#GaiNagusiak

Arrantza sektorearen energia-eraginkortasuna hobetzeko bi sistema aurkeztu ditu Azti-Tecnaliak

Noiz argitaratua: 11/04/19 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak #Teknologia
 Azti-Tecnalia Sinaval-Eurofishing 2011 azokan.

Arrantza-sektorearen energia-eraginkortasuna hobetzeko bi teknologia aurkeztu ditu Azti-Tecnalia zentro teknologikoak Sinaval-Eurofishing 2011 Espainiako arrantza-sektorearen azokan. Itsasontzietako erregai-kontsumoa kudeatzeko sistema bat eta arrantza-aparailuen monitorizazioa eta ordenagailu bidezko simulazioa egiteko sistema bat aurkeztu dituzte, hain zuzen ere.

Arrantza-sektorean saihestu ezin den gaia da itsas baliabideen eta sektorearen beraren jasangarritasuna bermatzen dituen arrantza-jarduera egokia egitea. Testuinguru hori eta energiaren prezio altuak kontuan izanda, berrikuntza teknologikoko programa bat garatzen dihardu Azti-Tecnalia zentro teknologikoak. Helburua da arrantza-ontzien energia-kontsumoa eta arrantzaren ustiapena optimizatzea, arrantza arduratsu bat egiteko.

Arrantza-ontzien erregai-kontsumoaren neurketa eta kudeaketa

Azti-Tecnaliak “Gestoil” sistema erakutsi zien Sinaval azokara hurbildu zen publikoari. Teknologia merkea eta erabilerraza da; erregaia aurrezteko aukera ematen du, arrantza-patroiek haren erabilera aktibo eta trebea eginez gero.

“Gestoil” tresnari esker, itsasontziko patroiak aldiuneko erregai-kontsumoa ikus dezake, eta, horrenbestez, kontsumo hori optimizatzeko moduan egon daiteke. Sistema hori erabilita, erregai-kontsumoa % 25 aurreztu daiteke xaxiango arrantza-ontzietan (beste aparailu batzuk ere erabiltzen dituzte horiek), % 10 inguru atunaren amu bidezko arrantzan, eta % 2 eta % 9 bitartean arraste-arrantzan. Gainera, teknologia horrek abantaila nagusi bat du: merkea da. Halaber, arrantza-flotaren segmentu guztietan aplika daiteke.

Arrantza-ontzi bakoitzarentzako berariazko kontsumo-eredu bat du “Gestoil” sistemak bere softwarean. Horrenbestez, zehaztasun handiz aurreikus daiteke ibilbide jakin batean erabiliko den erregai-kantitatea, eta horrek ordezko kontsumo-praktikak aztertzeko aukera ematen du.

Monitorizazioa eta simulazioa arrantza optimizatzeko

Arrantza-aparailuan txertatutako zenbait sentsoreren bidez, arraste- eta inguraketa-arrantzaren funtzionamendurako oinarrizkoak diren parametroen monitorizazioa egiteko sistema bat ere aurkeztu zuten Sinaval azokan. Sentsore horiek, besteak beste, denbora errealean sareen geometriari (dimentsioak, irekidurak, zabaltzeak), dinamikari eta ur-azalarekiko edo itsas hondoarekiko duten posizioari buruzko informazioa eskaintzen dute. Parametro horiek aukera ematen dute arrantza-aparailuaren funtzio dinamikoari buruzko ikerketak egiteko eta optimizatzeko, eta, ondorioz, arrantza arduratsuago bat lortzeko. Ikerketa horiek arrantzaleentzako lagungarri izan daitezke. Bestalde, arrantza-aparailuen monitorizazioari esker, jarduera horien energia-kontsumoa optimiza daiteke, bereziki arraste-arrantzaren modalitatean.

Monitorizazio-sistemarekin batera, arraste- eta inguraketa-arrantzen funtzionamenduaren inguruko simulazioak egiten ditu ordenagailuan Azti-Tecnaliak. Horrek guztiak aukera ematen du arrantza-modalitate horien jarduera zehatz-mehatz ezagutzeko eta hobetzeko, arrantza-kondizio errealetan itsasoan baliozkotzea egin aurretik. Halaber, tresna eraginkorra da arrantzaleak etengabe prestatzeko zein arrantza-sektorean lan egiteko prestatzen ari diren pertsonei laguntzeko.

Informazio osagarria

  • Azti-Tecnalia Sinaval-Eurofishing 2011 azokan., Tecnalia
Pablo Melchor

Egilea: Pablo Melchor (MBN Comunicación, S.A.)

Laguntzailea: