#GaiNagusiak

Tecnaliak eta Donostia Ospitaleak hatsaren bidez biriketako minbizia detektatzeko sentsore bat garatzen dihardute

Noiz argitaratua: 11/12/23 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna
 Interreg Medisen proiektua

Gaixotasun batzuen, hala nola biriketako edota urdaileko minbiziaren eta gibeleko zenbait gaixotasunen, diagnostikoa egitea zaila da, sintomak ohiko minen edo ondoezekin nahasten baitira. Horrelakoetan, oso aurreratuta dagoenean detektatu ohi da gaixotasuna. Gainera, gaixotasun horien diagnositik bost urtera heriotza-tasa oso handia izaten da (% 95 baino gehiago, zenbait kasutan). Horrenbestez, gaixotasun horien detekzio goiztiarraren inguruko ikerketa guztiek interes berezia dute.

Tecnaliak pertsonen hatsean tumore-markatzaileak detektatzeko gai diren biosentsoreak garatzen dihardu Interreg Medisen proiektuan. Izan ere, pertsona bat gaixotzen denean organismoan gertatzen diren aldaketak haren hatsean islatzen dira. Horrenbestez, markatzaile horiek gaixotasunaren hasierako faseetan duten presentzia zehaztuko dute.

Proiektuaren fase horretan Donostiako Ospitaleko Onko-Hematologia Institutuko Onkologia Medikoa atalarekin elkarlanean aritu dira biriketako minbizia duten gaixoen azterketa klinikoa egiten. Horretarako, BioDonostia Institutuak bideratuta, Euskadiko Ikerkuntza Klinikoko Batzorde Etikoaren baimena izan dute

Gizakion hatsa, pertsona osasuntsuena zein gaixoena, hainbat konposatuk osatzen dute: azetona, metanola, butanola, hidrokarburoak, besteak beste. Osagai horiek bakarka hartuta ez dute balio biriketako minbiziaren markatzaile gisa. Horietako batzuen kontzentrazio-mailan oinarritua egon behar du detekzioak. Izan ere, konposatu batzuen kontzentrazioa 10 eta 100 aldiz handiagotu daiteke gaixoen hatsean. Horrenbestez, kontzentrazio-aldaketa horiek hautemateko gai diren material berriak garatu behar dira.

Proiektuaren lehenengo fasean, gaixoaren hats-lagineko konposatu esanguratsuenak zehatz-mehatz aztertzen dihardute. Ondoren, biriketako minbiziaren markatzaile gisa joka dezakeen konposatu-familia edo -familiak hautatzen lagunduko dute azterketa horiek. Hats-laginak gas-kromatografiaren eta masa-espektrometriaren arteko konbinazio baten bidez aztertzen dihardute. Gero, analisi kimiometriko bati eta aldagai anitzeko analisi bati esker, sentsorea diseinatzeko informazio esanguratsua emango duten konposatuak hautatu ahal izango dira. Aldi berean, emaitzak ezagutu ahala, sentsorea diseinatzen hasi dira. Azken urratsa gailua balioestea izango da.

Proiektu horretan, Tecnaliak ez ezik, Errioxako Instituto de Tecnologías Químicas Emergentes (Inter-Química) institutuak eta Perpinyako Unibertsitateak (Frantzia) parte hartu dute.

Biosentsoreek ahalbidetuko dute batik bat biriketako zenbait gaixotasunen diagnostikoa hasierako fasean egitea. Horrenbestez, esponentzialki areagotuko dira bizitzeko aukerak.

Informazio osagarria

  • Interreg Medisen proiektua, Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, Tecnalia
Erika Ibáñez

Egilea: Erika Ibáñez (Tecnalia Research & Innovation)

Laguntzailea: