#GaiNagusiak

Ingurune baten kutsadura-maila zehaztu daiteke tresneria, denbora eta disolbatzailerik xahutu gabe

Noiz argitaratua: 11/07/08 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Fisika, Kimika eta Matematika #Ingurumena
 Tesiaren egilea, Dani Zuazagoitia.

Oso kutsagarriak izan daitezkeen konposatu organikoak dira hidrokarburo aromatiko poliziklikoak (PAH). Besteak beste, industria metalurgikoak eta farmazeutikoak dauden lurretan edo itsasontziek erregaiz zipriztindutako uretan ageri dira. Dani Zuazagoitia kimikariak teknika arin eta sinple batzuk proposatu ditu askotariko inguruneetan PAHen inpaktua eta ezaugarriak nolakoak diren aztertzeko, buru-guneko fase solidoko mikroerauzketa izeneko prozeduran (HS-SPME) oinarrituta. Metodologia garatu du, kasuan kasu aplikatzeko prestatu du, eta Gipuzkoako zenbait gunetan hartutako laginetan aplikatu du. UPV/EHUn defendatu du tesia, eta titulu hau jarri dio: Fase solidoko mikroerauzketan oinarritutako metodoen garapena hidrokarburo aromatiko poliziklikoen determinaziorako. Aplikazioa eta ebaluazioa ingurumen laginetan.

Ikerketa horri esker, zenbait artikulu argitaratu ditu Zuazagoitiak. Horietan berriena, AEBko Soil & Sediment Contamination aldizkarian, Evaluation of soil contamination by polycyclic aromatic hydrocarbons in Gipuzkoa (Northern Spain) izenburupean.

Erauzketa, lagina ukitu gabe

Laginak aztertzeko HS-SPME prozedura araketa-metodo bat da; mota horretako analisiek bai/ez erantzun azkarra eman dezakete, tresneria, denbora eta disolbatzaile askoren beharrik gabe. Prozedura horretan, zehazki, orratz batekin zulatzen da laginaren estalkia. Orratzak zuntz bat du barruan, eta, estalkia zulatutakoan, aterarazi egin behar da, aztergaia xurga dezan buru-gunetik. Laginaren eta estalkiaren arteko tartea da buru-gunea, eta konposatu lurrunkorrekin (PAHak hala dira) baino ezin da lortu informazioa hortik. Erauzketa buru-gunetik eginda, zuntzari onik eusten zaio. Izan ere, zuntza zuzenean laginean sartuz gero hondatu egin daiteke, molekula handien erruz; HS-SPMEren bidez, interferentzia ez-lurrunkorrak eta molekula handiak saihesten dira.

Erauzketaren ondoren, desortzioa egin behar da, zuntzak xurgatutako gasak askatzeko eta substantziok bereizteko. Zuazagoitiak gas-kromatografia baliatu du; horri esker, 350-400 gradu baino tenperatura txikiagoan bereiz daitezke lurrunkortasun nabaria duten osagaiak. Gar bidezko ionizazio-detektagailu (FID) batekin kuantifikatu ditu gero.

Hiru prozeduraren optimizazioa

HS-SPME prozeduran oinarrituta, pisu molekular txikia eta ertaina duten askotariko PAHak aldi berean zehazteko metodoak garatu ditu Zuazagoitiak bere tesian, kontuan hartuta aztergai den matrizearen arabera (ura, lurra, sedimentuak…) metodoon kondizioek desberdinak izan behar dutela. Gainera, erauzketan zein desortzioan aldagai askok eragiten dutenez, diseinu esperimentalera jo du ikertzaileak, metodoaren erantzuna optimizatzeko. Statistica® izeneko programa baliatuta, ez da beharrezkoa izan aldagai bakoitzarekin banakako saioak egitea, horien gorabeherak aldez aurretik ezagutzeko.

Horrenbestez, Zuazagoitiak egiaztatu du badaudela neurketa-metodo arinak, bakunak eta edozein laborategi analitikotan dagoen tresneriarekin egiteko modukoak. Metodo-mota horien beste ezaugarri batzuk zera dira: erantzun azkarra lortzea dutela helburu (besterik gabe PAHetan positibo edo negatibo ematen duen jakitea), eta ingurumena zaintzen dutela, ez baita disolbatzaile organikorik erabiltzen. Tesian optimizatutako hiru prozedurek (ura, lurra eta sedimentuak) bat egiten dute ezaugarriokin.

Donostian, Bergaran eta Pasaian

Metodoak garatu ez ezik, aplikatu egin ditu ikertzaileak; Gipuzkoako ur, lur eta sedimentuen kutsadura aztertzeko. Hala, aztergai izan diren laginen arabera, lurraldeko itsaso eta ibaietako PAH-kontzentrazioak ez dira aipagarriak. Ur lixibatuei (zaborra eta euria elkartzen direnean sortzen den ur zikinari deitzen zaio horrela) dagokienez, ordea, kutsadura handia aurkitu da haietan, eta agerian utzi da ur horien jatorrian dauden lurretan PAH-kontzentrazio handia dagoela. Lur-laginetan, bestalde, Donostiako bi gunetan aurkitu du kutsadura handia Zuazagoitiak: Morlansen, Amarako gas-fabrika zegoen tokian; eta Oriamendin, kreosota substantzia toxikoaz tratatutako egurra duen biltegi batean. Sedimentuei dagokienez, azkenik, PAHak aurkitu dira aztertutako toki guztietan eta, bereziki, Bergaran (Deba ibaia) eta Pasaian (Oiartzun ibaia).

Egileari buruz

Dani Zuazagoitia Rey-Baltar (Bilbo, 1979) Kimika Zientzietan lizentziaduna da. Rosa Garcia Arrona eta Esmeralda Millan Martin UPV/EHUko Kimika Fakultateko Kimika Aplikatua Saileko irakasleen zuzendaritzapean idatzi du tesia. Han egin ditu ikertzaileak lana egiteko egin behar ziren analisiak; laginketa, berriz, Gipuzkoan zehar egin du. Gaur egun, irakasle-lanetan dabil Zuazagoitia, UPV/EHUko Gasteizko Irakasleen Unibertsitate Eskolan zein Francisco de Vitoria Ikastetxean.

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, Dani Zuazagoitia., Dani Zuazagoitia
  • Sedimentuak Deban., Dani Zuazagoitia
  • Kreosota duen egurra Oriamendin, Donostian., Dani Zuazagoitia
  • Sedimentuak Pasaian., Dani Zuazagoitia
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: