#GaiNagusiak

Pinus generoko landareen klonak ekoiztean inoiz deskribatu den optimizaziorik handiena lortu du Neiker-Tecnaliak

Noiz argitaratua: 11/04/19 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak #Ingurumena #Teknologia
 Pinuei aplikatutako bioteknologia (2).

Hautatutako Pinus generoko indibiduoak in vitro ekoizteko erreminta bioteknologiko berriak garatzen dihardu Neiker-Tecnaliak (Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea). Teknologia-zentro horretako ikertzaileek Pinus radiata, Pinus pinea, Pinus pinaster eta Pinus sylvestris espezieen zenbait ugalketa-teknika garatu dituzte, ehunen hazkuntzaren bitartez. Metodologia horiei esker, klon-material ugari lor daiteke, eta hobetze genetikorako programetan, esperimentazioan eta merkatu-eskaeraren araberako basoberritze-programetan erabili.

Paloma Moncaleanek zuzentzen duen ehunen hazkuntzarako taldeak egin du ikerketa, Neiker-Tecnaliaren hobekuntza genetikorako programaren barruan. Erreminta bioteknologikoak garatzea eta hobetzea izan dute helburu nagusi, enbriogenesi somatikotik abiatuta Pinus radiata D. Don espeziearen (intsinis pinua ere baderitzo) klon-materiala lortzeko. Zelula asexualetatik abiatuta enbrioiak garatzean datza teknika hori. Estimulu baten ondoren, zelulok utzi egiten diote ordura arte azaleratzen ari ziren geneak espresatzeari, eta sexualak balira bezala jokatzen hasten dira. Hala, genetikoki berdin-berdinak (klonak) diren indibiduo berriak sortzeari ekiten diote.

Itziar Montalbanen doktore-tesiaren parte da lan hori guztia, eta enbriogenesiaren fase guztiak optimizatzea ere badakar. Horri esker, 1.600 plantula lortu dituzte enbriogenesi-ehunaren gramo bakoitzeko. Pinus generoan inoiz deskribatutako emaitzarik onena da.

Klonazio bidezko basogintzarako programak

Azken horri eta taldeak lortutako beste datu batzuei esker, bidea urratu da klonazio bidezko basogintzarako programak ezartze aldera; horixe egiten dute Zeelanda Berrian, Kanadan eta basogintzaren alorrean aurreratuta dauden beste zenbait herrialdetan. Gainera, enbriogenesi somatikoaren prozesu horrek aukera ematen du landare-ehunen kriokontserbaziorako. Horri esker, hautatutako ehunaren germoplasma-bankuak sor daitezke, bai eta horietatik abiatuta landareak lortu urteak igarota ere.

Teknika horiek guztiek zuzeneko lotura dute errentagarritasun ekonomikoarekin eta basoen kudeaketa jasangarriarekin. Izan ere, etorkizunera begira germoplasma gordeta, kalitate handiagoko landareak lor daitezke, bai eta desagertzeko arriskuan dauden indibiduoen eta espezieen ugalketa eta kontserbazioa ere.

Bioteknologia basoetan

Basoak kontserbatzeko eta hobetzeko proiektu ugari burutu dira azken hamar urteotan. Helburu ekonomikoa dute, oro har, proiektu horiek: basoen ekoizpena (eta batez ere koniferoena) kuantitatiboki zein kualitatiboki hobetzea. Basoak hobetzeko programekin besterik ezin da lortu hori, baina eragozpen bat izan ohi dute: lortu nahi diren karaktere horiek ezin dira ebaluatu zuhaitzak heldu arte. Gazte izatetik heldu izatera igarotzen direnean zenbait aldaketa fisiologiko eta morfologiko izaten dituzte. Horren eraginez, galera bortitza izaten dute ohiko bide asexualen bitartez birsortzeko duten potentzialari dagokionez. Horregatik, ugaltze-teknika tradizionalak (txertoa, ziriztatzea, etab.) eta erreminta bioteknologiko berriak (in vitro hazkuntza, kasu) konbinatzen dituzte adituek.

Hamarkada batzuetatik hona, zenbait enpresa multinazionalek (ArborGen, Genfor, Mininco, Weyerhaeuser) zein espainiarrek (Agromillora Catalana, Cultesa, Vitrotech Biotecnología Vegetal) erreminta bioteknologikoak aplikatu eta garatu dituzte, merkatuaren eskaeraren arabera hautatutako klon-materiala lortzeko.

Nazioarteko zenbait enpresa ari dira erreminta teknologikoak garatzen, klon-materiala lortzea helburu. Hori dela eta, balio kualitatibo edo kuantitatiboen arabera hautatutako landare-ehunen hazkuntza-teknikak garatzeari ekin zion Neiker-Tecnaliak duela urte batzuk. Gaur egun, elkarlan estuan dihardu Invitrotek euskal enpresarekin (balio erantsia duten landareen in vitro ekoizpenean espezializatuta dago).

Baso-masa Espainian

CO2-aren eta berotegi-efektua eragiten duten beste gasen isuriak egonkortzea da Nazio Batuen Erakundearen Klima Aldaketari buruzko Esparru Hitzarmenaren helburu nagusietako bat. Kyotoko protokoloak gobernuak estutu ditu, baso-azalera handitzeko eta baso-sistemen eraginkortasuna hobetzeko. Espainiari dagokionez, Baso Planak ere islatu du baso-eremuak handitzeko beharra, desertifikazioa saihestea eta etetea helburu. Espainiako baso-azalera 26 milioi hektarea da, lurralde osoaren % 52. Horren harira, koniferoek ezinbesteko rola betetzen dute ekologiaren zein basoen ikuspuntutik.

Pinuen zazpi espezie autoktono daude Espainian. Horien artean, Pinus radiata espezieak baino ez du presentzia nabarmena. Sei milioi hektarea hartzen ditu, eta etorkizunean gora egingo du azalera horrek, datorren hamarkadan 1.000 milioi zuhaitz berri landatzea baita Baso Planaren helburuetako bat.

Informazio osagarria

  • Pinuei aplikatutako bioteknologia (2)., Tecnalia
  • Pinuei aplikatutako bioteknologia., Tecnalia
Pablo Melchor

Egilea: Pablo Melchor (MBN Comunicación, S.A.)

Laguntzailea: