#GaiNagusiak

‘Kuantu-ilaren’ fisika hobeto ulertu behar da, baldin eta etorkizuneko elektronika eraginkorragoa eta txikiagoa izatea nahi bada

Noiz argitaratua: 12/01/09 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Fisika, Kimika eta Matematika #Teknologia
 Dimentsio bakarrean higitu behar duten partikula kuantikoen portaera auto-ilara batean dauden autoen parekoa da. Haietako bat higituko da, baldin eta soilik baldin beste guztiek mugimendu bera egitea adosten badute.

American Physical Society elkartearen Reviews of Modern Physics aldizkari ospetsuak Miguel A. Cazalilla, Materialen Fisika Zentroan (CFM, CSIC-UPV/EHU zentro mistoa) eta Donostia International Phisics Center-en (DIPC) diharduen zientzialaria, eta Europako eta AEBko beste lau ikertzaile gonbidatu ditu berriki review artikulu bat idaztera, eta duela gutxi argitaratu dute haien lana. Bakoitzaren ezagutza-eremuan lehen mailako aditutzat jotzen direnak gonbidatzen dituzte aldizkari ezagunean. Artikuluak dimentsio bakarreko partikula askoko fisika kuantikoan egin diren aurrerapausoen inguruko gaur arteko ikuspegia eskaintzen du: ‘Dimentsio bakarreko bosoiak: materia kondentsatutik atomo ultrahotzetara’.

Elektronikaren industriak mikrotxipen osagaien neurriak miniaturizazioaren mugetara eraman dituen honetan, ezinbesteko bihurtzen ari da ondo ulertzea zer propietate dituen kanal estuetan egotera mugatuta egon behar duen materiak. Izan ere, etorkizunean efektu kuantikoek eragin handia izango dute, bai gailu elektronikoen propietateetan, bai gailuak konektatuko dituzten kableetan. Espekulazioan oinarritutako teoriatik ebidentzia esperimentaletara igaro da dimentsio bakarreko partikula askoko fisika kuantikoaren esparrua, gaur egun materia nanoeskalan manipulatzeko dugun gaitasunari esker.

Materia lerro bakar baten zehar mugitzera behartzen denean, hainbat fenomeno kolektibo berri azaleratzen dira. Partikula kuantikoak auto-ilara batean harrapatuta egotea bezalako efektua litzateke, edota film bat ikusteko ilaran egotea bezalakoa. Izan ere, aurreko bi kasuetan, aurrera zein atzera egiteko, talde osoaren adostasuna behar da. Beraz, partikula kuantikoek, bosoiek adibidez, ere egon behar dute ilaran!
Cazalilla doktoreak gaiarekiko egin duen hurbilpena eremuen teoria kuantikoan oinarritzen da nagusiki; mundua ulertzeko tresna eraginkorra da energia-mailarik altuenetan (LHCaren eta haren pareko azeleragailuetan aurkitutako energia-mailetan), eta, horrez gainera, eremuen teoria kuantikoa tresna eraginkorra ere bada dimentsio mugatuetan mugitzera behartuta dagoen eta hainbat fase izan ditzakeen materiaren propietateak ulertzeko.

American Physical Society elkartearen Reviews of Modern Physics aldizkaria laugarrena da 2010 Journal Citation Report-Science Edition delakoan, eta haren eragin-faktorea 1,5 aldiz handiagoa da Nature aldizkari ospetsuarena baino. Bakoitzaren esparruan goi-mailako adituak direnak baino ez dituzte gonbidatzen aldizkari horretan ezer argitaratzera, eta, horrenbestez, reviewa argitaratu izanak Cazalilla doktorearen bikaintasuna aitortzen du.

Gaian sakontzeko, ikus informazio osagarria.

Informazio osagarria

  • Dimentsio bakarrean higitu behar duten partikula kuantikoen portaera auto-ilara batean dauden autoen parekoa da. Haietako bat higituko da, baldin eta soilik baldin beste guztiek mugimendu bera egitea adosten badute., CFM
  • icono_documento
    Laburpena, Cazalilla, CFM
Laguntzailea: