analisietan. Esaterako, sedimentuetako metal-kontzentrazioa neurtzeko erauzketak egin behar izaten dituzte, eta azido nitrikoaren gisako substantziak aplikatu. UPV/EHUko Ainara Gredillak aurrerapausoa eman du, etorkizunean teknika ‘berdeagoak’ baliatzeko. Bilboko itsasadarreko metal-kontzentrazioa aztertu du metodo tradizionalak baliatuta, eta, datu horien laguntzarekin, eredu estatistikoak osatu ditu; ohiko teknikekin gaurko sedimentuetatik lortutako datuak biharko sedimentuetarako baliagarri bihurtzea du helburu, erauzketak saihesteko eta substantzia suntsitzaile gehiago ez erabiltzeko. Titulu hau du bere tesiak: Metalak eta metaloideak itsasadarretan: kutsadura jarraitzeko erreminta analitikoen garapena.

UPV/EHUko Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa (IBeA) taldean egin du lana Gredillak. Hain zuzen ere, Silvia Fernándezek (Gredillaren tesiaren zuzendaria eta IBeAko taldekidea) ur eta sedimentuetako metal-kontzentrazioak aztertu zituen Nerbioi-Ibaizabal itsasadarrean, 2005etik 2007ra, eta ikerketa horri segida eman dio Gredillak. 2008ko apiriletik 2010eko urrira, hiru hiletik behin egin ditu lagin-bilketak. “Behaketa espazial zehatzagoa egin dut. Normalean, zortzi puntutan hartzen ditugu sedimentuak eta ura, baina kasu honetan 49 puntutan egin dugu”, azaldu du.

Ikertzaileak berretsi du itsasadarra hobetzen ari dela, baina oraindik behar baino metal-kontzentrazio handiagoa duela. 2005etik 2007ra hautemandako gorabehera bertsuak aurkitu ditu; hala ere, badaude xehetasun batzuk. “Kutsadura metalikoari dagokionez, ikusi dugu uretan goranzko joera dagoela, eta sedimentuetan, beheranzkoa”, esan du. Sedimentuen eta uraren artean kutsatzaileen transferentzia egotea da fenomeno hori azaltzeko hipotesi sendoena: “Kutsadura itsasadarraren goialdetik dator, eta, ur gazia sartzean, metalezko partikulak sedimentuetan metatzen dira. Baina uretan aldaketa fisiko-kimikoak gertatzen badira, gerta daiteke mugiaraztea eta uretara itzultzea”.

Espektroak eta kimiometria

Dena dela, kimika ‘berdea’ lortzeko egindako aurrerapenak dira ikerketa-lan honen ekarpen deigarriena. Nerbioi-Ibaizabal ibaiadarreko datuak ohiko metodoen bidez eskuratu baditu ere, aldi berean, teknika alternatiboen bidea urratzeko balio izan diote Gredillari. Infragorri bidezko espektroskopia eta X izpiak dira alternatiba horiek; horien bitartez dagokion sedimentuari buruzko datuak lortzen dira, lagina suntsitzen duen substantzia kimikorik erabili gabe.

Hain zuzen, metodo tradizionalekin lortutako emaitzak eta alternatiboekin eskuratutakoak elkarlotzeko lehen urratsak egin ditu ikertzaileak. Izan ere, sedimentu-lagin batek halako metal-kontzentrazioa duela ikusiz gero (metodo tradizionala), halako proiekzioa emango du infragorri bidezko espektroskopia edo X izpiak aplikatzen zaizkionean (metodo alternatiboa). Horrenbestez, balio horien arteko erlazioaz nahikoa informazio bilduko balitz, etorkizunean aukera legoke, soilik metodo alternatiboak edo ‘berdeak’ baliatuta, kasuan kasu metal-kontzentrazioa nolakoa eta zenbatekoa den iragartzeko.

Eta nola egituratu bi balio-mota horien arteko erlazio-sarea? Kimiometriaren bitartez. Hau da, kimikako datuei metodo matematikoak eta estatistikoak aplikatuta. “X izpien edo infragorrizko espektroskopiaren bitartez lortu ditugun espektroak eta aurreko metodoaren bitartez lortu genituen metal-kontzentrazioak konbinatzen ditugu. Horrekin, eta kimiometria-teknika batzuk erabiliz, matematika-eredu batzuk garatu ditugu. Horiei esker, adibidez, nik 14 metal azter ditzaket, eta metal bakoitzaren kasuan eredu bat izango dut, haren kontzentrazioa iragartzeko”, esan du Gredillak. Ikertzaileak hiru hilabete eman zituen Kopenhageko Unibertsitatean, multzoen identifikaziorako kimiometria-tekniken nondik norakoak ikasten.

Oraingoz maila teorikoan baino ez ditu garatu metal-edukiak iragartzeko matematika-ereduak, baina noizbait aplikagarri bihurtzea da asmoa; “noizbait posible izatea, sedimentu bati X izpi bat zuzenduta, haren metal-edukia zehaztea. Kontua ez litzateke lagin gutxiago hartzea, baizik eta analisia erraztea eta merkeagoa eta berdeagoa izatea”. Hain zuzen ere, garatutako ereduon sendotasuna egiaztatzeari ekingo dio orain Gredillak, horiek munduko beste itsasadar batzuetako sedimentuei aplikatuta. Izan ere, nazioarteko proiektu batean parte hartzeko aukera sortu zaio berriki, Europako eta Hego Amerikako beste zenbait ikertzailerekin batera.

Egileari buruz

Ainara Gredilla Altonaga (Bilbo, 1983) Kimika Analitikoan doktorea da. Alberto de Diego Rodríguez (irakasle titularra) eta Silvia Fernández Ortiz de Vallejuelo (bitarteko irakaslea) UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Aplikatua Saileko kideen zuzendaritzapean idatzi du tesia, bai eta sail horretan bertan defendatu ere. Lana UPV/EHUn egin du nagusiki. Horrez gain, ikerketarako baliagarriak izan zaizkion bi egonaldi egin ditu kanpoan: 2008ko azaroan, Valentziako Unibertsitateko Solinquiana ikerketa-taldean (irtenbideak eta berrikuntzak kimika analitikoan), Miguel de la Guardiaren gidaritzapean; eta 2009ko iraila-abendua aldian, Kopenhageko Unibertsitateko Elikadura Zientzien Sailean, Rasmus Broren zuzendaritzapean.

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, Ainara Gredilla Altonaga., Ainara Gredilla
  • Ikerketari buruzko irudia., Ainara Gredilla
  • Ikerketari buruzko irudia., Ainara Gredilla
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: