#GaiNagusiak

Nanoeskala egunerokoan

Noiz argitaratua: 11/06/21 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia

100 nanometro baino gutxiago dituzten hiru dimentsioko (3D) gainazalek hainbat aplikazio dituzte optikatik bizitzaren zientzietaraino, besteak beste. Horren harira, Tecnaliak Europako Batasunaren 7. Esparru Programaren barruko NAPANIL proiektuan parte hartzen du. Proiektu horren helburua da nanoinprimatze-tekniketan oinarritutako fabrikazio-prozesu berriak garatzea. Izan ere, oinarrizkoa da aplikazio horien arrakastarako. Teknika horrek gastuak murrizten ditu, eta fabrikazio-prozesuak eta materialen prozesatzea errazten du.

3D nanoinprimatzeak askotariko aukerak ditu etorkizunean. Dena den, lehentasun nagusietako bat funtzio berriak eta hobetuak dituzten produktu errentagarrien garapenean jarri dute. Lehendabizi, 3D nanoinprimatzea eskala handian ezartzea eta zenbait arlotara hedatzea. Horretarako, zenbait tresna eta prozesu egokituak dituzte dagoeneko. Prozesu horiek ekoizpenaren balio-katean txertatzeko, ahalegin handiagoak egin beharko dira Europan.

Eragin ekonomikoa oraindik ez da baloratu, baina, ahalegin guztien fokua automobilgintza-, optika- eta optoelektronika-sektoreetarako gailu adimendunetan jarri dute, baita film funtzionalen merkatuan ere.

Tecnaliak material berriak, bereziki NIL teknologiarako polimero adimendunak, garatzen dihardu proiektu horretan. Halaber, material horietan oinarritutako zenbait sentsore optiko kimiko garatzen ari da.

Tecnaliaz gainera, 8 herrialdetako 17 kidek parte hartzen dute proiektu horretan: Finlandia (VTT, Modlines, Helsinkiko Unibertsitatea), Frantzia (Saint-Gobalin, Cognoscenes, SAS SET, LTM CNRS, CEA LETI), Danimarka (DTU), Alemania (MRT AMO), Suitza (PSI), Espainia (Tecnalia, ICN), Erresuma Batua (Glasgow-eko Unibertsitatea, Impattorn) eta Italia (CRF, INFM / TAS).

NAPANIL Industria-eguna

Sektore publikoko zein pribatuko 70 aditu baino gehiago elkartu ziren berriki Berlinen, NIL teknologiaren garapenari lotutako gaiak jorratzeko. “NAPANIL - Nanopatterning, Productions and Applications, based on Nanoimprinting Lithography” Europako I+G proiektutik sortu zen ideia. 2011ko apirilaren 6an, lehenengo NAPANIL Industria-eguna egin zen Berlinen, Alemaniako GmbH enpresak antolatua. Parte-hartzaileek, proiektuko 25 kidek eta bestelako erakundeetako 50 parte-hartzailek (industria sektoreko 26k eta erakunde teknikoetako 24k) nanoinprimaketa bidezko litografiaren teknologiaren potentzialak, mugak eta merkatuan ustez izango duen inpaktua aztertu zituzten. Zenbait hitzaldiren eta eztabaidaren ostean, merkatu hori ustiatzeko zenbait elkarlan lortu zituzten. Ondorioztatu zuten aztertze-fase honetan azkeneko erabiltzaileen parte-hartzearekin bakarrik lor daitekeela berrikuntza; horrekin eta balio-katea osatuko duten oinarrien azterketarekin: modelatzea, erremintak, estanpak eta prozesuaren kontrol osoa barne. NAPANIL Industria-egunak interes handia piztu du, eta frogaturik gelditu da modu eraginkorra dela teknologia horretan adituak diren pertsonei eta sektore horretako eragileei aukera emateko beren ikuspuntuak, askotarikoak baina osagarriak, parteka ditzaten. Litekeena da proiektua amaitu aurretik mota horretako beste ekitaldi bat antolatzea.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, ingelesez, Tecnalia
Germán Lasa

Egilea: Germán Lasa (Tecnalia Research & Innovation)

Laguntzailea: