#GaiNagusiak

Gaixotasun psikotikoen diagnostiko goiztiar eta zehatza, balizko aukera etorkizunean

Noiz argitaratua: 11/11/02 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Gizarte-zientziak #Osasuna
 Tesiaren egilea, Marta Arrasate Gil.

Psikosi funtzionalari dagokionez, litekeena da hura diagnostikatzeko aukera egotea gaixoak lehen zantzuak azaleratzen dituen unetik bertatik, sintomatologia afektiboari esker. Aldarte depresiboa, hiperaktibitatea, arreta galtzea… Sintoma afektiboak dira horiek, eta lehen gertakari psikotikoetan azaldu daitezke; horien agerpena edo agerpen eza adierazle lagungarria izan daiteke, fase goiztiarretik bertatik gaitzaren askotariko aldaeren artean bereizketa egiteko. Hala dio Marta Arrasate ikertzaileak, eta gaineratu du aktibazio-dimentsioari dagozkion sintomak (hitz-jario handia, arreta galtzea, hiperaktibitatea…) direla adierazgarrienak. UPV/EHUn defendatu du tesia, eta izenburu hau du: Valor predictivo de la sintomatología afectiva en primeros episodios psicóticos (Sintomatologia afektiboak duen balioa igarle gisa, lehen gertakari psikotikoetan).

UPV/EHUko Medikuntza Fakultateko Arabako Unitatean egindako lehen europar doktoretza da hau, eta Ana González-Pinto izan da bi zuzendarietako bat. Espainiako Psikiatria Biologikoaren Elkarteko 2010eko Sari Nazionala jaso zuen horrek, eta, esan duenez, tesiaren garrantzia honetan datza: “Sintoma afektiboek lagundu diezagukete pronostikoa sumatzen, eta, gainera, ekarpena egin dezakete diagnostikoari dagokionez; psikiatrian zaila izaten da hori, ez dagoelako erradiografia baten, analisi baten edo eskaner baten pareko proba diagnostikorik. Horregatik, probaren bat aurkituko bagenu, oso arrunta edo oinarrizkoa izanda ere, lagungarria izango litzateke”.

Azterketa, hiru etapatan

Lehen gertaera psikotikoa dela-eta ospitaleratutako 112 gaixoren lagina baliatu du Arrasatek azterketa egiteko, eta neurtu du azaleratutako sintoma afektiboek zer balio duten igarle gisa, hiru une jakinetan: lehen ospitaleratzea, hirugarren urtea eta bosgarren urtea. Emaitzoi tamaina hartzeko, askotariko sintoma afektiboak dimentsioka multzokatu ditu (sailkapen hori egiteko, nahasmendu bipolarra duten gaixo batzuei aurrez egin zaien ikerketa bat hartu du oinarri), eta zenbait aldagairekin duten loturari behatu dio: zenbat aldiz gaixotu diren berriz, ospitaleratu dituzten, saiatu diren bere buruaz beste egiten…

Emaitzek erakusten dutenez, aktibazioari dagokion dimentsioa (hiperaktibitatea, arreta galtzea eta gehiegizko hitz-jarioa hartzen ditu bere gain, besteak beste) tresna bereziki erabilgarria izan daiteke, askotariko gaitz psikotikoen artean desberdintze goiztiarra egiteko. Horixe igar daiteke, alor honetako gaitz nagusietako baten inguruan lortutako datuetan oinarrituta: nahasmendu bipolarra da gaitz hori. Arrasateren ikerketen arabera, aktibazio-dimentsioak eta dimentsio maniakoak adierazten dituzte ondoen nahasmendu bipolarraren ezaugarriak. Dena dela, dimentsio maniakoa ez da ageri lehen gertakarietan; eta, gainera, hori ez agertzearekin batera, dimentsio depresiboa azaleratzen da hastapenetan; okerrak eragin ditzake horrek, bai eta diagnostiko goiztiarra eta zuzena egiterik ez izatea. Horrenbestez, emaitzek erakusten dute aktibazioari dagokion dimentsioa dela aztarna fidagarria, jarraitu beharrekoa: erabilgarria da faktore igarle gisa, sintoma psikotikodun nahasmen bipolarraren diagnostiko goiztiarra egite aldera.

Datuok aukera ematen dute ikerketa-lerro berri bat urratzeko. Izan ere, erakusten dute sintoma afektiboek balio dezaketela askotariko psikosi-motak bereizteko, eta horien bilakaeran diagnostiko goiztiarra egiten laguntzeko. Hain zuzen ere, Arrasateren tesia aztertu duen epaimahaiak esan duenez, munduan buruko gaitzen diagnostikorako irizpideak berraztertzen dituztenei ere eman behar zaie ikerketako aurkikuntzon berri.

Egileari buruz

Marta Arrasate Gil (Bilbao, 1969) Medikuntzan lizentziaduna da, Psikiatria espezialitatean. Ana González-Pinto Arrillagaren (Gasteizko Santiago Apostolua Ospitaleko Psikiatriako Ikerketa Zerbitzuko burua) eta Miguel Gutiérrez Fraileren (Ospitale bereko Psikiatria Zerbitzuko burua eta katedraduna) zuzendaritzapean idatzi du tesia. UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Neurozientziak Saileko kideak dira biak ala biak, eta han bertan defendatu du tesia Arrasatek. Ikerketari dagokionez, Santiago Apostolua Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuan egin du. Gaur egun, Basurtuko Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuan dihardu Arrasatek.

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, Marta Arrasate Gil., Marta Arrasate Gil
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: