#GaiNagusiak

Karbono-nanopartikuletan oinarritutako material berriak

Noiz argitaratua: 11/04/06 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia

Karbono-nanopartikuletan oinarritutako material berriak ikertzen dihardu Tekniker-IK4 zentro teknologikoak Europako proiektu batean. Material berri horiek automobil-industrian eta/edo eraikuntzaren sektorean erabili nahi dituzte.

Gidariaren oina detektatzeko gai den balazta-pedal bat, marradurekiko iraunkorra den eta bere kabuz konpontzen den ibilgailuentzako pintura, bere kabuz lubrifikatzen diren motoreen osagaiak, kostu baxukoa eta suarekiko iraunkorra den eraikuntza-panela edo apar isolatzaile bat. Horiek dira karbono-nanopartikuletan oinarritutako balio erantsi altuko material berri horiek izan ditzaketen zenbait aplikazio. Ikerketa-lan horretan dihardu, hain zuzen ere, Tekniker-IK4 zentro teknologikoak, CarbonInspired Europako proiektuaren barruan.

Ezaugarri hobetuak dituzten material berriak dira. Tamaina nanometrikoko materialek ezaugarri (mekaniko, elektriko, magnetiko, optiko eta abar) bikainak eta paregabeak dituzte. Horrenbestez, hainbat sektoretan erabil daitezke.

Proiektua aurten abiarazi dute, eta Tekniker-IK4 zentro teknologikoaz gain, beste erakunde hauek ere parte hartzen dute: Galiziako automobilgintza-zentro teknologikoa (CTAG), Material Plastikoen Ikerketa Erakundea (AIMPLAS), Aveiro Unibertsitatea (Portugal) eta Bordeleko Institutu Politeknikoa (Frantzia).

Hamaika aplikazio dituen ikerketa-alorra sustatzea ez ezik, proiektuaren helburuetako bat ere bada automobil-industriaren eta eraikuntzaren sektoreetarako material horien aplikaziorako Espainiaren, Portugalen eta Frantziako hegoaldearen artean transferentzia-sare bat sortzea.

CarbonInspired proiektuaren bidez I+G+B zentro publikoen eta pribatuen elkarlanerako sortutako sareak ezagutza enpresetara transferitzeko aukera emango du. Halaber, Europako hego-ekialdeko enpresei aholkularitza emango die, bereziki, enpresa ertain eta txikiei, produktu eta prozesu berriak garatzeko.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Tekniker-IK4
Javier Urtasun

Egilea: Javier Urtasun (Guk)

Laguntzailea: