#GaiNagusiak

Itsasoaren tenperatura epelduta, legatzaren populazioak aurre egin dio arrantzaren presioari

Noiz argitaratua: 11/08/23 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak #Ingurumena #Lurraren zientziak
 Tesiaren egilea, Nerea Goikoetxea Bilbao.

Legatzaren arrantza etengabea da Ozeano Atlantikoko Europako uretan, eta, hala ere, ondo samar eutsi dio. Izan ere, gizakiak okertutakoa zuzentzeko ahalmena du batzuetan naturak. Horren lekuko izan da Nerea Goikoetxea Azti-Tecnaliako ikertzailea. Iparraldeko legatz europarraren populazio-dinamika ikertu du, eta ikusi du ingurunea alde izan duela espezieak 90eko hamarkadatik hona: itsasoa epeldu da, eta larbak hobeto eta azkarrago hazi dira horrela. Beraz, arrantzaren erruz biomasa txikiagoa izan arren, larben biziraupen-tasa handitu da, eta belaunaldi batek beste belaunaldi oparo bati bide egiteko aukerak ere bai. UPV/EHUn aurkeztu du tesia Goikoetxeak, eta izenburu hau du: Influence of the northeastern Atlantic oceano-meteorological variability on the northern hake (Merluccius merluccius). Analysis of the 1978-2006 period.

Goikoetxeak bere ikerketan egiaztatu duenez, populazio-dentsitateari lotutako faktoreak (arrantza eta horrek legatz ugalkorren kopuruan duen eragina) garrantzitsuak dira espeziearen gorabeherak ulertzeko. Baina horiek bezain garrantzitsuak izan daitezke dentsitatearekin zerikusirik ez duten beste auzi batzuk; ingurune-kondizioak, kasu. Tesian azaldu duenez, horren erakusgarri da 90eko hamarkadatik hona gertatutakoa.

Biomasa behera, erreklutamendu-arrakasta gora

Goikoetxeak egiaztatu duenez, bereziki 1985a eta 1990a bitartean, izugarri jaitsi zen legatz helduaren populazioa (SSB edo biomasa ugaltzailearen stocka), neurririk gabeko arrantzaren ondorioz, seguruenik. Faktore horri bakarrik erreparatuz gero, belaunaldiz belaunaldi legatzaren erreleboak arriskuan egon beharko luke; baina ez da hala izan. Nahiz eta SSBk zein erreklutamendu orokorrak (ugalkor izan arte bizirauten duten legatz gazteen kopurua) behera egin, erreklutamendu urriago hori arrakastatsuagoa izan da, 90eko hamarkadatik aurrera. Hau da, belaunaldi horietako bakoitzak errundako arrautza gehiagok iraun dute bizirik, proportzioan, legatz heldu bihurtu arte. Ikertzaileak naturari egotzi dio hori: 90eko hamarkadara arte, arrantzak kalte egin zion legatzaren populazioari; baina ordutik hona ingurune-kondizio onuragarriak gertatu dira, eta horrek eragin handiagoa izan du arrantzaren ondorio negatiboek baino.

Zehazki, Goikoetxeak esplikatu du erregimen-aldaketa ekologiko bat gertatu zela Ozeano Atlantikoko ipar-ekialdeko plataforma kontinentalean, eta horrek iparraldeko legatz europarraren bizileku diren urak berotu zituela. Beroketa 80ko hamarkadaren bukaeratik 90ekoaren erdialdera gertatu zen. Batetik, NAO indize positiboa izeneko fenomenoa gertatu zen: Islandia inguruko behe-presioak asko jaitsi ziren, eta Azoreetako goi-presioak, berriz, asko igo. Bestetik, aldi berean, Golkoko itsaslasterra indartu zen. Horrek guztiak ur beroaren ipar-ekialderanzko garraioa handiarazi zuen. Hain zuzen ere, berotze-fase hori guztia eta legatzen erreklutamendu-arrakastaren handitzea aldi berean izan ziren.

Epelago, azkarrago

Horrenbestez, Goikoetxeak ondorioztatu du tenperatura epelak onuragarriak izan daitezkeela legatzarentzat, haren bizitzako lehen faseetan, batez ere. Tenperatura beroagoek handitu egiten dute errute-garaia eta -eremua, eta, beraz, oso litekeena da bizirik iraungo duten aleen kopurua handiagoa izatea. Gainera, larbak epelean azkarrago hazten direnez, denbora-tarte txikiagoan dira zaurgarriak, eta errazagoa da bizirik irautea. Uraren ipar-ekialderanzko garraioak, bestalde, azkartu eta erraztu egiten du errute-eremuetatik hazkuntza-eremuetarako bidaia, eta, horren ondorioz, legatzak gune egokiagoetan hazten dira. Horrekin guztiarekin, erreklutamendu-arrakasta handitzen da.

Horrenbestez, nahiz eta espeziearen belaunaldi-erreleboan eragin handia izan dezakeen legatzen populazio helduaren kopuruak (arrantzak baldintzatzen du), ingurunearen inpaktua ere aintzat hartu beharrekoa da. Haizearen garraioa, ipar-hemisferioko tenperatura-aldaketak, bai eta errute-garaian eskuragai dagoen elikagai-kantitatea ere, aipatu ditu Goikoetxeak ingurune-faktore horien artean.

Egileari buruz

Nerea Goikoetxea Bilbao (Bermeo, 1980) Biologian lizentziatua da, eta Itsas Ingurumenari eta Baliabideei buruzko europar masterra egin du. Xabier Irigoienen zuzendaritzapean idatzi du tesia; Azti-Tecnaliako Ozeanografia, Biologia eta Ekosistemak zein Baliabide Pelagikoen Kudeaketa sailen koordinatzailea da Irigoien. Era berean, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Sailean defendatu du tesi-egileak bere lana. Azti-Tecnalian egin du tesia Goikoetxeak, eta bertako ikertzailea da gaur egun.

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, Nerea Goikoetxea Bilbao., Nerea Goikoetxea
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: