#GaiNagusiak

Heriotza, haurrei kontatua

Noiz argitaratua: 12/01/05 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Hizkuntzalaritza #Gizarte-zientziak
 Tesiaren egilea, Txabi Arnal Gil.

Nola esan haur bati aitona, ama, laguna… hil dela, betiko joan dela? Heriotzaz diharduten literatura-albumak aztertu ditu Txabi Arnal UPV/EHUko irakasleak, galdera horri nola erantzuten dioten ikusteko. Ikerketa-lan horretan oinarrituta, tesia defendatu du, izenburu honekin: El tratamiento de la muerte en el álbum ilustrado infantil. Obras publicadas en castellano (Heriotzaren tratamendua haur-album ilustratuan. Gaztelaniaz argitaratutako obrak). Egileak berak esan duenez, “orain arte ia tratatu ez den gai bat landu dut. Hori izan da nire ekarpen handiena: beldurra kentzea, tabuari aurre egitea”.

Albumetan, irudiek eta testuek elkarrekin osatzen dute narrazioa. Zehazki, haurrei zuzendutako horrelako 57 liburu izan ditu ikergai Arnalek; gaztelaniaz argitaratuak guztiak, originalak zein itzulpenak. Gaurkotasun handiko lagina da, gainera, 1980tik 2008ra bitartean argitaratutako lanak baitira: “Aztertutako albumak bizirik egotea nahi nuen; inork bilatu edo erosi nahi izanez gero, eskuratzeko aukera izan zezan”. Esaterako, Wolf Erlbruchen El pato y la muerte (Ahatea eta heriotza), Sylvia van Ommenen Regaliz (Erregaliza) eta Peter Schössowren ¿Cómo es posible? (Nola liteke?) dira aztertu dituen album ezagunenetako batzuk. Askotariko auziei erreparatu die narrazio horietan guztietan: heriotzak dakartzan sentimenduak nola tratatu diren, protagonistak, heriotzaren kausak, haurraren ulertze-prozesua, narrazioan egindako ahalegina heriotza desmitifikatzeko…

Naturaltasun handia

Aurreikusi baino ondorio hobeak atera ditu Arnalek. “Oso era naturalean tratatzen da heriotza. Liburu hauek panfleto modukoak izango zirelako aurreiritzia nuen, didaktismoak pisu handiagoa izango zuela literatura-balioak baino; halako gai deserosoen aurrean lehentasuna ematen baitzaio transmititu nahi denari. Eta ezustekoa izan dut: album gehienek literatura-balio handia dute, eta gaia naturaltasunez jorratzen dute, nolabait helburu didaktikoa alde batera utzita. Hemen garrantzitsuena ez da gaia, kontakizuna baizik”, azaldu du. Aitortu du normalean ez direla erabiltzen heriotza edo hil moduko hitzak albumetan, eta ordezko esapideak baliatzen direla gehienetan; baina literaturaren beraren esentziari egotzi dio hori: “Literatura-testuak dira eta egileak nahi duen bezala esan dezake; (heriotza) hitza gordetzen du, baina kontzeptua ez”.

Ikuspegi-aniztasuna ere nabarmendu du Arnalek, albumok aztertuta. Adibidez, jorratzen den gai zehatzari dagokionez: “Batzuetan doluari ematen zaio garrantzi handiena, beste batzuetan hiltzeari berari, edo zeremoniari…”. Protagonistak ere askotarikoak izaten dira, hildakoari eta hildakoaz min denari dagokionez. Hildakoen artean, aitona, ama, txakurra, haurra bera… aurkitu ditu ikertzaileak, aztergai izan duen laginean; eta istorioak heldu baten mina edo ume batena konta dezake, kasuan kasu.

Erreminta irakasleentzat

Haurrekin lan egiten duten (Haur Hezkuntzako irakasleak, hezitzaileak…) eta horiekin heriotzaren gaia tratatzeko laguntza behar duten profesionalek erabiltzeko pentsatuta dago tesi hau. “Baliabideak ematen ditut. Esaten dut: ‘Literatura erabili nahi baduzu, jakin ezazu liburu honek honela kontatzen duela heriotza. Edo, bestela, baduzula beste ikuspegi honetatik jorratzen duen hau, edo beste hau…’”, azaldu du Arnalek. Izan ere, besteak beste, erreferentzia bibliografiko zabala eta aztertutako album bakoitzaren fitxa txertatu ditu ikerketa-lanean. “Jakin behar dugu badaudela horrelako liburuak ere. Eta, gainera, haur-literatura direla, haurrek irakurtzeko oso aproposak”, gaineratu du.

Egileari buruz

Javier Ignacio ‘Txabi’ Arnal Gil (Ermua, 1967) Geografia eta Historian lizentziaduna da, eta Irakasle Eskolako diplomatua, Haur Hezkuntzako espezialitatean. Xabier Etxaniz Erle eta José Manuel López Gaseni UPV/EHUko Gasteizko Irakasleen Unibertsitate Eskolako Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saileko irakasleen zuzendaritzapean idatzi du tesia. Sail horretan defendatu du Arnalek bere lana. Gainera, gaur egun bertan dihardu lanean, irakasle lankide gisa.

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, Txabi Arnal Gil., Txabi Arnal-Gil
  • 'El pato y la muerte' albumeko ilustrazioa., Wolf Erlbruch
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: