#GaiNagusiak

Lagin oso degradatuekin ere DNAren bidezko identifikazioa egiteko erreminta garatu dute

Noiz argitaratua: 11/04/12 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak #Lurraren zientziak #Teknologia
 Tesiaren egilea, Adrian Odriozola Martinez.

Oso degradatuta dagoen DNA izaten da askotan pertsonen identifikazioa egiteko eta ahaidetasunak aurkitzeko material biologiko bakarra. Kasu horietan, DNAren bidezko identifikazioa egiteko erabili ohi diren kitek ez dute emaitza positiborik ematen. Izan ere, ez da DNA guztia erabilgarri egoten, eta dagoena zatituta egoten da. DNA-zati txiki horien bidez pertsonak identifikatzeko erreminta garatu du Adrian Odriozola biokimikariak, Desarrollo de herramientas moleculares para el análisis de muestras de ADN altamente degradadas (Erreminta molekularren garapena degradazio handia duten DNA-laginen analisirako) izenburupean UPV/EHUn aurkeztu duen tesian.

Zehazki, STRak (short tandem repeat) deritzen sekuentziak erabili ditu Odriozolak erreminta garatzeko. Behin eta berriz errepikatutako DNA-zati txikien sekuentziak dira STRak, eta oso baliagarriak dira pertsonak bereizteko, batetik bestera aldatu egiten baita sekuentzia horien kopia-kopurua. STRaren azterketan oinarritzen dira, hain zuzen, Odriozolak ikertu dituen eta gaur egun auzitegi-genetikan baliatzen diren kitak. Baina DNA degradatuta dagoenean huts egiten dutenez, halakoetan ere STRak aztertu ahal izateko bidea garatu du ikertzaileak. Ikerketa-lerro horri esker, zenbait artikulu argitaratu ditu tesi-egileak UPV/EHUko beste ikertzaile batzuekin batera, hala nola International Journal of Legal Medicine aldizkarian. Gainera, unibertsitateak bi patente eskuratu ditu.

Sekuentzia motzagoekin lanean

DNA bidezko identifikazioa egiteko, ezinbestekoa da, aurrena, aztertu beharreko zatiaren milioika kopia egitea (anplifikazioa); kasu honetan, STRen kopiak. PCR (polimerasaren kate-erreakzioa) izeneko teknikaren bitartez egiten da hori. PCRak funtziona dezan, STR-sekuentzia bakoitzaren bi muturrei abiarazleak atxiki behar zaizkie. Hala, PCRa egindakoan, STR-sekuentziaren beraren eta bi abiarazleek harrapatuta geratu diren muturretako sekuentzia-zatien kopiak lortzen dira. Garatutako erremintan, aurrez zeuden abiarazleen diseinua hobetu du Odriozolak. Hala, abiarazleen artean dagoen STRaren muturretan geratzen diren sekuentzia-zatiak ohiko tekniketan baino motzagoak dira (miniSTR esaten zaie, STRaren gaineko fokua gertuago jartzen baita), eta, hala, aztertu beharreko DNA zatituta egonda ere lor daiteke identifikatzea.

Lagin bereko zenbat eta STR gehiago aztertu, orduan eta doitasun handiagoz ezagutu ahal izango da zer pertsonari dagokion lagin jakin bat. Bada, 14 eta 11 miniSTR aztertzeko erremintak (abiarazleak) garatzea lortu du Odriozolak, elkarrekin konbina daitezkeen bi kiten bidez. Kitak garatzeaz gain, hauen balioztatze-prozesuan frogatu du oso degradatuta dagoen DNAn ere identifikazioa egiten dutela. Garrantzitsua da hori, orain arte gutxitan lortu baita halako erreminta bat balioztatzea, eta auzitegi-genetikako tresneriak erabat fidagarria izan behar du ontzat emateko.

Mutazioak bilatzeko metodologia

Abiarazleak ezin dira edozein tokitan egon: ezinbestekoa da STRen muturretan geratzen diren zatietan mutaziorik ez egotea. Izan ere, abiarazleak ezin zaizkio atxiki pertsona batetik bestera aldakorrak diren sekuentzia-zatiei (pertsona bat beste batengandik bereizten lagun dezakeen informazioa galduko litzateke hala, abiarazleek harrapatuta). Halakoak saihesteko, toki horietan mutazioak bilatzeko metodologia ere garatu du Odriozolak bere tesian, DHPLC izeneko teknologiaren bitartez. Gainera, metodologia orokorra garatu du, edozein mutazio-mota bilatzeko baliagarria. Hala, auzitegi-genetikari ez ezik, beste diziplina genetikoei ere aplika dakieke (herentziazko gaixotasunen alorrari, adibidez).

Tesian garatutako STRen analisiari eta mutazioak bilatzeko metodologiari esker DNAri buruzko datu are zehatzagoak lor daitezke, pertsonen identifikazio positiboa egite aldera. Horrenbestez, Odriozolak azaldu duenez, bi erremintok konbinatzea eraginkorra izan daiteke ahaidetasun-proba oso konplexuetan emaitzak eskuratzeko.

Egileari buruz

Adrian Odriozola Martinez (Donostia, 1982) Biokimikan lizentziatua eta Auzitegi Genetikan doktorea da. Marian Martinez de Pancorbo Zelulen Biologiako katedradunaren zuzendaritzapean idatzi du tesia, eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Sailean defendatu du. UPV/EHUn bertan burutu du ikerketa, Eusko Jaurlaritzaren beka batekin, eta Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorrek (SGIker) eskainitako baliabideek lagunduta. Gaur egun, Odriozolak Lege Medikuntzako ikertzaile gisa dihardu lanean, Cantabriako Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko Fisiologia eta Farmakologia Sailean.

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, Adrian Odriozola Martinez., Adrian Odriozola Martinez
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: