#GaiNagusiak

Tecnalia, pintura eta berniz bioak egiteko proiektu bateko buru

Noiz argitaratua: 14/09/26 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia

Ingurumena zaintzen duten produktuak ekoiztea da ECOBIOFOR proiektuaren helburua, hau da, estaldura, itsasgarri, pintura eta berniz "bioak" egitea. Petrolioaren deribatuen ordez material jasangarriak eta oinarri biologikokoak erabiliko ditu Tecnalia buru duen zenbait enpresa-elkartek, enpresak eta ikerketa-zentrok osatutako partzuergo batek. Helburua: baliabide natural berriztagarriak baliatuta, produktu berriak sortzea eta disolbatzaile konbentzionalen ordez haiek erabiltzea.

Ingurumena hobeto zaintzen duten produktuak behar ditu bere merkaturako estaldura-industriak, eta premia hori asetzea du xede I+Gko proiektu horrek. Osagai "berdeagoak" behar ditu sektore horrek estaldurak, tintak, itsasgarriak, pinturak eta bernizak egiteko. Disolbatzaileak dira produktu horietako osagai nagusietako batzuk.

"Kimika berdea" deritzonaren printzipioetan oinarritutako konponbideak proposatzen ditu aipatutako proiektuak, baliabide natural berriztagarriak erabiltzen baititu "disolbatzaile berdeak" egiteko. Lehengo egitura kimiko eta propietate berak dituzten disolbatzaile organiko konbentzionalen bertsio berriztagarriak (karbono-aztarna txikiagokoak) plazaratuko dira, batetik; bestetik, konposatu lurrunkor organikorik emititzen ez duten disolbatzaile erreaktibo berriak.

Erakunde hauek osatzen dute partzuergoa:

  • Enpresa Txiki eta Ertainen elkarteak (ETE) : bioteknologiaren arlokoak dira hiru —ASEBIO (Espainia), APBIO (Portugal), Swiss Biotech Association (Suitza)—; beste bi, berriz, pintura-ekoizleen elkarteak —CEPE (Europa) eta PROCOAT (Italia)—. Guztira, mila ETEtik gora dira erakunde horietako partaide.
  • Hiru enpresa: produktu kimikoen fabrikatzaile bat —STEARINE DUBOIS (Frantzia)— eta bi pintura-ekoizle—LIPPENS Paints (Belgika) eta IRURENA GROUP (Espainia)—.
  • Hiru ikerketa- eta garapen-zentro: —IUCT (Espaina), INPT-Ensiacet (Frantzia) eta Tecnalia (Espaina)—.

Informazio osagarria

  • icono_documento
Nerea Campos Vicarregui

Egilea: Nerea Campos Vicarregui (Tecnalia Research & Innovation)

Laguntzailea: