CIC biomaGUNE ikerketa-zentroko ikertzaileak garuneko iskemiari aurre egiteko tratamendu eraginkorrak bilatzeko helburua duen ikerketa-proiektu batean ari dira lanean. Herrialde garatuetan, hirugarren heriotza-eragilea da dagoeneko iskemia, bai eta minusbaliotasunen eragile nagusia ere.
Horri lotuta, garuneko infartuak izan dituzten pazienteen % 70 inguru 65 urtetik gorakoa da herrialde garatuetan, eta, kontuan izanda bizi-itxaropena pixkanaka gora doala, iragarpenek diote nabarmen egingo duela gora patologia horrek jotakoen kopuruak.
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitateak eta Ikerketa Sailak finantzatu du proiektua, eta hiru urteko iraupena izango du (2011-2013). Proiektuaren helburua da aztertzea zer bilakaera duten neurotransmisio-sistema jakin batzuek garuneko iskemiaren eboluzioan —laborategiko arratoietan aztertuko da prozesua—, eta ikustea zer lotura duten sistema horiek iskemia-patologiaren azpian dauden prozesu fisiopatologikoekin eta epe luzera garunaren funtzioa berreskuratzearekin.
Helburu horiek lortzeko, CIC biomaGUNEko Irudigintza Molekularreko Unitatean garuneko infartuen eredu esperimentalen in vivo ikerketak egingo dituzte arratoietan, irismen handiko ekipamendu teknologikoak erabilita —hala nola PET positroien igorpen-tomografia eta erresonantzia magnetiko bidezko irudigintza (MRI)—. Irudigintza-teknika berritzaile horiei esker, animaliei jarraipena egin ahal izango zaie patologia garatzen doazen heinean, eta, hala, balio biologiko handiko informazioa lortuko dute garuneko iskemia-prozesuaren eboluzioa ulertzeko.
Irudigintza-teknika ez-inbaditzaileei esker, garuneko iskemia-prozesuaren ondorengo fisiopatologiari buruzko informazioa lortu da. Hala ere, orain arte oso gutxi aztertu da zer funtzio duten neurotransmisio-sistemek garuneko infartu esperimentaletan, irudigintza molekularreko teknikak erabilita.
Oraingo ikerketak lagundu dezake argitzen zer funtzio duten neurotransmisio-sistema jakin batzuek garuneko iktus esperimentalean, sistema horiek loturarik ba ote duten garunaren odol-perfusioan gertatzen diren aldaketekin eta jarduera metabolikoak nolakoak diren bai infartuak kaltetutako garun-eremuetan bai haietatik urrun. Horrenbestez, “garunaren funtzioa leheneratzen parte hartzen duten prozesuak behar bezala ulertzeak modu erabakigarrian lagundu dezakete hala tratamendu berriak garatzen, nola garunaren funtzioa leheneratzeko prozesuako garun-plastikotasuna ebaluatzeko PET irudigintzarako biomarkatzaile berriak sortzen”, adierazi du Llop doktoreak, CIC biomaGUNEko Irudigintza Unitateko ikertzaile nagusiak. Aurkikuntza horiek guztiek, azkenean, “patologia horrek jotako pazienteen suspertze-prozesua azkartu eta areagotu lezakete”.
Iskemia-prozesua
Iskemia-prozesuan gertatzen den garun-disfuntzioa garuneko infartua eragiten duten zenbait mekanismo fisiopatologikoren ondorioz sor daiteke. Garuneko iskemiaren fisiopatologiaren ulermenean aurrerapausoak eman badira ere, prozesu kaltegarriei aurre egiteko oso aukera terapeutiko gutxi dago. Orain arte, botika bat baino ez da onartu iktus iskemikoaren tratamendu kliniko eraginkor gisa: ehuneko plasminogeno errekonbinantearen aktibatzailea (rTPA); eta hori da, oraindik, garuneko infartuaren ondorioei aurre egiteko tresna bakarra.
Horrenbestez, iktus iskemikoaren ikerketaren erronketako bat da tratamendu eraginkor bat aurkitzea, eta tratamendu horrek pazienteen garuneko funtzioari eusteko eta/edo funtzio hori leheneratzeko gai izan behar du.
Funtzioaren leheneratzea bultzatzeko iradokitako mekanismoetako batzuk dira neobaskularizazioa, garunaren plastizitatea eta funtzioen berrantolaketa —garuneko eskualde berriak sartuz eta/edo neuromodulazioa eginez—. Proiektuaren buru Abraham Martín doktorearen ustez, “ezinbestekoa da fisiopatologia, garuneko fluxu lokala eta ehunen metabolismo eta funtzionaltasuna ikertzea iskemia gertatu eta egunetara, asteetara eta hilabeteetara, eta garuneko iskemiari lotuta oraindik ikertu ez diren mekanismo batzuk aztertzea, hala nola garuneko neurotransmisio-sistemak”.

