#GaiNagusiak

Energiaren % 80 aurrezteko aukera ematen duen argiztapena kudeatzeko sistema adimendun berri bat aurkeztu dute

Noiz argitaratua: 11/11/11 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia

Duela urte gutxira arte, ez zen % 30 baino energia gehiago aurrezten zuen argiztapen-sistemarik. 2009an, ACR Grupok, Tecnaliak eta Eguzkitanek LUIX Argiztapen Adimenduna enpresa sortu zuten. LUIXek, gaur egun, argiteria publikorako sistema adimendun bat komertzializatzen du. Horri esker, lehen kontsumitzen zenaren aldean, energiaren % 70 - 80 aurrezten da.

Luix enpresa eta sistema ACR Grupo Nafarroako eraikuntza-enpresaren dibertsifikazio-arloaren inguruan sortu ziren. Gaur egun, dirua eta energia aurrezteak lehentasuna du udalentzat, argiaren gastua haien energia-kostuaren % 55 baita, gutxi gorabehera. LUIX Argiztapen Adimendunak komertzializatutako eta LUIXek eta TECNALIAk —bazkide teknologiko gisa— garatutako sistema berri hori jada ezarri da Gipuzkoako eta Nafarroako zenbait hiri-ingurutan. Lortutako emaitzek erakusten dutenez, sistema hori, esate baterako, Donostian ezarriko balitz (dituen 25.000 faroletan), urtean 3 milioi euro aurreztuko lirateke, gutxi gorabehera. Bestalde, estatuan ezarriz gero, urtean 250 milioi euro baino gehiago aurreztuko lirateke.

LUIX sistemak unean-unean kalean dabiltzan pertsonen eta ibilgailuen arabera doitzen du farolen argiztapena. Sistemak farolak etengabe pizten eta itzaltzen ditu, sekuentzia eta norabide egokian, dauden pertsonen eta ibilgailuen mugimenduen eta noranzkoen iragarpenaren arabera. Farolean jartzen den gailuari esker lortzen da hori, presentzia eta mugimendua detektatzen baititu. Farola guztiz itzaltzeko beharrik gabe argi-intentsitatea doitzeko moduan konfigura daiteke sistema; argi-kantitatea une bakoitzeko beharretara egokitu dezake, pertsonen eta ibilgailuen joan-etorrien bolumenaren arabera.

Sistemaren beste abantaila garrantzitsu bat urrunetik kudeatzeko aukera da. Farola bat itzaltzen den edo hark gorabeheraren bat duen une berean, sistemak berak urrunetik abisatzen dio langileari edo erabiltzaileari, eta, hala, konpontzeko denbora ahalik eta baxuena da. Horren ondorioz, azpiegituraren mantentze-lanetan asko aurrezten da eta, horrez gainera, arazoa berehala konpontzen da.

LUIX sistema etorkizuneko hiri adimendunetan aplikatzeko aurrerapen garrantzitsu bat ere bada. Hiri adimendunetan, LUIX sistemarekin sortutako sarean oinarritutako zerbitzu berri ugari eman ahalko zaizkie udalei eta herritarrei, hala nola kanpo-komunikazioa, sentsorizazioa, kutsadura-mailaren kontrola, hiriko edozein tokitako zirkulazio-dentsitatearen kontrola eta abar.

Hala, abantailarik handiena da hori guztia ¾hots, energia-eraginkortasuna, argiztapenaren urruneko kudeaketa edota hiri adimenduneko erabilera¾, inbertsio handirik egin gabe gauzatu daitekeela, LUIX sistema lehendik dauden kable-azpiegituren gainean aplikatzen baita.

Proiektu pilotuak

Sistema probatu da dagoeneko, modu partzialean, Gipuzkoako eta Nafarroako zenbait udalerritan. Duela urtebete, Gabirian (Gipuzkoa), plaza bateko 16 faroletan instalatu zen LUIX sistema, eta 1.671 euro aurreztu ziren horri esker: 974 euro energia aurreztuz eta 697 euro mantentze-lanetan aurreztuz. Horren ondorioz, urtebetean bakarrik, % 83,84 aurreztu da, eta 7.720 kilo CO2 murriztu dira.

Tolosak joan den uztailean instalatu zuen sistema, Usabal kiroldegiaren inguruko 28 luminariatan. Urtebeteren buruan 3.200 euro aurreztea aurreikusten da, eta energiaren % 77 aurreztea. Bestalde, Ustarrotzen (Nafarroa), duela hilabete batzuk aplikatu zuten sistema bera, 35 faroletan. Aurreikuspenaren arabera, urteko balantzean 6.438 euro aurreztea ekarriko du.

Sistemaren eraginkortasuna egiaztatuta, Izaba eta Getze (Nafarroa) izan dira sistema kale guztiak argiztatzeko instalatu duten lehenengo herriak. Sistema irailean instalatu da, eta aurreikusten da udal horiek urtebetean 20.000 euro aurreztuko dituztela, eta energiaren % 80 inguru aurreztuko dutela.

Norteko Ferrokarrila irratsaioan elkarrizketa

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, Tecnalia
Germán Lasa

Egilea: Germán Lasa (Tecnalia Research & Innovation)

Laguntzailea: