#GaiNagusiak

Bechstein saguzarra, uste baino mediterraneoagoa

Noiz argitaratua: 12/01/04 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak
 Tesiaren egilea, María Napal Fraile.

Baso hostogalkorretan bizi da Bechstein saguzarra edo Myotis bechsteinii. Oso arrunta zen Holozenoan; gaur egun, ordea, populazioa oso zatituta dago, nahiz eta ia Europa osoan aurkitu daitekeen koloniaren bat. Gizakiaren esku-hartzeak eta basoen soiltzeak arriskuan jarri dute, bai eta hari buruzko ezagutza lausotu ere, María Napal biologoak egiaztatu duenez. Bechstein saguzarraren habitat naturala Europako erdialdea dela esan ohi da, baina ikertzaile honen emaitzek Mediterraneora begira jarri dute; izan ere, espezie hau urriagoa da hor, bai, baina ez kondizio bioklimatikoak arrotzak zaizkiolako, bertako basoak desagertuz doazelako baizik. UPV/EHUn egin du tesia Napalek: Comparative study of Bechstein’s bats in contrasting climates: the legacy of forest transformations (Bechstein saguzarren erkaketa klima desberdinetan: basoen eraldaketaren ondarea).

Iberiar penintsulako paradoxa bat du abiapuntu lan honek. Datuek diote Mediterraneoko eskualde batzuetan badagoela Bechstein saguzarraren dentsitate handia. Penintsulako eremu atlantikoan, ordea, nekez aurkitzen da, nahiz eta klimak antz handiagoa izan Europako erdialdekoarekin. Beraz, Napalek ondorioztatu duenez, espeziea Europako hegoaldean urriagoa izatea ezin zaio egotzi kondizio bioklimatiko beroei. Egon behar du beste arrazoiren bat; bestela, presentziak handiagoa izan behar luke Galizian, adibidez, Andaluzian baino. “Konturatu ginen Mediterraneoko guneak ez zirela okerragoak espeziearentzat. Saguzarraren jatorria Mediterraneoan egon zitekeela, baina soiltzea zela medio, basoak kontinenterantz mugitu zirela, eta basoekin batera, espeziea ere bai”, dio Napalek. Hala, espeziearen beharrizan ekologikoak berraztertu behar direla azaldu du.

Beroak ez du ezer txarrik

Mediterraneoko kondizioak kaltegarriak ez izateaz gain, bizirauteko onuragarriak ere badirela ikusi du ikertzaileak: “Bizimodua errazagoa da Mediterraneoan Atlantikoan baino. Klima ez da hain gogorra, eta ez dituzte hain baldintza zorrotzak bete behar”. Horren erakusle, eguraldi epela dela eta, hegoaldeko Bechstein saguzarrak malguagoak izaten dira babesleku gisa baliatuko dituzten zuhaitzak aukeratzean.

Horrenbestez, arazoa ez da klima; naturaren bilakaerak berak eta, batez ere, gizakiaren esku-hartzeak eragin duten baso-eskasia baizik. Saguzarrok bizileku mugatuak eta sakabanatuak dituzte eskuragai, Mediterraneoan zein Iberiar penintsula osoan. “Saguzar honek mugitzeko ahalmen oso mugatua dauka, egunean kilometro bat besterik ez, babeslekutik ehiza-guneetara. Basoak dentsitate handirik ez badu, nahiko zaila zaio leku batetik bestera mugitzea, eta, horren ondorioz, populazioak isolamendua pairatzen du. Horrek kalte genetiko eta demografikoak ekar ditzake”, dio Napalek.

Esaterako, Bechstein saguzarraren Cazorlako (Andaluzia) populazioak pobretze genetikoaren zantzuak dituela egiaztatu du tesian. Dena dela, ikertzaileak berretsi du isolamendua bera dela arazorik handiena. Izan ere, espeziearen Mediterraneoko aldaera erabat bakartua dago, eta populazio gisa hazteko aukera txikia du Europako erdialdekoarekin konparatuta. Orobat, basoen soiltzea zein sakabanatzea eta ondoriozko isolamendua argigarriak izan daitezke Atlantiko aldean saguzar honek duen presentzia eskasa ere ulertzeko, inguru horretan giza jarduera handia izan baita azken urteotan.

Proposamenak

Oro har, eta Europako erdialdean egoera hobea izanik ere, Napal ez da oso baikor ageri Bechstein saguzarrari dagokionez. Atzeraldia nabarmena izan da Holozenotik hona, eta askoz ere handiagoa gizakiak basoak ustiatzen dituenetik: “Argi dago espeziea atzeraka doala. Basoak mantentzen badira edo gora egiten badute, agian berreskura daiteke, baina oso zaila da, esan bezala, mugitzeko eta ugaltzeko ahalmen mugatua duelako”.

Ildo horretatik, kontserbaziorako zenbait aholku ere eman ditu bere ikerketan. Besteak beste, hauek: baso-gune bakoitzean zuhaitz heldu gutxi batzuei eustea, saguzarrek babesleku gisa erabil ditzaten; Mediterraneoan, zuhaitz hostogalkor gehiago sartzea; ur-baliabideak bermatzea; eta basoen jarraitutasunari eta egitura heterogeneoari eustea.

Egileari buruz

María Napal Fraile (Lizarra, 1983) Biologian lizentziaduna da. Joxerra Aihartza Azurtza UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saileko irakaslearen zuzendaritzapean idatzi du tesia, bai eta sail horretan bertan defendatu ere. Ikerketa UPV/EHUn egin du nagusiki Napalek, eta hiru hilabeteko egonaldia (2010eko abuztua-abendua) egin du Alemanian, Max Planck Ornitologia Institutuan (Seewiesen, Munichetik gertu).

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, María Napal Fraile., María Napal Fraile
  • Bechstein saguzarra., María Napal Fraile
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: