#GaiNagusiak

Bizitza errealerako 3Dko avatar pertsonalizatuak

Noiz argitaratua: 11/09/15 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Informatika #Teknologia

Avatar bat irudikapen grafiko bat besterik ez da, oro har pertsona batena, eta erabiltzaile bati lotzen zaiona haren identifikaziorako. Argazkiak edo marrazki artistikoak izan daitezke, eta zenbait teknologiak irudikapen tridimentsionalak egiteko aukera ematen dute.

Gaurdaino, 3Dko avatarrak objektu dibertigarri gisa erabiltzen ziren, erabiltzailea distraitzeko eta entretenitzeko. Alabaina, Tecnaliako Media Unitateak 3Dko avatar pertsonalizatuentzako teknologia asmatu du 3Dko avatar pertsonalizatu eta merkeen garapena errazteko.

3D avatar horiek erabiltzailea aholkatzen, motibatzen eta nolabait bideratzen dute ordenagailuarekin duen elkarrekintzan. Teknologia berri honi esker, avatar horiek kirurgia plastikoan eta alzheimerraren alorrean erabil daitezke, besteak beste. Hain zuzen ere, kalitate handiko 3D laser-eskanerren bidez, 2Dko argazkietatik 3Dko avatar pertsonalizatuak lor daitezke.

Kirurgia plastikoaren kasuan, MODELVIRi esker (kirurgia plastikoaren alorrean modelatze birtualaren akronimoa da), zirujauari tresna erabilerraz bat ematen zaio; gaixoaren egungo egoera eta ebakuntzaren osteko gutxi gorabeherako itxura tridimentsionala grafikoki irudikatzen duen tresna, hain zuzen ere. Horrenbestez, gaixoak badu zirujauak ebakuntza horretan lor dezakeenaren gutxi gorabeherako ideia, eta, horrela, ez du gero atsekabea sor dezaketen ilusio edo itxaropen faltsurik egiten.

Bestalde, ALZHERAPY proiektua alzheimerraren diagnostiko azkarra egitea helburu duen proiektu tekniko bat da. Gaixotasun horrek aurrera egiteko abiadura moteltzen du zenbait ariketa kognitiboren bidez. Gainera, gaixoaren eguneroko jarraipen pertsonalizatua egiteko aukera osagarria du, gaixoaren hurbileko pertsona bat irudikatzen duen avatar bati esker, eta etxetik atera beharrik gabe. Halaber, gaixoa inolako laguntzarik gabe segurtasun osoz mugitzeko aukera eskaintzen du, uneoro gaixoa non dagoen jakinarazten duen gailu bati esker. Horrenbestez, gaixoak bizitza erritmo arrunta izan dezake.

Anais Silban

Egilea: Anais Silban (Tecnalia Eraikuntza Unitatea)

Laguntzailea: