#GaiNagusiak

Sagu bakoitza mundu bat da

Noiz argitaratua: 11/11/14 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Gizarte-zientziak
 Tesiaren egilea, Eneritz Gómez Lázaro.

Gizakiekin gertatzen den bezala, saguen artean ere izaera gogorrekoak zein hauskorragokoak daudela egiaztatu du Eneritz Gómez UPV/EHUko psikologoak. Estres-egoeretan estrategia aktiboa hartzen dute batzuek, eta, nolabait, arazoari aurre egiten saiatzen dira; beste batzuek, aldiz, jokaera pasiboa dute. Bigarrenak ahulagoak dira: horien zenbait ezaugarri fisiologikok badute loturarik giza depresioari egotzi ohi zaizkienekin. Ikertzaileak emaitzok defendatu ditu bere tesian: Diferencias individuales en ratones derrotados crónicamente: cambios conductuales, neuroendocrinos, inmunitarios y neurotróficos como marcadores de vulnerabilidad a los efectos del estrés (Banakoen desberdintasunak kronikoki etsita dauden saguetan: jokaera-aldaketak eta aldaketa neuroendokrinoak, immunitarioak eta neurotrofikoak, estres-efektuekiko zaurgarritasunaren markatzaile).

Zehazki, etsipenak eragindako estres sozial kronikoa izeneko egoera izan du aztergai Gómezek. “Saguak oso lurraldekoiak dira. Bost ar eta eme bat bizi ohi dira elkarrekin. Ar bakarra elkartzen da emearekin, eta baliabideak ere berak bereganatzen ditu lehenik”, dio. Arrok borrokan aritzen dira, eta sagu bera nagusitzen da beti: horregatik bihurtzen da guztiaren jabe, eta gainerakoek etsipenak eragindako estres sozial kronikoa jasaten dute. Hala ere, estresak ez ditu berdin kaltetzen sagu galtzaile guztiak; batzuk gaixotzeraino uzten baititu jota, eta beste batzuk ez. Desberdintasunok zer dela-eta gertatzen diren argitzeko, estresaren aurrean duten erreakzioari erreparatu dio.

Aktiboa vs pasiboa

“Estresak lotura du nahaste psikologikoarekin, baina subjektu guztiek ez dute nahaste psikologikorik garatzen. Estresari aurre egiteko jokabide desberdinak dituztelako gertatzen da hori”, azaldu du Gómezek. Horixe ondorioztatu du saguon askotariko jarrerak filmatu, aztertu eta estrategia pasiboari eta aktiboari dagozkionak bereizita. Eta zein da bi estrategion arteko aldea? Adibidez, sagu menderatzaileak jipoituz gero, menderatu pasiboak ez luke zirkinik ere egingo, eta aktiboak, berriz, ihes egingo luke.

“Pasiboak geldi daude ia denbora guztian, eta estresak aurrera egin ahala, gero eta geldiago. Aktiboak ere ikusten du estresa oso gogorra dela, eta ezin duela hortik irten, baina erresistentzia handiagoa dauka”, azaldu du Gómezek. Taldeko buruarekin duten interakzioan ere oso alde handia dago. Izan ere, estrategia aktiboa darabilenak inguruarekiko interesa du, menderatzailea usaintzen du, saiatzen da harekin interakzioa izaten... Estrategia pasiboa baliatzen duenak, aldiz, ez dio begiratu ere egiten. Gizakien jokabideekin antzekotasunak ikusten dizkio horri guztiari ikertzaileak.

Jokabideak ez ezik, menderatutako saguon ezaugarri fisiologikoak (aldaketa neuroendokrinoak, immunitarioak, neurokimikoak) aztertu ditu Gómezek, eta hemen ere badago aukeratutako estrategiaren araberako sailkapena egiterik. Bai eta gizakiekin alderatzerik ere. Izan ere, baieztatu du sagu pasiboen egoera klinikoa ez dagoela giza depresiotik urrun: saguok erakutsitako aldaketa fisiologiko batzuk aurrez lotu izan dira estresarekin zerikusia duten desorekekin, hala nola depresioarekin.

Horrekin guztiarekin, “denak estresatzen dira, baina denak ez dira gaixotzen” baieztapenari azalpena aurkitu dio ikertzaileak. Izan ere, estrategia pasiboa ahulezia handiagoaren erakusle da, eta, horrenbestez, saguok arrisku handiagoa dute gaixotzeko.

Inplikazio praktikoak

Ekarpen teorikoa da hau, baina erabilgarria izan daiteke arlo praktikoan ere. Esaterako, egoeraren pertzepzioa aldatzen laguntzen duten terapien diseinuan; minbizia duten gaixoei begira, adibidez. Orobat, Gómezen ikerketa fisiologikoak aztarna batzuk eman ditzake farmakologiaren bidetik, depresioa tratatzeko: “Ikusten badugu zer mekanismo fisiologiko dauden inplikatuta, tratamenduak espezializatuagoak izan daitezke”.

Egileari buruz

Eneritz Gómez Lázaro (Urnieta, 1981) Psikologian lizentziaduna eta doktorea da. Amaia Arregi Agirre eta Larraitz Garmendia Rezola UPV/EHUko Psikologia Fakultateko Oinarrizko Psikologia Prozesuak eta haien Garapena Saileko irakasleen zuzendaritzapean idatzi du tesia, bai eta sail horretan bertan defendatu ere. Ikerketari dagokionez, fakultate horretako Psikobiologia laborategian egin du. Hain zuzen ere, Psikobiologiaren alorreko ikertzaile kontratatu gisa dihardu gaur egun Gómezek, aipaturiko UPV/EHUko fakultatean bertan.

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, Eneritz Gómez Lázaro., Eneritz Gómez Lázaro
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: