#GaiNagusiak

Iktus bat izan duten pazienteek “laguntza-beso” baten eta bideo-jokoen bidez egin ahal izango dute errehabilitazioa

Noiz argitaratua: 11/07/20 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Informatika #Osasuna #Teknologia
 ArmAssist

Gaur egun, munduko 15 milioi pertsonak izaten dute iktus bat urtean, eta 5 milioiri minusbaliotasun iraunkorren bat geratzen zaio. FIKek sistema bat diseinatu du paziente horien narriadura neuromuskularra etxean arintzeko eta terapeutak une oro gainbegiratu eta terapiaren ebaluazio kuantitatiboa egiteko. Horretarako, FIKek teknologia berriak eta entretenimendua uztartu ditu, bai eta errehabilitazioa egiteko kalitate hobea ere.

Pazienteak besoaren mugikortasuna hobetu ahal izango du gailu mugikor baten bidez. Gailu horrek bideo-jokoak ditu software-plataforma batean, telerrehabilitazioa egiteko, eta, hala, medikuak ariketa horien on line segimendua egin dezake, joko horietatik lortutako emaitza kuantitatiboen bidez. ArmAssist proiektua da (“laguntza-besoa”). Une honetan, Valentziako La Fe ospitalean ari dira probatzen, iktus bat izan duten pazienteekin ebaluatzeko.

Helburua da sistemaren erabilgarritasuna ebaluatzea eta horrekin pazienteei eta terapeutei sortzen zaizkien trebakuntza-beharrak identifikatzea. Teknologia bideragarria ote den jakin nahi da, eta errehabilitazioa etxera eramatean sor litezkeen oztopoak hauteman. Saiakuntza klinikoetan, ahalik eta azkarrena hasiko dira pazienteak ArmAssist erabiltzen; tresna etxera eraman, eta han jarraituko dute errehabilitazioa egiten, terapeutaren urrutiko gainbegiratzearekin.

Proiektu berri horren atzean, FIK dago, zahartzearen eta minusbaliotasunaren esparruko ikerketa ardatz duen enpresa-ekimena. Duela bi urte abiarazi zituen eremu horretako lehen patenteak, eta, gaur egun, apustu hori gauzatzea dakar ArmAssist gailuak, baliozko irtenbideak ematen baitizkio populazioaren zahartzeari.

Gailua eta bideo-jokoak

ArmAssist-ek oinarri mugikorreko gailu bat du, eta erabiltzaileari konektatzen zaio protesi batekin, zeinak sorbaldaren eta ukondoaren mugimenduak hautematen eta neurtzen baititu. Oinarri mugikor hori ordenagailu estandar batera konektatzen da, eta besoaren mugimenduak eta gorputz-adar horien errehabilitaziorako ad hoc garatutako bideo-jokoen eskakizunak erlazionatzen ditu ordenagailuak.

Bi motatako ariketak proposatzen dira pazientearen errehabilitazioa hobetzeko: ebaluatzekoak eta entrenatzekoak. Ebaluaziokoak bideo-jokoak dira, iraupen gutxikoak, eta egunero egin behar dira entrenamendu-saioa hastean eta amaitzean. Bideo-joko horiek modu independentean lantzen dituzte indarra, ibilbidea eta doitasuna, eta terapeutak pazientearen bilakaera ebalua dezan balio dute.

Bestalde, entrenamendu-jokoak denbora gehiagoan egiteko dira, eta arinagoak dira pazientearentzat. Hain zuzen ere, haren helburua da gaixoa motibatzea besoa denbora gehiagoan entrena dezan. Osagai kognitibo bat ere badute, alderdi hori ere arintzeko. Bideo-joko horien artean, puzzleak eta oroimen- eta bakar-jokoak daude.

Telerrehabilitazioa

Errehabilitazio-programan, bi motatako ariketak konbinatzen dira: klinikako ariketak, mediku baten begiradapean eginak, eta etxean egiteko gomendatutako ariketak. Gaur egun, ariketa horiek gehienetan ezin dira klinikatik kanpo egin. Izan ere, egungo sistemak oso handiak dira, eta ezin dira leku batetik bestera eraman; horregatik, ospitalean bakarrik daude. Gainera, terapeutek ez dute terapiaren gaineko kontrolik, eta, beraz, ezin dute egin programaren segimendu egokirik eta hobekuntzarik.

Laguntza-besoaren telerrehabilitazio-softwarearen bidez, lotura bat sortzen da pazientearen eta terapeutaren artean, eta horrek aukera eman du gaixoak etxean eta modu autonomoagoan entrenatzeko. Izan ere, programa informatikoak Interneteko konexioa du, eta, haren bidez, medikuak ziurtatu dezake pazientea ondo ari dela ariketak egiten.

Bestalde, terapeutak pazientearen bilakaeraren ebaluazio kuantitatiboa egin ahal izango du. Orain arte, errehabilitazio-sistemek ez zuten alderdi hori, eta balio bereizgarria da pazientearentzat eta medikuarentzat. Telerrehabilitaziorako software hau tresna osoa da, terapiaren fase guztiak baititu: plangintzatik hasi, eta gauzatze eta haren segimenduraino.

Iktus bat izan eta fase akutuan dauden pazienteek nahiz paziente kronikoek erabil dezakete ArmAssist besoak etengabe entrenatzeko, eta iktusa ez den beste gaitz batzuetarako ere balio du.

FIKi buruz

FIK hogeita bost bazkide inbertitzaile baino gehiagoko enpresa-ekimen bat da, eta zahartzearen eta minusbaliotasunaren esparruko ikerketa egitea du xede. FIKek gizarte aurreratuetako arazo garrantzitsu bati heltzen dio, eta, halaber, aukera ekonomiko handia da.
Enpresa-lankidetzaren mota berri bat da, emaitza ustiagarriak —hots, patenteak— lortzea duena azken helburu. Patente horiek aukera eman behar dute egindako inbertsioa errentagarri bihurtzeko, eta, horretarako, zenbait produktu eta zerbitzu eskaini behar dituzte, helduen eta minusbaliatuen autonomia pertsonala, independentzia, osasuna eta bizi-kalitatea hobetuko dituztenak. Patenteak lehendik dauden enpresen bidez edo oinarri teknologikoko enpresa berriak sortuz iristen dira merkatura. Horrenbestez, ehun ekonomikoa birsortzeko mekanismo bat da. Zahartzearen ekonomia berriaren aitzindaria izan nahi du FIKek.
TECNALIA ikerketa-zentroa arduratzen da proiektu honen lidergo zientifiko-teknologikoaz, esperientzia handia baitu osasunean eta, zehazki, zahartzearen eta minusbaliotasunaren arloan.

Informazio osagarria

  • ArmAssist, Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, Tecnalia
Erika Ibáñez

Egilea: Erika Ibáñez (Tecnalia Research & Innovation)

Laguntzailea: