#GaiNagusiak

Argia terahertzen frekuentzian kontrolatzeko hainbat aukera frogatu dituzte NUPeko ikertzaile batzuek

Noiz argitaratua: 14/09/23 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Fisika, Kimika eta Matematika #Teknologia
 Ikertzaile bat lanean NUPeko Mario Sorolla - Teralab laborategian

Nafarroako Unibertsitate Publikoko zenbait ikertzailek egindako lan bati eskaini dio azala Journal of Optics zientzia-aldizkariak, Fotonika infragorri ertainean eta terahertzak gaiari buruz argitaratu duen ale berezian. Víctor Pacheco Peña, Víctor Torres, Miguel Beruete eta Miguel Navarro Cía (gaur egun Imperial College Londonen ari den ikasle ohia) dira ikertzaileak, eta Nader Enghetarekin (Pennsilvaniako Unibertsitatea; mundu osoko aditurik ezagunenetakoa metamaterialetan) lan egin dute.. Uhin elektromagnetikoak ia % 100eko eraginkortasunarekin birbideratzeko ahalmena duten zenbait gailu proposatu dituzte ikertzaileek.

Hona zer adibide erabili duten lanaren nondik norakoak azaltzeko:: "Horma batean zulo bat egin eta eskuargi batez argitzen badugu, esperientziak hau esaten digu: zenbat eta handiagoa zuloa, orduan eta argi gehiago pasatuko da beste aldera. Aldiz, zuloa ENZ metamaterial batekin betetzen badugu, itxuraz logikari aurkako zerbait gertatzen da: zenbat eta txikiagoa zuloa, orduan eta argi gehiagok zeharkatzen du. Ondorio praktiko izugarriak ditu fenomeno horrek, bide berriak irekitzen baititu hainbat osagarri miniaturizatzeko eta argia kontrolatzeko".

Material artifizialak dira metamaterialak, eta natura-inguruneko materialek ez bezalako ezaugarriak dituzte. Bestalde, naturak berak erakusten digu nola funtzionatzen duten: elementu naturalek, beren atomoetatik eta hauek ordenatzeko modutik ateratzen dituzte beren propietate fisikoak; aldiz, metamaterialek modu naturalak erabiltzen dituzte horretarako; esaterako, metal-zati txikiak, zeinak mekano baten piezen moduan ahokatzen diren, beste modu batez aurkitu ezin diren propietateak artifizialki sintetizatzeko. Hasieran erradiazio elektromagnetikoa kontrolatzeko proposatu baziren ere, gaur egun beste eremu batzuetara hedatu da haien erabilera; adibidez, uhin mekanikoetara (soinua, besteak beste).

Hainbat gailu trinko proposatzen ditu aipagai dugun lan horrek. Oso irekidura estuko zenbait hodi metaliko laukizuzenek osatzen dituzte gailuak, zeinek uhin elektromagnetikoak birbideratzeko ahalmena duten, ia % 100eko eraginkortasunarekin, beren neurri eta diseinuari esker. ENZ (Epsilon Near Zero, hau da, zerotik hurbileko permitibitatea) metamaterial baten antzera jardun daitezke zulo horiek; hortaz, ez dagohaiek zerbaitekin "bete" beharrik propietate harrigarriak lortzeko.

Propietate harrigarriak

Metamaterial elektromagnetikoetatik, honetarako aukera ematen dute ENZek: argiaren superakoplamendua eta tunel-efektua lortzeko, eta energia eremu ikaragarri txikietan metatzeko. "Berriro hasierako adibidera joz —diote lanaren egileek—, superakoplamenduak esan nahi du argi guztiak zeharkatuko duela horma, egin nahi dugun zuloa edozein dela ere; tunel- efektuak, berriz, edozein luzeratako zuloa zeharkatuko duela argiak; energiaren pilaketa, azkenik, argia igarotzen denean gertatzen da, bai eta zuloak oso-oso txikiak direnean ere, horrelakoetan zulo barruko energia ikaragarri estutzen baita".

Teorikoki eta simulazio bidez frogatu du lan horrek terahertz-uhinetarako sorta-bideratzaileen eta potentzia-zatitzaileen funtzionamendua. Biziki interesgarria da funtzionamendu hori zenbait sektoretarako: segurtasuna, ingeniaritza biomedikoa, farmazia, espazioa… Lan hori esperimentalki berresteko ari dira lanean ikerketaren egileak, zeinek hau azpimarratzen duten: "Beste lorpen handi bat dugu hau, orain lau urte abiarazitako nazioarteko ekimenaren bidean”.

Informazio osagarria

  • Ikertzaile bat lanean NUPeko Mario Sorolla - Teralab laborategian, Nafarroako Unibertsitate Publikoa
Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: