#GaiNagusiak

Bidea urratzen ari dira heste lodiko minbiziaren diagnostiko goiztiarra lortzeko

Noiz argitaratua: 11/10/26 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak #Osasuna
 Tesiaren egilea, Itxaro Perez Urzelai.

Epe luzera heste lodiko minbiziaren diagnostiko goiztiarra erraztu dezakeen ekarpena egin du Itxaro Perez UPV/EHUko biokimikariak. Peptidasa izeneko entzimen aktibitate edo lan-erritmoari erreparatu dio, zehazki: hura nola aldatzen den aztertu du, gaitzaren fase desberdinetan dauden ehunak alderatuta. Gorabehera horiek ondo bereiziz gero, baliagarriak lirateke etorkizunean, minbizi-mota hori garaiz nola detektatu jakiteko. Ikerketa-lerroa hastapenetan dago oraindik, baina zabaldutako bideak gako asko eman ditzake. Aurreneko emaitzok doktore-tesi batean defendatu ditu ikertzaileak, Peptidasen aktibitatearen aldaketak heste lodiko neoplasietan izenburupean.

“Heste lodiko minbiziak ez dauka inolako sintomarik berandu samar den arte”, adierazi du Perezek. Horrenbestez, diagnostiko goiztiarra lortzea da ikertzaileen erronka alor zehatz horretan. Zorionez, ikerketarako eta erkaketak egiteko, behintzat, baditu ezaugarri egokiak gaitz horrek: “Tarteko fase bat du, adenoma izenekoa. Minbizitzat jo daiteke kontrolik gabeko zelulen hazkuntza dagoen heinean; baina onbera da. Tarteko fase hori daukagunez, ona da erkaketarako: ehun osasuntsua har dezakegu lehenik, adenoma gero, eta minbizia bera ondoren. Beste gaixotasun batzuetan, ordea, minbizia gaiztotu egiten da zuzenean, eta ehun osasuntsuarekin bakarrik konpara daiteke”. Hala, peptidasen aktibitatearen bilakaera ikusteko aukera izan du, gaixo bakoitzari heste loditik (kolonetik, zehazki) hiru lagin-mota aterata: ehun-zati osasuntsu batetik, adenoma batetik, eta garatuta dagoen tumore gaiztotik.

Odol-laginak, ekarpen handiena

Heste-laginak ez ezik, plasma ere aztertu du Perezek, minbizi hori duten pazienteen eta osasuntsu dauden zenbaiten odol-laginak alderatuta. Hain zuzen ere, horixe du ekarpen handiena tesiak: gaitzaren zantzuak odolean bertan aurkitzeko urratsak egin izana. “Pazientearengandik plasma lortzea gauza erraza da. Diagnostiko goiztiarra egiten lagunduko balu, oso metodo baliagarria litzateke kliniketan aplikatzeko”, azaldu du.

Lehen ere baliatu izan da plasma, beste minbizi-mota batzuetan, peptidasen aktibitatea aztertzeko. Perezek, adibidez, luze jardun du giltzurrunetako minbizia ikertzen, UPV/EHUko Fisiologia Saileko lankideekin batera, eta besteak beste bide hori urratu dute. Baina heste lodiko minbizian gutxi jorratutako eremua da peptidasena, eta nahiko desberdintasun handiak aurkitu dituzte: “Giltzurrunetan ikusten dugu peptidasa horietako askotan aldatzen dela aktibitatea, baina heste lodian ez da horrelakorik gertatu. Batzuk aldatzen dira, eta beste batzuk, ez. Hori ez zen gauza jakina guretzat”.

Horrenbestez, aldaketak izaten dituzten peptidasa zehatz horien neurketa plasmatikoa tresna erabilgarria bihur daiteke epe luzera, heste lodiko minbizien diagnostikorako. Baina ez hori bakarrik; minbizia zer fasetan eta egoeratan dagoen, horren arabera ere desberdin gertatzen baitira aktibitate-aldaketok. Horrek esan nahi du plasman peptidasak neurtzea baliagarria izan daitekeela pronostikorako ere.

Lortutako emaitzek bidea pixka bat argitzen badute ere, ikerketa sakonagoak egin behar dituzte orain, minbizi horren sorreran, bilakaeran eta zergatian peptidasek zer garrantzi duten zehazteko. Esaterako, ateratako ondorioak egiaztatu behar dituzte beste bide batzuetatik, entzimon beste ezaugarriei ere erreparatu… Horri lotuta, Perezek eta haren lankideek beste pauso bat emateko asmoa dute datorren urtetik aurrera: “Guk aztertu ditugun laginak 2007 ingurukoak izan dira. Bost urte igaro direnez, hurrengo ikerketa gaixo horien biziraupenaz egingo dugu (hala nola zenbatek jarraitzen duten bizirik). Zer gertatzen den ikusi nahi dugu; gehienbat, pronostikoa nolakoa den”.

Egileari buruz

Itxaro Perez Urzelai (Beasain, 1981) Biokimikan lizentziaduna da. Gorka Larrinaga Enbeitaren (UPV/EHUko Leioako Erizaintza Unibertsitate Eskolako irakasle agregatua) eta Begoña Sanz Echevarriaren (UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko irakasle atxikia) zuzendaritzapean idatzi du tesia. Hain zuzen ere, Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Fisiologia Sailean defendatu du. Bertan egin du ikerketa, eta elkarlanean jardun du Gurutzetako Ospitalearekin zein Sevillako Kimika Ikerketen Institutuarekin (CSIC). Gaur egun, Leioako Erizaintza Unibertsitate Eskolako lan-kontratuko bitarteko irakaslea da Perez.

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, Itxaro Perez Urzelai., Itxaro Perez Urzelai
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: