#GaiNagusiak

Erredox fluxu-bateriak, energia berriztagarrietan txertatzeko etorkizun handiko teknologia

Noiz argitaratua: 11/10/14 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Ingurumena
 Erredox fluxu-bateriak

Gaur egun, energia metatzeko jatorri eta ezaugarri askotarikoko sistemak daude. Horien artean daude erredox fluxu-bateriak (RFB Redox Flow Battery). Bateria horiek energia sortzeko deposituetan biltegiratuta dauden eta erreaktore batek ponpatzen dituen elektrolito likidoen erabileran oinarritzen dira. Tecnaliak teknologia hori erabiltzen du, besteak beste.

Teknologia modular eta oso malgua da; erantzun azkarra du, ingurumenean inpaktu txikia eragiten du eta kostuak murrizteko potentzial garrantzitsua du. Arrazoi horiengatik guztiengatik, erredox fluxu-bateriak gorabidean dira, energia metatzeko oro har, eta, bereziki, aplikazio berriztagarrien kasurako.

Energia berriztagarriak

Energia berriztagarrien garapenak energia-eredu eraginkorrago, fidagarriago eta seguruago baterako eta ingurumena gehiago errespetatzen duen eredu baterako trantsizioa ezarri behar du. Dena den, energia horien aldakortasunak eta energia horiek aurreikusteko mugak sistemarentzako arazo besterik ez dira, eta, ondorioz, energia-mota horiek masiboki txertatzeko oztopo.

Arazo horien guztien adibide garbi bat da haize gutxiko edota eguzki-irradiantzia baxuko garaietarako energia ekoizteko gai diren erreserba-sistemak behar izatea. Aurkako egoerak ere gerta litezke, alegia, energia-eskaria baxua den kasu batean ekoitzitako energia berriztagarria alferrik galdu behar izatea.

Erredox fluxu-bateriak konponbidetzat hartzen dira, energia berriztagarrien aldakortasuna arintzeko balio baitute eta erregulatzeko gaitasuna duten ohiko zentralen portaerara hurbiltzen baitira . Energia berriztagarri asko ekoizten den garaietan metatzen den energiak aukera ematen du kondizio klimatologikoak onuragarriak ez diren kasuetako produkzio-jaitsierak konpentsatzeko.

BBC World Tecnaliako instalazioetan izan da erredox fluxu-baterien teknologia gertutik ezagutzeko.

Informazio osagarria

  • Erredox fluxu-bateriak, Tecnalia
Leire Agüero Suárez

Egilea: Leire Agüero Suárez (Tecnalia Research & Innovation)

Laguntzailea: