#GaiNagusiak

Biriketako minbiziaren arrastoaren atzetik

Noiz argitaratua: 11/06/10 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Osasuna
 Tesiaren egilea, Naia Uribe-Etxebarria Lugariza-Aresti.

Biriketako tumore batek zer bidetatik zabaltzeko asmoa duen detekta dezakeen substantzia erradioaktiboa baliatu du Naia Uribe-Etxebarria zirujauak, hura tumorean bertan txertatuta. Teknezio 99a da substantzia hori, eta ebakuntza barruan aplikatu du. Txikiak ez diren zelulek osatzen dituzten minbiziak, erauzi daitezkeenak eta fase goiztiarrean daudenak (I edo II fasea) izan ditu ikergai. Horri esker, zehaztasunez detektatu du gongoil zentinela; tumoretik drainatze linfatikoa jasotzen duen lehen gongoila da hori eta, beraz, askotan kalteak izaten ditu eta hortik zabaltzen da minbizia. UPV/EHUn defendatu du bere tesia, Utilidad del estudio intraoperatorio del ganglio centinela con tecnecio 99 para la estadificación del carcinoma de pulmón de célula no pequeña izenburupean (Teknezio 99arekin gongoil zentinela ebakuntzan aztertzearen erabilgarritasuna, txikiak ez diren zelulen biriketako kartzinomaren fasea zehazteko).

Biriketako minbizien % 80 dira txikiak ez diren zelulen multzokoak, eta horien artean % 25-30 besterik ez daude fase goiztiarrean (I edo II). Kasu horietan, erresekzio kirurgikoa da tratamendu eraginkorrena. Zehazki, biriketako lobuluaren edo birika osoaren erresekzio anatomikoa egiten zaie gaixoei, bai eta gongoil-disekzioa ere. Disekzio horren bidez, minbiziaren zabaltze-maila eta larritasuna eta ebakuntzaren ondoren jarraitu beharreko tratamendua zehaztu daitezke. Izan ere, gongoil linfatikoak kaltetuta egotea edo ez minbiziaren bilakaeraren erakusle garrantzitsua da.

Gurutzetako 48 gaixo

Horri lotuta, gongoil zentinelaren biopsia egin ohi da bularreko minbizien eta melanomen kasuan, gongoilen egoera zehazteko. Baina ez horiek, ez eta tindaketek ere, ez dute balio biriketako minbizietan. Beste ikerketa batzuek erakutsi dutenez, markatzaile erradioaktiboan oinarritutako teknika da eraginkorrena kasu horretan, eta teknezio 99 sulfato koloidearen aldeko hautua egin du, zehazki, Uribe-Etxebarriak.

Gurutzetako Ospitaleko (Barakaldo) 48 gaixo izan zituen ikergai, eta 0,25 milikurioko dosia txertatu zen tumorearen barruan, haren lau koadranteetan banatuta. Hamar minuturen ondoren, tumorearen eta toraxaren barrualdeko gongoilen erradiazioak neurtu zituen, gamma erradiazioen esku-kontagailu baten bitartez. Isotopo erradioaktiboaren migrazioa egokitzat jo zuen, erradiazio hori jatorrizko tumorearena halako hiru zenean. Jarraian, ohiko ebakuntza egin zitzaien gaixoei: tumorearen erauzketa, gongoil-laginketa eta aholkatutako (kasuaren arabera) gongoilen erauzketa. Gero, organismotik kanpora ateratako pieza horien gamma-erradiazioa neurtu zuen. Oinarrizko balioa halako hiru zuten piezak jo zituen gongoil zentinelatzat. Izan ere, substantziak egindako bidearen erakusgarri da erradioaktibitate hori, bai eta gaitzaren ibilbidearena ere.

Emaitzak, % 90etik gora

Emaitzek erakutsi dutenez, badago biriketako gongoil zentinela identifikatzerik, ebakuntzan isotopo erradioaktiboak erabiliz. Gongoil zentinelak identifikatu ziren kasuen % 100ean, eta teknikaren sentsibilitateari, zehaztasunari eta aurreikuspenerako balio negatiboei buruzko emaitzak % 90aren bueltan edo gainetik ibili ziren. Negatibo faltsuen indizea % 11,76 izan zen; hau da, bi kasutan, gongoil zentinela egon bazegoen zonalde jakin batean, baina ez zen erradioaktibitaterik detektatu. Bestalde, gongoil zentinelak eta metastasia jasateko arrisku handiena duten gongoil linfatikoak tumoretik gertu egon ohi dira. Gainera, kasu batzuetan litekeena da gongoil zentinela bat baino gehiago egotea (48 kasuetatik bitan aurkitu zituen bina gongoil zentinela).

Uribe-Etxebarriak ondorioztatu duenez, ikertutako teknikak hobetu egiten du aztergai den minbizi-mota hori duten gaixoen gongoilen egoeraren azterketa. Gongoil zentinela detektatzeak erraztu egiten du kaltetutako zonaldearen bilaketa. Patologoak gongoil-kopuru murritzagoa azter dezake horrela, eta horien gainean kasuan kasuko teknikak baliatu, mikrometastasien eta isolatutako tumore-zelulen diagnosi zehatzagoa lortzeko. Gainera, erresekzioaren ondoren geratutako erradioaktibitate-hondarrek ere detektatu ditzakete gongoil txikiak; bestela ikusezin izango ziren gongoilak, hain zuzen.

Hala ere, teknika horrek zenbait muga dituela zehaztu du ikertzaileak. Adibidez, nekez identifikatzen ditu tumoretik oso gertu dauden gongoil linfatikoak. Zonalde horretan, tumorearen erradiazioari gehiago antzematen zaio gongoil linfatikoenari baino (shine through efektua). Ezinezkoa da tumorearen ondoko lobuluen barrualdeko gongoiletan erradioaktibitatea indibidualki neurtzea, eta horrek eragin ditu bi negatibo faltsuak.

Egileari buruz

Naia Uribe-Etxebarria Lugariza-Aresti (Bilbo, 1977) Medikuntzan lizentziatua eta doktorea da. Jaime Mendez Martinen (UPV/EHUko Kirurgia katedraduna) eta Joaquin Jose Pac Ferrer doktorearen (Gurutzetako Kirurgia Torazikoaren zerbitzu-burua) zuzendaritzapean idatzi du tesia, eta UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Kirurgia, Erradiologia eta Medikuntza Fisikoa Sailean aurkeztu du. Gurutzetako Ospitalean egin du ikerketa. Gaur egun, ospitale horretako Kirurgia Torazikoko alboko mediku espezialista da Uribe-Etxebarria.

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, Naia Uribe-Etxebarria Lugariza-Aresti., Naia Uribe-Etxebarria Lugariza-Aresti
  • Puntzioa tumorearen koadranteetako batean., Naia Uribe-Etxebarria Lugariza-Aresti
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: