#GaiNagusiak

Latex eraginkorragoa nola lortu zehaztu dute

Noiz argitaratua: 11/10/05 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Fisika, Kimika eta Matematika #Teknologia
 Tesiaren egilea, Inês de Fátima Afonso Mariz.

Kalitate eta eraginkortasun handiagoa duen latexa eskuratzeko jarraibideak aurkeztu ditu Inês Mariz kimika-ingeniariak, UPV/EHUn defendatu duen tesian. Estrategia horri esker, material kontzentratuagoa lor daiteke, eta oraindik ere maneiagarria izatea bermatu. Hala, ohi baino geruza gutxiago baliatuta estaltzen du substratua, azkarrago lehortzen da, formulazio malguagoa du, eta biltegiratzean eta garraioan aurrezteko aukera ematen du. Tesiaren izenburua da High solids content low viscosity latexes with small particle size (Solido-eduki handiko eta biskositate txikiko latexa partikula-tamaina txikiekin). Era berean, ikerketan oinarritutako zenbait artikulu argitaratu dira; horien artean aipagarriena Polymer argitalpenean agertutakoa.

Solido-eduki handia duen latexaren sintesian dago oinarrituta Marizen ikerketa. Latex materiala emultsio urtsua da; horrexegatik, sintesiaren bitartez, ahalik eta solido-portzentaje handiena kontzentratu nahi da emultsio horretan, eraginkortasun eta kalitate handiagoko materiala lortzeko. Dena dela, kontzentrazio hori mugatu egin behar da; bestela, latexa likatsuegia litzateke, eta manipulatzeko zailegia. Biskositatea murrizteko, sintesian baliatutako partikulen tamaina handitu daiteke, baina, aurrez egindako ikerketen arabera, partikula handiak ez dira egokiak filma osatzeko. Ondorioz, tesiaren helburua zera izan da: estrategia bat zehaztea solido-eduki handiko eta biskositate txikiko latexa egiteko, baina 350 nanometro baino txikiagoak diren partikulekin.

Unimodala eta bimodala

Marizek askotariko saiakuntzak egin ditu, jomuga duen partikula-tamainen banaketa (PSD) lortzeko; esan nahi baita, partikulen arteko paketatzea (antolakuntza trinkoa) maximizatzen duen banaketa, betiere zehaztutako tamaina-tartea errespetatuta.

Lehenik eta behin, partikula unimodalen (partikula guztiek neurri bera dute) tamainako banaketekin ikertu du sintesia nola egin. Erreaktore erdijarraitu batean eragin du polimerizazioa, eta, 350 nanometro baino txikiagoak diren partikulak oinarri, wt% 61eko solido-edukia (kontzentrazio-indizea) eta biskositate-maila arrazoizkoa duten latex akrilikoak lortu ditu. Bestalde, konposatu horiek surfaktantea izan ohi dute, emultsioak erraztu eta egonkortzen dituen substantzia bat. Ikertzaileak frogatu duenez, latex-mota jakin horrek egonkor eusten dio, surfaktante ionikoaren kontzentrazioa wt% 1ekoa baino txikiagoa denean konposatuarekiko.

Ondoren, PSD bimodalak baliatuta landu du solido-eduki handiko latexaren sintesia; hau da, bi tamainatako partikulen bitartez. Hala, partikula handienen artean geratutako hutsuneak betetzen dituzte txikienek; ondorioz, solido-edukia handitzen dute, bai eta paketatzea maximizatu ere.

Latex unimodalaren sintesia errazagoa da, partikulen hazkundea aldez aurretik delako jakina. Baina partikula bimodalei dagokienez, beste hainbeste egiteko estrategia diseinatu behar izan du Marizek. Hau da, estrategia horri esker, aldez aurretik jakiten da polimerazio-erreakzioaren (erreaktore erdijarraituan abiarazitakoaren) formulak nolakoa behar duen izan, helburu den emaitza lortzeko: 350 nanometro baino txikiagoak diren partikulak, solido-eduki handia (wt% 70era arte) eta ahalik eta biskositate txikiena dituen latex bimodala.

Aplikazio praktikoa

Azkenik, ur-oinarriko pintura latexdunak formulatu ditu, latexean askotariko PSDak aplikatuta. Hala, egiaztatu du 350 nanometro baino txikiagoak diren partikulek ematen dituztela emaitzarik onenak. Hain zuzen ere, solido-eduki handieneko eta partikula-tamaina txikieneko latexekin, propietate hobeak dituzte pinturek; hala nola distira eta elastikotasun handiagoa eta lehortzeko denbora txikiagoaren beharra. Era berean, osagai organiko lurrunkorren edukia txikiagoa da; izan ere, solido-kontzentrazioa handiagoa denez, latexaren emultsio urtsuak disolbatzaile-eduki txikiagoa du.

Egileari buruz

Inês de Fátima Afonso Mariz (Portugal, 1980) Kimika Ingeniaritzan lizentziaduna da (Bragançako Teknologia Institutua), eta Kimika Aplikatuan eta Material Polimerikoetan doktorea (UPV/EHU). José Ramón Leiza Recondo eta José Carlos de la Cal del Ríoren zuzendaritzapean idatzi du tesia; UPV/EHUko Kimika Zientzien Fakultateko Kimika Aplikatua Saileko kideak dira bi irakasleok. UPV/EHUko Material Polimerikoen Institutuan (Polymat) egin du nagusiki tesia. Gainera, International Paint (AkzoNobelen parte da) enpresarekin elkarlanean jardun du hiru hilabetez. Gaur egun, ikertzaile-lanetan dihardu Marizek, Lisboako Unibertsitateko Goi Institutu Teknikoko Kimika-Fisika Molekularreko Zentroan (CQFM).

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, Inês de Fátima Afonso Mariz., Inês Mariz
  • Egileak sintetizatu duen oinarri urtsuko polimeroetako baten (latexa) argazkia, TEM mikroskopioaz lortua., Inês Mariz
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: