#GaiNagusiak

Intsektuei beste ezeri erasotzen ez dioten biozidak

Noiz argitaratua: 11/06/28 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Fisika, Kimika eta Matematika #Ingurumena
 Tesiaren egilea, Mariluz Alonso Alonso.

Mikrokapsulatan sartuta, biozidak ez dira horren toxikoak ingurumenarentzat, substantziaren oskol-lanak egiten baitituzte. Hala azaldu du Mariluz Alonso kimikariak, UPV/EHUn defendatu duen tesian. Ikerketa horretan, zenbait biozida eta substantzia osagarrirekin egin du lan, baldintza jakin batzuk betetzen dituen mikrokapsulatua lortzeko. Ingurumenarekin bateragarria ez ezik, uretan disolbagarriagoa, langileentzat maneiagarriagoa, kontserbatzeko hobea eta intsektu hegalarien aurka eraginkorra behar du izan mikrokapsulatu horrek. Bere tesiaren izenburua da Microencapsulación de biocidas (Bioziden mikrokapsulazioa). Horretan oinarrituta, zenbait aldizkaritan argitaratu dizkiote idatziak, hala nola International Journal of Environmental Analytical Chemistry izenekoan (Advantages of biocides-β-cyclodextrin inclusion complexes against active components du izenburu artikuluak).

Biozida arruntek dituzten gabeziak gainditzen dituen produktua lortzea izan du helburu ikertzaileak. Izan ere, ohiko produktuen profil toxikologikoak murriztu egiten du haiek erabiltzeko aukera. Gainera, uretan gaizki disolbatzen dira; haietako batzuek biskositate handia dutenez, maneiatzen zailak dira; eta askok sentsibilitate handia diote argiari eta tenperaturari. Lortutako produktuak bat egiten du ikertzaileak bilatutakoarekin, eta gainera, laborategiko entseguek erakutsi dute eraginkorra dela etxeko eulien aurka.

Ziklodestrina, agente kapsulatzailea

Intsektizida karbamatoak (bendiocarb izenekoa, zehazki), nikotinoideak eta piretroideak aukeratu ditu Alonsok produktua osatzeko. Karbamatoek ez diote beste batzuek adinako kalterik egiten ingurumenari, biodegradagarriagoak dira, eta gizakiarentzat ez dira horren toxikoak. Desabantaila handiena zera dute, intsektuek haiekiko erresistentzia gara dezaketela. Intsektizida nikotinoideek eta piretroideek, ordea, ez dute inongo eragozpenik erresistentziari dagokionez. Nikotinoideak baratzezaintzan baliatzen dituzte batez ere, erleentzat seguruagoak direlako. Oro har, piretroideak erabiltzen dira gehien; oso toxikotasun txikia eragiten diete ugaztunei, baina erleentzat eta uretako organismoentzat kaltegarriak dira.

Gainera, piretroideen jarduna biziagotu du ikertzaileak, mikrokapsulatuan piperonilo butoxidoa (Bp) gaineratuta. Substantzia horrek 10-150 aldiz areagotzen du intsektizidaren eraginkortasuna. Ikerketa osatzeko, tebukonazol fungizidaren kapsulazioa egitea ere lortu du.

Mikrokapsulazioari berari dagokionez, ikertzaileak ziklodestrina (CD) motako karbohidratoa aukeratu du eragile kapsulatzaile gisa. Karbohidratoek disolbagarritasun handia dute uretan, ez dute hezetasuna xurgatzeko joerarik, giro-tenperaturan luze irauten dute batez beste, eta merkeak dira. Ziklodestrinei dagokienez, arto-almidoiaren hidrolisi partzialetik abiatuta lortutako destrina ziklikoak dira. Bestalde, % 99tik gorako errendimendua lortu dute mikrokapsulen osatze-prozesuan. Horretarako, ikerketa-gune izan den laborategian bertan optimizatu duten disoluzio-metodo bat aplikatu dute, disolbatzaile organikoak baliatzen dituena.

Detektatzen zailagoa intsektuentzat

Tesian ondorioztatutakoren arabera, lortutako kapsulen tamaina mikrometrikoari esker, produktuak azalera handiagoa tratatu dezake, eta intsektuei zailagoa zaie hura detektatzea. Gainera, biozida babesten duen CDari esker, haren berezko izaera toxikologikoa neutralizatu egiten da, bai eta biltegiratuta dagoenean jasaten duen degradazioa murriztu ere. Gainera, konposatuaren disolbagarritasuna hobetu denez (eta, horrenbestez, produktu komertziala uretan presta daitekeenez), ez dira petroliotik eratorritako disolbagarriak erabili behar, eta, hala, ingurumenari kalte handiegirik eragiten ez dioten produktuak ekoitz daitezke. Azkenik, substantziak mikrokapsuletan bilduta daudenez, beste arazo handi bati egiten zaio aurre: biozida likidoak giro-tenperaturan maneiatu behar izateak dakartzan zailtasunei.

Alonsok laborategian bertan frogatu ahal izan duenez, lortutako produktua intsektizida eraginkorra da etxeko eulien aurka. Emaitza hori abiapuntutzat hartuta, intsektuei eta, zehazki, etxeko euliei barrualdean zein kanpoaldean aplikatzeko askotariko formulazio eraginkorrak lor daitezke.

Egileari buruz

Mariluz Alonso Alonso (Bilbo, 1978) Zientzia Kimikoetan doktorea da. Rosa Maria Alonso Rojas eta Rosa Maria Jimenez Sanzen zuzendaritzapean idatzi du tesia; UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoa Saileko katedraduna eta irakasle titularra dira, hurrenez hurren. Gaur egun, sail horretan bertan kontratatuko ikertzailea da Mariluz Alonso.

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, Mariluz Alonso Alonso., Mariluz Alonso Alonso
  • Biozidaren erabateko mikrokapsulazioa CD-molekulen barrunbean., Mariluz Alonso Alonso
  • Mikrokapsulazio partziala., Mariluz Alonso Alonso
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: