#GaiNagusiak

Euskal basoetako lurrek orain xurgatzen duten karbono-kantitatea halako bi finka lezakete basoen kudeaketa aldatuz gero

Noiz argitaratua: 11/10/06 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Ingurumena
 Basoa

Euskal basoetako lurrek orain xurgatzen duten karbono-kantitatea halako bi xurga lezakete basoen kudeaketa aldatuz gero, eta, horren ondorioz, airean dagoen gas horren presentzia murriztu eta berotze globalaren arazoa arintzen lagundu. Hori da Neiker-Tecnaliak, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak, egindako azterketa baten ondorio nagusia; bertan, eukalipto, radiata pinu, douglas izei eta pagoz osatutako Euskadiko baso-masa esanguratsuetako mila lur-lagin baino gehiago aztertu dituzte. Ikerketa hori zentro teknologikoa euskal basogintzaren jarduera eta lehiakortasuna hobetzeko egiten ari den jardueren barruan kokatzen da

Lurzoruak dira biosferaren biltegi nagusiak karbono organikoa gordetzeko, eta, horregatik, funtsezko gunea dira atmosferaren eta lurrazalaren artean gas horrek duen fluxuari dagokionez. Gaur egun, klima epeletako basoetako lurrak oinarrizko hustubidea dira, atmosferatik xurgatzen duten karbonoa —fotosintesiaren bidez— arnas hartzean igortzen dutena baino gehiago delako. Halere, gerta daiteke klima-aldaketaren ondorioz ingurunean dauden baldintzek egoera hori aldaraztea. Horregatik, Neiker-Tecnaliak ikerketa bat gauzatu du, Euskadiko baso-lurretan dagoen karbonoa zehazteko eta hori gehiagotzeko neurriak proposatzeko.

Neiker-Tecnaliaren ikerketatik ondorioztatu dute aztertutako baso-sail guztiak karbonoa biltegiratzeko duten ahalmen osoaren % 40tik behera daudela, eta eukalipto- eta pinu-baso guztiak, berriz, ahalmen horren % 30etik behera. Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko basoen kudeaketak tarte handia dauka basoetan karbonoa xurgatzeko ahalmena areagotzeko. Hori lortzeko, zentro teknologikoko espezialistek proposatu dute makineria zentzuz eta egoki erabiltzea, uzta, baso-soilketa zein lurra prestatzeko lanetan. Horrez gain, makineria euskal orografiara egokituta egon beharko litzateke.

Gainera, basoa botatzean sortutako eta, eskuarki, biomasa sortzeko erabiltzen diren hondarren aprobetxamendu energetikora zuzendutako kudeaketa-neurriak proposatzen direnean, espezialistek eskatu dute lurzoruetako karbono-izakinak hobetzeari buruzko alderdia kontuan hartzeko.

Halaber, Neiker-Tecnaliaren iritziz, baso-lurretan biltegiratutako karbono-tasek monitorizagarriak eta kuantifikagarriak izan behar dute, basoen kudeaketan egindako aldaketen eragina objektiboki neurtu ahal izateko eta, horrenbestez, Kyotoko protokoloa eta Lurraren Erabilera eta Basogintzaren Praktika Onen direktiba europarra betetzeko.

EAEko baso-masaren lagin esanguratsuak

Neiker-Tecnaliako ikertzaileek baso-lurraren 1.180 lagin analizatu dituzte guztira, 2005. eta 2010. urteen artean PEFC baso-ziurtagiria kudeatzeko planen barruan, eta lagin horiek denak EAEko ingurune atlantikoko baso-masen erakusgarriak dira. Emaitzek diotenez, aztertutako partzeletan gaur egun dagoen karbono-kantitatea hektareako 57 eta 100 tona artekoa da sakonerako lehenengo 25 cm-tan, eta balio horiek bat datoz gaiari buruz Europako Batzordeak oraindik orain argitaratu duen txosten batekin. Haatik, balio horiek lurrek karbonoa atzitzeko duten ahalmenetik urrun daude.

Eukalipto-basoetako lurzoruek dute karbono-biltegiratzeari buruzko baliorik txikienak; zehazki, karbonoa atxikitzeko ahalmen osoaren % 25etik beherakoak dira balioak. Radiata pinudiei dagokienez, biltegiratzeko ahalmenaren % 22 eta % 28 artean daude, eta pagadiak eta douglas izeien sailak, berriz, karbonoa atxikitzeko ahalmen osoaren % 30 eta % 40 artean daude.

EAEko baso-lurrek biltegiratzen duten karbono-bolumenari dagokionez, eukalipto-basoetan, 67 eta 73 tona gas hori da hektareako batez beste. Radiata pinu sailek 67 eta 74 tona artean atxikitzen dute, eta pagadien eta douglas izeien sailek 80 eta 82 tona artean gordetzen dute hektareako.

Bahiketa-ahalmenaren portzentaje txikiak garai bateko baso-politiken ondorioa izan daitezke, politika horietan ez zirelako iraupenaren eta iraunkortasunaren kontzeptuak sartzen, eta horri basoko produktuen gehiegizko erabilera gehitu behar zaio (egurra, ikatza, lurrustela eta zuhaixkak ganaduaren ohe gisa, etab.). Gaur egungo basogintzaren sektoreak egoera iraultzeko aukera dauka, eta karbono-xurgapena bere gestio-planen helburuen artean sar dezake.

Informazio osagarria

  • Basoa, Neiker-Tecnalia
  • Basoa, Neiker-Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, Neiker-Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, Neiker-Tecnalia
Pablo Melchor

Egilea: Pablo Melchor (MBN Comunicación, S.A.)

Laguntzailea: