#GaiNagusiak

Nerbio-sistemaren puzzlearentzat pieza berriak sortzeko moldea

Noiz argitaratua: 11/08/16 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak #Osasuna #Teknologia
 Tesiaren egilea, Patricia García Parra.

Nerbio-sistemaren gaitzak (parkinsona eta trauma-ondoko bizkarrezur-muineko lesioa kasu) bereziki zailak dira tratatzen, ez baita erraza puzzle neuralean kalteak izan dituzten piezak ordezkatzea. Gakoa da in vitro tratatutako zeluletatik abiatuta neurona funtzionalak garatzea; horretarako, baina, zelulok tratatzeko baliatzen den euskarriak nerbio-sistemaren ezaugarri bertsuak izan behar ditu. Horixe egin du Patricia García biokimikariak, neurona-diferentziazioa in vitro eragin dezakeen euskarri polimeriko bat garatu eta balioztatu baitu. UPV/EHUn defendatu du Tecnaliako Osasun Unitatean egin duen tesia. Titulu hau du: Desarrollo de un nuevo soporte polimérico con componentes de matriz extracelular neural para su aplicación en la diferenciación in vitro de distintas células primarias (Zelulaz kanpoko matrize neuralaren osagaiak dituen euskarri polimeriko baten garapena, zelula primarioen in vitro diferentziaziorako).

Zelulak neurona funtzional bihurtu ahal izateko, ezaugarri topografiko eta biokimiko egokiak dituen material polimerikoa garatu du Garcíak. Horretarako, fotolitografian eta zelulaz kanpoko matrizeen teknologian oinarritutako teknikak konbinatu ditu. Argiaren esposizioari eta substantzia kimikoei lotutako tratamendu-multzoa da fotolitografia, eta euskarriari behar duen forma topografikoa emateko balio izan du. Zelulaz kanpoko matrize neuralari dagokionez, substratu natural horri atxikitzen zaizkio zelulak, gida ditzan eta neurona-funtzionalitatea lor dezaten. Hala, nerbio-sistemari txerta dakiokeen ehuna osa dezakete. Matrizearen propietateak euskarrira eraman ditu Garcíak.

Biobateragarria eta eragilea

Balioztatze-fasean, material polimeriko horrek erakutsi du nerbio-sistemarekin biobateragarria dela. Era berean, neuronak terapeutikoki erabiltzeko adina gararazteko balio du, betiere prozesua jatorri neurala duten zeluletatik abiarazten bada (jatorri neurala ez duten zelulekin egindako probek, onenera, heldu gabeko neuronak sorrarazi dituzte). Garcíak zenbait balioztatze egin du, PC12 arratoien zelula-lerro egonkorrarekin (neurona-diferentziazio saio askotan erabilia) eta arratoien jatorri askotako zelula-hazkuntza primarioekin.

PC12arekin egindako balioztatzeetan, hain zuzen, argi eta garbi egiaztatu du garatutako euskarria biobateragarria dela eta neurona- eta dopamina-diferentziazioa eragiten duela (dopaminak neurotransmisio-funtzioak betetzen ditu).

Jatorri neuralekoekin bakarrik

Hazkuntza primarioei dagokienez, lehen saioa enbrioi-arratoien hipokanpoko zelulekin egin du Garcíak. Zelula horiek, jatorri neuralekoak izateaz gainera, neuronen leinura bideratuta daude garapen-fase oso goiztiarretatik (enbrioi-fasea). Garatutako matrizean, ohiko hazkuntza-kondizioetan baino eraginkortasun handiagoz diferentziatu dira zelulak, eta zortzi egun aski izan dira neurona helduak lortzeko.

Matrize horretan balioztatutako bigarren hazkuntza primarioa, berriz, zelula aitzindari neuralek osatzen dute (alegia, neurona bihurtu aurreko fasean dauden zelulek); zehatz-mehatz, arratoi jaioberrien garuneko bentrikulu-azpiko zonaldetik erauzitako zelula aitzindari neuralek. Emaitzek erakutsi dutenez, hazkuntzan 30 egun betetzerako gertatzen da neurona- eta dopamina-diferentziazioa. Gainera, glia-zelulen sare zabala ageri da matrizearen eta neuronen artean, eta sare horiek garabidean dauden neuronei babes trofikoa eta adierazlea ematen diete.

Hazkuntza primarioetan egindako azken balioztatze-saiakera, bestalde, jatorri neurala ez duten zeluletan oinarritu da. Arratoi helduen azaletik eratorritako zelula aitzindariak erabili dira, hain zuzen, zelula aitzindari neuralen iturri garrantzitsutzat joak izan baitira literaturan. Kasu honetan, baina, zelulak ez dira diferentziatu garatutako matrizearen gainean; oso kasu gutxitan lortu dira neuronak, eta heldu gabeak, gainera.

Egileari buruz

Patricia García Parra (Donostia, 1982) Biokimikan lizentziatua da (UPV/EHU). Gainera, hiru master egin ditu: Biologia Molekularra eta Biomedikuntza (UPV/EHU), Neurozientzia eta Portaeraren Biologia (Sevillako Pablo Olavide Unibertsitatea) eta Berrikuntzaren eta Teknologiaren Kudeaketa (Deustuko Unibertsitatea). José Iñaki Álava Marquínez doktorearen (Osasun Unitatea, Tecnalia Research & Innovation-TRI) eta Fabio Cavaliere doktorearen (UPV/EHUko Medikuntza Fakultateko Neurozientzia Saila) zuzendaritzapean idatzi du tesia. Zientzia eta Teknologia Fakultateko Biokimika eta Biologia Molekularra Sailean aurkeztu du. Inasmeten egin zuen ikerketa (gaur egun TRIren parte da), Iñaki Goenaga Fundazioko espezializazio-beka batekin, eta elkarlanean ere aritu da Teofilo Hernando Institutuarekin (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa). Gaur egun, doktoretza ondoko ikertzailea da García, Biodonostia Osasun Ikerketarako Institutuan (Donostia Ospitalea).

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, Patricia García Parra., Patricia García Parra
  • Garatutako matrizean diferentziatutako bentrikulu-azpiko zonaldeko zelulak., Patricia García Parra
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: