#GaiNagusiak

Euskadiko ordezkaritza 4.0 Industria aztertzeko nazioarteko ekimen batean

Noiz argitaratua: 14/09/16 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia
 None

Alemaniako zenbait eragilerekin buru-belarri jardun dira, bi egunez, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna Saileko eta SPRI erakundeko zenbait ordezkari, Arantxa Tapia sailburua buru zutela, herrialde hartako politika industrialaren joerak eta estrategiak aztertzen.

Fabrikazio-teknologien alorreko Ekoizpen Teknologien Fraunhofer Institutuaren bidez Alemaniako gobernua bultzatzen ari den nazioarteko benchmarking-lanean jarduteko gonbita jaso du Eusko Jaurlaritzak bisitaldi horretan. Tapia sailburuak adierazi duenez, "puntako fabrikazioaren alorreko joera aurreratuenen berri bertatik bertara izateko aukera dakarkio Euskadiri" eskaintza horrek.

Euskadiko zenbait eragilerekin harremanak ditu Franhofer ikerketa-zentro edo -institutuak, eta estutu egin nahi du haiekiko lotura, euskal ingeniariak kontratatzeko edo haiekin elkarlanean jarduteko.

Fabrikazio aurreratuan interesaturik dago Eusko Jaurlaritza; hori dela eta, bilerak izan dituzte haren ordezkariek Kaiserslautern hiriko Alemaniako Adimen Artifizialaren Zentroko arduradunekin eta herrialde hartako IKTen cluster nagusikoekin (Software Cluster; Hesseneko eskualdea). GAIAren clusterrarekiko harremana dela eta, badute Euskadiren berri Softwarekoek, eta lankidetza-bide berriak jorratzeko asmoa adierazi zuten.

Bestalde, Alemaniako 4.0 INDUSTRIAren estrategia idatzi zutenetako batekin jarduteko aukera ere izan zuten Eusko Jaurlaritzako ordezkariek, TU Darmstadt unibertsitateko Reiner Anderl irakaslearekin alegia. Gobernu federalaren estrategia industriala unibertsitarioen eta industriako langileen trebakuntza-premiei arreta berezia eginez aplikatzen duen plataforma bateko buru da Anderl.

Industria 4.0 Alemaniarekin, eta aitzindaritza industriala Vanguarden

Bestalde, Europako hamabost herrialdek osatzen duten Vanguard izeneko ekimeneko partaide ere bada Eusko Jaurlaritza 2013az geroztik. Politika industrial eta espezializazio adimenduna gidatzen du Vanguardek.

Europako hamabost herrialde hauek dira "abangoardiako eskualdeak": Euskadi, Baden-Württemberg, Flandria, Valonia, Lombardia, Malopolska, Ipar Renania-Westfalia, Eskozia, Skåne, Herbeheretako hego-ekialdea, Tampere, Asturias, Portugalgo iparraldea, Austria Garaia eta Rhône-Alpeak .

Espezializazio adimendunaren bidez hazkundea sustatu nahi duten eskualdeak elkartzea du xede Vanguard ekimenak, eta ez da esklusiboa.

Espezializazio adimendunarekin bat egiten dute ekimen horretako partaide diren eskualdeek, hala eskatzen dielako Europako kohesio-politikak, eta hura dutelako beren berrikuntza- eta industria-politiken printzipio gidari lehiakortasuna eta hazkuntza bultzatzeko.

Industriaren eta berrikuntzaren aldeko Europako politiketan espezializazio adimendunaren txertaketa bizkortzea du helburu Vanguardek, eta hau frogatu: eskualdeak ere eragile ahaltsuak izan daitezkeela hazkuntza berri bat sustatu nahi duten eragileak eta interesdun alderdi guztiak mobilizatzeko.

Informazio osagarria

  • , Eusko Jaurlaritza
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, Eusko Jaurlaritza
Basque Research

Egilea: Basque Research (Elhuyar Fundazioa)

Laguntzailea: