#GaiNagusiak

Eraikuntzaren sektorerako material superisolatzaile berrien aldeko apustua egin du AEROCOINs proiektuak

Noiz argitaratua: 11/09/26 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia
 AEROCOINs

Gaur egun, aerogelak dira eraikuntzaren sektorerako material superisolatzaileak garatzeko etorkizun handiko materialak.

Tecnaliak koordinatzen duen AEROCOINs Europako proiektuaren helburua da gaurdaino material horien erabilera eragotzi duten erronka zientifiko teknologikoak konpontzea; alegia, aerogelen ezaugarri mekanikoak hobetzea eta ekoizpen-prozesuaren kostuak murriztea.

Silizezko aerogelak material solido amorfoak dira, oso arinak eta beren bolumenaren % 90 baino porositate handiagoa dute; poro horien diametroa 4 eta 20 nanometro artekoa da (1.000.000 de nm = 1 mm). Ezaugarri fisiko kimiko paregabeak dituzte, eta, horrenbestez, isolatzaile termiko, akustiko eta elektriko aproposak dira. Eraikin bat termikoki isolatzeko esaterako, lodieraren erdia baino gutxiago beharko litzateke ohiko material isolatzaileekin lortuko genukeen efektu bera izateko.

Horrenbestez, material horiekin eraikiko diren eraikinak energetikoki eraginkorragoak izango dira. Izan ere, horiek berotzeko edota hozteko energia-kantitate gutxiago beharko da. Horrek erabiltzailearen energia-faktura gutxituko du; baita negutegi gasen isuria ere.

AEROCOINs Europako proiektua 48 hilabetekoa da, eta 4,3 milioiko aurrekontua du. Bost zentro teknologikok —Tecnalia (Espainia), Armines/Mines Paris Tech (Frantzia), EMPA (Suitza), VTT (Finlandia), Zae Bayern (Alemania)—, unibertsitate batek —TUL (Polonia)—, bi enpresa handik —PCAS (Frantzia), Acciona Infraestructuras (Espainia)— eta izen handiko ETE batek —Separex (Frantzia)— parte hartzen dute.

  • Oharrak:

    Informazio gehiago: Proiektu-arduraduna: Dr. María Moragues maria.moragues@tecnalia.com Zientzia-arduraduna: Dr. Eunate Goiti eunate.goiti@tecnalia.com Tecnalia Research and Innovation

  • Interneteko helbidea:

    www.tecnalia.com

Informazio osagarria

  • AEROCOINs, Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, Tecnalia
Anais Silban

Egilea: Anais Silban (Tecnalia Eraikuntza Unitatea)

Laguntzailea: