#GaiNagusiak

Sexuaren arabera, desberdina da aurpegiko paralisiaren ondoko suspertzean parte hartzen duen garun-funtzioa

Noiz argitaratua: 11/11/02 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna

Nafarroako Unibertsitatea Klinikako Kirurgia Plastikoa, Konpontzailea eta Estetikoa Saileko espezialistek egindako ikerketa batean frogatu dute aurpegiko paralisiaren tratamendu kirurgikoa egindakoan, hau da, gihar-transplantea eta nerbio-transposizioa (aurpegiko giharra kaltetutako aurpegiko nerbioa ez den beste batekin lotzea) egindakoan, emakumezkoen garuna gizonezkoena baino hobeki berregokitzen dela, lehenengoek berezko irribarrea berreskuratzen dutela, eta paralisiaren ondoko suspertzea egiteko denbora gehiago dutela.

2000. urtean hasita, aurpegiko paralisia zuten bi sexuetako 114 pazienterekin egin dute lana (Klinikan tratatutakoak guztiak ere). Emaitzak Plastic and Reconstructive Surgery nazioarteko aldizkari espezializatuan argitaratuko dituzte aurki. Klinikan diseinatutako Facial Cima sistemarekin egin dute ikerketa; mugimenduari izpi infragorrien bidez antzematen dio sistemak.

Garunaren plastikotasuna hobeki garatzen da

Ikerketan ondorioztatu dutenez, “emaitzek agerian utzi dute zer garrantzitsua izan daitekeen pazientearen sexua aurpegiko paralisiaren ondoko suspertze-estrategia planifikatzeko orduan”, azpimarratu du Bernardo Hontanilla saileko zuzendariak. Aurpegiko paralisien tratamendu kirurgiko gisa, aurpegiko nerbio gurutzatuari konektatutako giharrak transplantatu zituzten Klinikako espezialistek (kaltetu gabeko aurpegi-aldeko nerbioari), edo nerbio maseteroari konektatutakoak. Nerbio maseteroak muskulu maseteroa inerbatzen du, mastekatzeaz arduratzen den giharra, antzekoak baitira ahoa ixteko mugimendua eta irribarre egitekoa.

Lortutako emaitzen aurrean zirujau plastikoak ohartarazi duenez, “emakumezkoen kasuan garunaren funtzioa “birmapeatu” egiten da, eta, hala, emakumezkoek nerbio maseteroaren bidez lortzen dute irribarrearen mugimendua egitea; aurpegiko nerbioa aktibatzeak pizten duen garun-eskualdeak aktibatzen du nerbio hori”. Hala, ikerketan frogatu dute “emakumezkoek gizonezkoek baino joera handiagoa dutela garunaren plastikotasuna garatzeko (garuneko eskualde jakin batek funtzio berriak hartzeko)”, adierazi du medikuak.

Mugimendua eta berezko irribarrea banatzea

Hontanilla doktoreak azaldu duenez, aurpegiko transplantea nerbio maseteroarekin egin zutenean, “ikusi genuen irribarrearen eta mastekatzearen mugimenduak bereiztea lortu zutela emakumezkoek. Izpi infragorrien Facial Clima sistemarekin jasotako ahoaren mugimenduetan egiaztatu genuen hori”. Hala, espezialistak ohartu ziren “emakumezkoak gai zirela irribarre egiteko, eta mugimendu hori ez zegoela lotuta ahoak mastekatzeko egiten zuen mugimenduarekin; ohiz kanpoko zerbait zen, baraila mugitzeaz arduratzen den nerbioa, maseteroa, erabiltzen ari baitziren”. Horrenbestez, emakumezkoek irribarre egiteko lortzen duten gaitasunak ez du loturarik mastekatze-funtzioarekin.

Egindako ikerketan, sexuen artean ikusitako desberdintasunek agerian utzi zuten, beraz, aurpegiko paralisia berreraiketa bidez tratatu denean, emakumezkoak gai direla ahoa itxi gabe irribarre egiteko; gizonezkoek, berriz, mastekatzearen mugimendua eginez bakarrik lor dezakete irribarre egitea. “Gizonezko pazienteen kasuan, ikusi dugu ez dituztela mugimenduak bereizten. Ahoa ixteko mugimendua egitean egiten dute irribarre, mastekatzean egiten den hori egitean”, adierazi du espezialistak.

Aurpegiko paralisiaren osteko konponketa kirurgikoaren ondoren gertatzen diren bi sexuen arteko desberdintasunak, ordea, ez dituzte mugimenduen banaketan bakarrik hauteman; emakumezkoek irribarrea berez, edo konturatu gabe, egitea lortzen dute. “Gizonezkoetan, aldiz, ikusi dugu gertakari edo egoera barregarri baten aurrean, irribarre egiteko mugimendua beti nahita egin zutela”, zehaztu du Hontanilla doktoreak.

Funtzioa berreskuratzeko denbora-tarte desberdinak

Aurpegiko paralisiaren ondotik pazienteek berreskuratzeko zenbat denbora duten ere desberdina da generoaren arabera. Espezialistak adierazi duenez, denbora beti mugatua da aurpegiko paralisiak berreraikitzean neurotizazio zuzen eraginkorrak egin ahal izateko (muskuluak kaltetutako nerbioa ez den besteren batekin lotzea).

“Frogatu dugu —dio Hontanilla doktoreak— gizonezkoek urte eta erdi dutela, gutxi gorabehera, aurpegiko paralisia sortzen denetik, norbere aurpegiko muskuluak neurotizatu ahal izateko. Emakumezkoetan berriz, lau urte ere pasatu daitezke neurotizazioa edo inerbazioa egin eta muskuluek funtzionatzea lortzeko”. Hau da, emakumezkoetan “hobeki babestuta dago muskulu-konplexua, denbora-tarte handiagoa pasatuta berriz inerba baitaiteke”.

Hala, ikerketan lortutako emaitzek agerian utzi zutenez, “aurpegiko paralisi osoa zuten emakumezkoek, 3,5-5 urteko eboluzioaren ondoren, mugikortasun eta simetria onargarriak izatea lortu zuten, ahoa geldirik zegoenean eta irribarre egiten ari zenean. Epe luzean, ebakuntza osteko ebaluazioan, emaitza funtzional eta estetiko onak lortu genituen, eta pazienteak ere oso pozik agertu ziren”.

Ikerketaren egile nagusiek ondorioztatu dutenez, beraz, “aurpegiko paralisiaren erreanimazioa zenbait faktoreren araberakoa da. Oso garrantzitsua da, besteak beste, denerbazioa gertatzea (nerbio-loturarik ez egotea), eta, horren ondorioz, muskulu-atrofia agertzea, baina pazientea sexu batekoa edo bestekoa izateak ere badu eragina”.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Clínica Universidad de Navarra
Jesús Zorrilla Ruiz

Egilea: Jesús Zorrilla Ruiz (Clínica Universidad de Navarra)

Laguntzailea: