#GaiNagusiak

Nafarroako Unibertsitate Publikoa unibertsitate eta enpresetan berrikuntza irekia sustatzeko Europako bi proiektutan ari da parte hartzen

Noiz argitaratua: 11/07/26 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak

Nafarroako Unibertsitate Publikoak 217.000 euro jasoko ditu osotara, Europan berrikuntza irekia sustatzeko sei EURIS proiektuetariko bitan parte hartzeagatik. Bi proiektu horiek EURIS programak onetsitako proiektuak dira, “Interreg IV C” nazioz haraindiko lankidetzarako europar programaren barnean. Bi proiektuen aurrekontua osotara milioi bat euro baino handiagoa da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Zerbitzuak, Jakintza Hedatzeko Arloak eta Enpresen Kudeaketa Sailak Europako eskualde batzuen artean lankidetzan aritzeko plataforma bat garatu eta berrikuntza irekia aplikatzean arrakasta izan duten enpresak aztertuko dituzte.

Berrikuntza irekia berrikuntza-estrategia berri bat da, alegia, enpresak edo erakundeak beren antolamenduaren barneko mugak gainditzen dituzte eta kanpoko profesionalekin elkarlanean garatzen dituzte I+G+B proiektuak.

Foru Gobernuko Berrikuntza Departamentua da EURIS programaren burua, eta Alemaniako, Herbeheretako, Hungariako eta Poloniako eskualde batzuek ere parte hartzen dute proiektuan. Nafarroako Unibertsitate Publikoa, ANAIN eta CEIN nafar entitateek dihardute finantzatutako EURIS proiektuetako batzuetan. Entitate horiek jasoko dituzten diru-laguntzen % 75 Europako funtsetatik dator, eta gainerako % 25a Nafarroako Gobernuak ematen du. Unibertsitate, enpresa eta zentro teknologikoak berrikuntza irekira hurbiltzea, berrikuntza hori ezagutzea eta Foru Erkidegoan aplikatzea da azken helburua. Proiektuak datorren urteko azarorako amaitu behar dira.

Ikerketa irekiko plataforma

ORP proiektuaren helburua da (Open Research Platform) webean oinarritutako ikerketa irekiko plataforma bat garatzea eta abian jartzea. On line plataforma bat diseinatzea da helburua. Plataforma horrek unibertsitateen eta beste entitate batzuen zientzia- eta teknologia-eskaintzaren berri jakinaraziko du, EIBTak (Oinarri Teknologikoko Enpresa Berritzaileak) sustatuko ditu, jabetza industriala ustiatuko du eta beste erakunde batzuekin batera parte hartuko du ikerketa-proiektuetan. Hori guztia enpresei, ekintzaileei, jakintza-zentroei, arrisku-kapitaleko entitateei, eta abarrei irekitako ingurune batean.

Proiektuaren gunea web-atari bat da, eta aipatutako lankidetza-bideak eskainiko ditu. Horrez gainera, gehiago ere eskainiko du, hala nola eskualdeen berrikuntza-sistemetan erabilgarri dauden informazio-iturri eta -bideen analisia eta parte hartzen duten eskualdeetako enpresetan gailentzen diren berrikuntza-ereduen azterketa.

Berrikuntza irekiko negozio-ereduak

BMOI (Business Model for Open Innovation) da finantzatutako bigarren proiektuaren izena, eta haren helburua da enpresei eta ETEei (enpresa txiki eta ertainei) jakintza praktikoa eskaintzea negozio-ereduak aplikatzeko, berrikuntza irekiari onura atera diezaioten, jardunbide egokien bidez, prestakuntza-edukien bidez, eredu praktikoen bidez edota gomendio politikoen bidez.

Azterketa horri esker, eskualdeen berrikuntza-sistemen irekitze-maila alderatuko dute, berrikuntza irekiari dagokionez egiten dituzten praktikak neurtuz; baita ereduak proposatu ere berrikuntza irekiari onura atera nahi dioten enpresentzat. Zehazki, Nafarroako Unibertsitate Publikoak aztergai izango ditu beren negozio-eredua aldatu eta berrikuntza irekiari esker eskaintzen duten produktuaren balioa gehitu duten nekazaritzako elikagaien arloko, mekanika/automobilgintzako eta energia berriztagarrien arloko enpresa nafarrak.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, UPNA
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, UPNA
Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: