#GaiNagusiak

UPV/EHUko Ángel Rubio irakaslea izendatu dute Max Planck sozietate ospetsuko Fritz Haber Institutuko kanpo-zuzendari

Noiz argitaratua: 11/12/07 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Fisika, Kimika eta Matematika
 Ángel Rubio

Ángel Rubio, Materialen Fisikako katedraduna eta UPV/EHUko NanoBio Spectroscopy taldeko zuzendaria, Fisika, Kimika eta Teknologia ataleko kanpo-zuzendari izendatu berri dute Max Planck sozietate ospetsuko Fritz Haber Institutuan (Berlin). Institutua sortu zenetik 100 urte bete dira; erakundeak, besteak beste, Albert Einstein izan du zuzendari, eta lau Nobel sari ere jaso ditu. Aurki, Alemanian egingo den ospakizun ofizial batean, biziarteko karguaren jabe egingo da. Berlingo Fritz Haber Institutuak proposatutako izendapena Max Planck sozietate entzutetsuak berretsi zuen gero, ebaluazio neketsu eta zehatza egin ondoren. Ángel Rubiok UPV/EHUko ikerketa-lanekin jarraituko du, Berlingo Max Planck Institutuan kanpo-zuzendari gisa duen zereginarekin batera.

Max Planck sozietateak, kanpo-zuzendari zientzialari berriak hautatzean, hautagaiek zientziaren aurrerapenari egiten dizkioten ekarpenak ebaluatzen ditu, baina baita etorkizunean gizartean edo zientzian aitortuak izango diren aplikazioak lortzeko gaitasuna ere. “Material berrien, nanozientziaren eta biofisikaren alorrean egin dituen ekarpen aitzindariengatik eta espektroskopia teorikoaren modelizazioari aplikatutako teknika eta teoria berriak garatu eta ezartzeagatik” aukeratu dute Ángel Rubio.

“Oso pozgarria da zure lana nazioartean baloratua izatea. Fisikari teorikoa izanik, oso zaila izan ohi da egiten duguna gizarteari azaltzea. Horrenbestez, norbaitek zu ezagutzea eta maila hain altuan baloratua izatea benetan atsegina da, eta helburu pertsonal ugari betetzen ditu. Izendapenari esker, ospe pertsonala lortzeaz gain, Berlingo Max Planck sozietateko ikerketa-taldea materialen modelizazioaren eta nanozientziaren alorreko mundu mailako erreferentzia gisa finkatuko da, eta hazteko, indartzeko eta mantentzeko aukera izango du, UPV/EHUn zuzentzen dudan Nanobio Spectroscopy Group delakorekin batera” azaldu du Ángel Rubiok.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, UPV/EHU
  • Ángel Rubio, UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: