#GaiNagusiak

Tecnaliak irteteko pistola-tiroa erraztu du minusbaliotasun sentsoriala duten atletentzat

Noiz argitaratua: 11/06/15 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna #Teknologia
 Lasterketa

Lasterketa batean lehiatzea da atleta baten egunez egunekoa. Baina zenbait minusbaliotasun sentsorial dituen kirolari batentzat edozein lasterketa da oztopo-lasterketa bat. Tecnaliak oztopo horiek desagertzeko lanean dihardu buru belarri.

Sistemak haririk gabe konektatuta dauden zenbait gailu ditu, minusbaliotasunen bat duten pertsonen irteera errazteko, abiadura-probetan esaterako. Horrenbestez, atleta horri gainerako lehiakideek duten antzeko erreakzio-denbora eskaintzen die.

Sistema aitzindaria garatu du Tecnaliak, Enkoa, Leabai eta Kirol Egokituaren Gipuzkoako Federazioa euskal enpresekin elkarlanean. Halaber, atletismo egokituko aditu baten laguntza izan du, Valentín Rocandio entrenatzailearena, bai eta Casimiro Ondo atletarena ere —gorra da eta ikusmen-arazoak ditu—.

Proiektua

Gorrek openetan lehiatzeko dituzten arazoak konpontzeko helburuarekin sortu da proiektua. Izan ere, lehiaketa horietan pertsona horiek minusbaliotasunik ez duten pertsonekin lehiatzen dira. Proba horietan, zenbait eratara hautematen du entzumen-arazoak dituen atleta batek epaileak irteera eman duela: tiroaren soinuak lurzoruan sortzen dituen bibrazio-mugimenduei esker, pistolari eragitean sortzen den leherketaren pertzepzio bisualari esker edo entrenatzaile baten laguntzari esker (irteteko agindua aditu bezain pronto, atletari bizkarrean kolpe bat ematen dio). Horrek guztiak erreakzio-denbora asko behar du, eta, horrenbestez, irteeratik atzeratuta hasten dute lasterketa.

Irteera-tiroa eta irteera faltsua —elkarren segidako bi tiro— automatikoki detektatzeko gai den eta atletari zenbait seinale bisualen bidez abisatzen dion sistema batekin konpondu nahi du Tecnaliak desabantaila hori. Atletaren irteera-denbora gutxitzea da gailu horren helburua. Horrenbestez, haren markak hobetzen lagunduko dio, eta munduko txapelketetan zein paralinpiadetan parte hartzeko beharrezko minimoak lortzen lagunduko dio.

Sistemaren berrikuntza nagusia da gai dela irteera-tiroaren soinua gainerako atletak belarriarekin entzuten duten momentu berean jasotzeko. Horretarako, argiak dituen gailu bat ezartzen da irteeran, atletaren aurrean. Atletaren entrenatzaileak haririk gabeko aginte baten bidez aktibatzen du gailu hori. Horrenbestez, epaileak “adi” esatean, entrenatzaileak argi gorri bat aktibatzen du; “prest” esatean, argi horia piztuko da; eta, azkenik, sistemak automatikoki jasotzen du tiroaren soinua, eta une horretan argi berdea pizten da.

Gailua ekainaren 11n erabili zuten lehenengo aldiz, Basauriko Meeting Paralinpikoan.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, Tecnalia
  • Lasterketa, Tecnalia
  • Gailua, Tecnalia
  • Gailua, Tecnalia
Erika Ibáñez

Egilea: Erika Ibáñez (Tecnalia Research & Innovation)

Laguntzailea: